Tomas Lizarazu: “Benetan mugitzen gaituena eszenatoki batera igo eta sortzen den energia bizitzea da”
Aurten ez dugu hilaren 23ra arte itxaron beharko San Juan jaiez ospatzeko. Izan ere, San Juan bezpera domekan izanik, gaurtik aurrera egongo da festarako aukera gure herrian. Horrela, maila handiko kontzertuak izango ditugu gaur, 21:30etik aurrera, Untzagan, Lilo eta Bulego taldeekin.
Taldea sortu zutenetik ibilbide arrakastatsua izan du Bulego taldeak. Azkoitiarren oihartzuna handitu egin da disko batetik bestera eta Euskal Herriko mugak gainditu dituzte. Tomas Lizarazu abeslariak Eibarren jotzeko gogoz daudela esan digu, jaiei hasiera emateko talde egokia izango delarik.
Eibartarrok zuen kontzertuaz eta jaien hasieraz gozatzeko gogotsu gaude. Nolako eskaintza ekarriko duzue?
Kontzertu asko ikusten egon gara Untzaga plazan. Plaza mitikoa da eta ilusio berezia egiten digu Eibarren jotzeak. Alde batetik, bertan jotzeagatik disfrutatu nahi dugu. Eta bestetik, abenduan ‘Aldatu aurretik’ izeneko diskoa kaleratu genuen eta Eibarren hasiko dugu diskoa aurkezteko udako kontzertuen sasoia. Beraz, kantu berriak kantu zaharrekin uztartuko ditugu. Guretzat Bulegoren kontzertuak ez dira eszenatokira igotzen diren lau musikarira mugatzen, beste barik. Ez. Zerbait gehiago eskaintzen saiatzen gara.
Nola?
Urtarrilean show berria prestatzen hasi ginen eta apustu handia egin dugu argiteria potentea ematearen eta soinua oso fin lantzearen alde. Estilismoan ere esfortzua jarri dugu. Beti saiatzen gara beste arlo batzuetan adituak diren jendearekin inguratzen. Barixakuan lan-talde horren guztiaren lanaren emaitza ikusiko da eta ikusleak etxera itzultzean saiatuko gara pentsa dezatela ez dutela kontzertu bat ikusi, zerbait gehiago baizik.
Askotan, publikoak nola pasako duen azpimarratzen dugu, baina zuek nola saiatzen zarete pasatzen eszenatoki gainean zaudetenean?
Ni neu momentua gozatzen saiatzen naiz. Askotan, adrenalinarekin eta jendearen konexio horrekin, kontzertuak segituan pasatzen dira, eta konturatzen naiz ez naizela presente egon, gitarra jotzen kontzentratuta egon naizelako, abesten edo dena delakoagatik. Azkenean musikariak gara hau gustatzen zaigulako. Oso polita da estudioan sartzea eta abestiak sortzea, koadernoa hartu eta letrak idaztea, baina benetan mugitzen gaituena eszenatoki batera igo eta hor sortzen den energia bizitzea da. Niretzat dena emateko eta gozatzeko momentua izaten da. Baina, esan bezala, adrenalinarekin dela-eta batzuetan ez zaude presente, momentua pasatzen da eta pena ematen dit. Bira honetan kontzertu bakoitza disfrutatzen saiatzen ari gara eta lortzen ari garela uste dut. Udara eta plaza handiak hasten diren honetan, oraindik eta gehiago saiatu behar gara disfrutatzen eta, dena emateaz gain, momentua gozatzen.
Mota guztietako plazatan, aretoetan eta eszenatokitan jo duzue. Nola egokitzen zarete toki batean edo bestean jotzeko?
Teknikoki moldatu beharra dago. Adibidez, urte amaieran Japonian egon ginen eta ez da gauza bera Japonian edo Eibarren jotzea. Bulegon lau urte eta erdi daramatzagu, ez da ibilbide luzea, baina aurretik musikaren munduan urte asko ibili gara eta badugu edozein egoeratara moldatzeko esperientzia. Bestalde, polita izaten ari da Bulegok hainbat gauza bizitzeko ematen digun aukera. Alde batetik, plaza handietan jotzeko aukera dugu, Eibarren adibidez, jende askoren aurrean; eta era berean, Galiziara joaten gara eta bertan dauden 40-50 lagunak konbentzitu behar ditugu. Horrek hankak lurrean jartzen dizkigu. “Ondo zoazte, baina oraindik lan asko dago egiteko”, eta horrela izan dadila. Kontraste hori bizi ahal izatea polita da. Egoera horiek plaza handietan eta teknikoki egoera erosoak daudenan gehiago gozatzeko aukera ematen digute. Eibarkoa gozatzeko kontzertua izango da. Guretzat gozamena da horrelako toki batera joatea, teknikoki erraztasunak izatea eta eszenatoki txukun batean jotzea. Bira honetan toki txikiagoetan ere jo dugu. Izan ere, biraren hasieran Bruselan eta Parisen jo genuen, eta gero Madrilen, Bartzelona eta Galizian egon gara. Beraz, eszenatoki txiki horietan egon eta gero, Eibarrera joatea gozamena izango da.
Euskaraz egin eta zuen musika Euskal Herritik haratago eraman duzue. Musikak ez du mugarik?
Naturaltasunez egiten dugu euskaraz. Badu pixka bat militantziatik edo aktibismo linguistikotik, baina euskaldunak garelako egiten dugu euskaraz. Letra sortzen hasten naizenean, ideiak euskaraz etortzen zaizkit. Sentimenduak adierazteko modua hori da. Badago aurreiritzi multzo bat gehien bat Euskal Herritik irteten garenean, baina Euskal Herrian ere bai. Uste dut jendeak pentsatzen duela euskaraz egiteak ateak ixten dituela eta mugatu egiten gaituela. Zortea edukitzen ari gara, Bulego justu kontrakoa erakusten ari zaigulako. Beti jartzen dut adibide bera: aurreko urte amaieran Japoniara joan ginen bira egitera, gure proiektuarekin, euskaraz abestera. Hau da, ez genuen inolako bertsiorik egin hangora egokitzeko edo jendeak ulertzeko. Denak ematen zuen bertara joan eta jendeak ez zuela ezer ulertuko eta ez zuela kontzertuarekin konektatuko, baina justu kontrakoa gertatu zen. Euskaraz egite hutsak jendeari atentzioa ematen zion eta deigarria egiten zaitzaion. Kontzertu amaieran hizkuntza hori zer zen, euskara eta gu nondik gentozen eta gure kultura zein zen galdetzera etortzen zitzaigun jendea. Urrutira joan behar izan dugu euskarak ateak ixten ez dituela jakiteko. Gure kasuan, behintzat, ateak ireki dizkigu eta gauza polita da hori bizitzea.
2019an taldea sortu zenutenetik demaseko arrakasta izan duzue. Nola kudeatu duzue hori guztia?
Alde batetik, eskerrak ematen saiatzen gara. Izan ere, lan mordoa dago honen guztiaren atzetik, baina badago faktore bat gure eskuetan ez dagoena: zortea (edo bakoitzak deitu diezaiola nahi duen bezala). Uste dut pribilegiatuak garela bizitzen ari garena bizi ahal izateagatik. Musikara dedikatzen ari gara, gure proiektuarekin bidaiatzeko aukera izaten ari gara, toki eta jende mordoa ezagutzeko aukera dugu proiektu honi esker, eta horretaz guztiaz jabetzen saiatzen gara. Egia da gauza on pila bat dituela, baina baditu gauza ez hain atseginak edo ohikoak ere. Izan ere, hein batean, Euskal Herri mailan batez ere, famaren kontrapuntu hori ere badago. Azkenean, zure intimitatearen zati bat galtzen duzu. Adibidez, hondartzara zoaz eta argazki bat eskatzen dizute, eta agian familiarekin zaude. Horrelako egoera arraroak bizitzen ditugu, baina musika talde ezagun baten parte izatearen ‘pack’-ean datorren gauza bat da. Hori bai, jendea oso jatorra dela azpimarratuko nuke, momentuz ez dugu esperientzia txarrik eduki, justu kontrakoa. Eskertzekoa eta polita da jendearen aldetik feedback hori jasotzea, eta egiten ari garen gauzek jendearekin konektatzen dutela ikustea.
Zuen sorreratik, disko bana argitaratu duzue urtero. Azkena 2023an izan zen. Aurten disko berria espero dezakegu?
Bulego hasi genuenetik konposaketa eta sorkuntza erritmoa frenetikoa izan da. ‘Aldatu aurretik’ diskoaren etapa bat itxi dugula sentitzen dugu. Gure konfort zonatik ateratzen saiatu gara. Abenduan kaleratu genuen eta oso esperientzia polita izan da. Egia da disko bat egiterakoan asko uzten zarela eta, barrua usteaz gain, fisikoki ere oso neketsua dela. Disko bat ez da musika bakarrik. Estilismoa, makilajea, irudia, diseinatzaile grafikoa... Lan-talde handia mugitu behar da eta neketsua da. Beraz, ‘Aldatu aurretik’ bira bizi behar dugula iruditzen zaigu, gozatu behar dugula, eta gero, sorkuntza etorriko da. Etengabe ari gara letrak eta kantuak sortzen, baina disko berriari arnas pixka bat eman behar diogula uste dugu eta, zerbait berria etortzen bada, barrutik irten zaigulako eta gorputzak eskatu digulako izan dadila. Ez dugu diskoak eta singleak kaleratzeko gurpilean sartu nahi. Musika eta sorkuntza prozesua zaindu behar direla uste dugu. Sorkuntza barrutik irteten den zerbait da eta guretzat sentimenduak azalarazteko modu bat da. Disko berriarekin egindako hustualdia eta gero, eta Bulego hasi genuenetik sortutako abestiak eta diskoak kaleratu ondoren, arnasa hartzea eta berriz ere esperientziaz betetzea behar dugula uste dugu, berriz ere beste lan bati begira hasi aurretik.