Teresa Aranguren: “Palestinako emakumeei buruzko estereotipoak apurtzen ahaleginduko naiz”

Teresa Aranguren: “Palestinako  emakumeei buruzko  estereotipoak apurtzen  ahaleginduko naiz”
2016/02/12 12:03
eta kitto!
Datorren astean Gazako emakumeen egoeraren berri emango du Ekialde Hurbilean 20 urte beharrean eman dituen Teresa Arangurenek, eguaztenean 19:00etatik aurrera Portalean. Horren harira, UNRWA Euskadi elkartekoek "Palestinako emakume errefuxiatuen bidai luzea: Gazako zerrendatik begiradak" izenburuko argazki erakusketa zabaldu dute gaur. Otsailaren 28ra arte Portalean ikusgai egongo da ohiko ordutegian, martitzenetik domekara bitartean 18:30etik 20.30era. Taldeekin bisita gidatuak egiteko aukera dago, euskadi@unrwa.es helbidera idatzita edo 944 346 731 telefono zenbakira deituta.

Teresa Aranguren Amezola (Artziniega,  Araba, 1944) 1980an ekin zion kazetaritzari; 1981ean Mundo Obrero, PCE alderdi  komunistaren argitalpenerako korresponsal lanak egiten hasi zen eta, besteak beste,  Israelek Libanon egindako inbasioari buruzko informazioaren berri ematen ibili zen.  Interviu aldizkarirako eta El Independiente egunkarirako ere jardun zuen beharrean,  Teheranen, Iran-Irak gerraren berri ematen. Libanoko argazkilari bat salbu, korrespontsal guztien artean emakume bakarra izan zen. 1989az geroztik, 15 urtez Telemadrid  telebistarentzat jardun zuen Ekialde Hurbileko berriemaile berezi moduan. Horrekin batera gerra ugariri jarraipena  egiten ibilitakoa da; besteak beste, Golkoko gerran eta Balkanetakoan egon zen (bigarren kasu horretan, gainera, gatazkari buruzko  informazioa eman zuen Espainiako lehen telebista berea, Telemadrid izan zen).  Caballo de Troya-rekin "Palestina: El hilo de la memoria" eta "Olivo Roto: Escenas de la ocupación" liburuak eman ditu argitara. RTVE-n, administrazio batzordeko kidea da, IU-ICV alderdiak izendatuta.


- Zer azaltzeko asmoa duzu datorren asteko hitzaldian?
Emakumeak eta Palestinari buruzko jardunaldiei lotutako hitzaldia izango da eta, beraz, gai nagusi horri helduko diot. Batez ere estereotipoekin apurtzen ahaleginduko naiz, asmoa hori da behintzat. Izan ere, Palestinako emakumeen inguruko gure begirada, kasu gehienetan, aurreiritziz beteta egoten da eta gauza bera gertatzen zaigu beste erlijio eta kulturei begiratzen diegun bakoitzean. Mendebaldean emakumeak perspektiba kolonial edo arrazistari jarraituta erabiltzeko, horren araberako interpretazioa egiteko joera daukagu, baina azken liburuan jaso dudan moduan, euren eta gure gizartearen arteko ezberdintasuna ez da horren handia, gauza askotan bat egiten dugu. Gizarte guztietan ematen dira aurrera egiten laguntzen duten prozesu positiboak eta atzerapausoak eragiten dituzten prozesu negatiboak, eta gizarte bat benetan ulertu nahi badugu lehenik eta behin horiek errespetatzen ikasi behar dugu. 1920. urte inguruan, adibidez, Palestinan bazeuden emakumeek bakarrik osatutako elkarteak eta, gainera, politikan parte-hartze handia zuten. Eta bestelako irudia emateko ahalegin guztien gainetik, horri eutsi diote gaur egunera arte.

- Zu zeu emakumea zaren aldetik, beharrerako orduan ezberdintasunik somatu duzu?
Gerra-korrenspontsalen mundua oraindik ere gizonena da eta, alde horretatik, emakume izateak zure inguruan jakinmin modukoa pizten du. Baina hortik aurrera, niretzat ez da sekula oztopo izan eta ez dit beharra egitea galarazi. Hala ere, gerrari buruz egiten den kazetaritzan begirada "femeninoa" egon badagoela uste dut, baina nik "femenino" deitzen dudana, arlo militarrari baino, gizabanakoei, sentitzen dutenari, bizipen pertsonalei… erreparatzen dion begirada litzateke. Urteetan beharrean ibili eta gero, begirada femenino hori gizon batzuetan aurkitu dudala esateko moduan nago. Eta, aldiz, emakume batzuen kasuan ez da horrelako begiradarik esistitzen. Ni neu, gerrari buruzko informazioa ematerakoan, parean nuen giza-drama helarazten ahalegindu naiz. Hau da, jendea ikusten zituen irudiekin identifakatuta sentitzea bilatu dut beti.

- Ekialde Hurbilean urteak eman dituzu, baina Balkanetan ere izan zinen. Bien arteko alde nabarmenik ikusi zenuen?
Balkanetan gertatutakoak antza handia dauka gerra zibil batekin. Palestinan gertatzen ari denaren jatorrian kolonialismo-sasoia dago. Eta ondoren Israelgo estatuak herri bat desagertarazteko ahaleginarekin lotutako gatazka bilakatu da. Baina indar biren arteko borroka dela saldu nahi diguten arren, ez da sekula horrelakorik izan, indar eta baliabideak erabat ezberdinak dira. Balkanetan, bestalde, aldeen inguruko tratamenduan ezberdintasunak oso nabarmenak izan ziren. Baina gerra horri lotutako sarraskirik handiena, zalantza barik, OTAN-ek egindako bonbardaketak izan ziren, lekuko zuzena izan nintzen. Ospitaletan, zibilez betetako tokietan… OTAN-ek botatzen zituen bonbak lehertzen ikusi nituen eta, hala ere, inori ez zaio burutik pasatzen horren inguruko erantzukizunik eskatzea.