Osakidetzan greba eguna dute gaur

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu; larrialdi-zerbitzuek eta Etengabeko Arreta Guneek ohiko langileen % 100 izango dituzte.
Osakidetzan greba eguna dute gaur
Urriaren 21ean Eibarko Torrekua zentroan eginiko elkarretaratzea. Argazkia: Gudiel Abanda (Cadena SER Eibar)
2026/10/30 09:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gaur, urriaren 30ean, greba eguna dute Osakidetzan. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute lanuztea, lan-baldintzen akordio berria negoziatzeko aurrerapauso nahikorik ez dela izan salatzeko. Besteak beste, soldata-proposamen bat aurkezteko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko eskatu diote Osakidetzaren zuzendaritzari.

Gutxieneko zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu greba egunerako, osasun-arreta bermatzeko. Ospitaleetan, jaiegunetan egon ohi den langile kopuru bera izango da lanean, eta ospitaleratutako pazienteen arreta bermatuko dute.

Lehen Mailako Arretan, larunbatetako ohiko zerbitzua emango dute, egun horretan lan egin ohi duen langile kopuruarekin. Larrialdi-zerbitzuek eta Etengabeko Arreta Guneek (EAG) ohiko langileen % 100 izango dituzte. Osasun-erakunde integratuetako telefono bidezko arreta-zerbitzuek, berriz, ohiko langileen % 50 izango dituzte.

Horrez gain, dialisi-prozesu guztiak eta aurrez programatutako minbiziaren aurkako tratamenduak bermatuko dituzte. Halaber, atzeratzeak pazienteen bizitza edo osasuna arriskuan jar dezakeen prozedurak egingo dituzte.

Gaurko greba abenduan egingo dituzten beste lau lanuzteren aurrekaria da: hilaren 9an Araban, 10ean Bizkaian, 11n Gipuzkoan eta 14an Osakidetza osoan.