Trafikoan aldaketak izango dira asteburuan Eibarren, herri lasterketa eta futbol partida direla eta

Asier Cuevas lasterketa egingo dute zapatuan, eta domekan Eibarrek Cadizen aurka jokatuko du. Bi hitzorduek eragina izango dute errepideetan eta autobus geltokietan.
Trafikoan aldaketak izango dira asteburuan Eibarren, herri lasterketa eta futbol partida direla eta
2026/11/13 09:26
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Bi kirol hitzorduk trafikoan aldaketak eragingo dituzte asteburu honetan Eibarren. Zapatuan, azaroaren 14an, XIII. Asier Cuevas herri lasterketa egingo dute, eta domekan, hilaren 15ean, Eibarrek Cadizen aurka jokatuko du.

Zapatuko lasterketa 18:00etan hasiko da, eta hiriko hainbat kale zeharkatuko ditu: Toribio Etxebarria, Untzaga plaza, Fermin Calbeton, Plaza Barria, Bidebarrieta, Urkizu, Karmen, Barakaldo, Arragueta, Errebal eta Julian Etxeberria. Parte-hartzaileek hiru itzuli egingo dituzte ibilbidean.

Lasterketa dela eta, Mendarora eta Donostiara doazen autobusak ez dira Bidebarrietako geltokian geldituko 17:30etik 19:30era. Linea horietako erabiltzaileek Untzagako plazako edo Egogain kaleko geltokiak erabili beharko dituzte.

Domekan, berriz, 18:30ean jokatuko dute SD Eibarrek eta Cadizek futbol partida. Partida dela eta, J.A. Mogel eta Indalezio Ojanguren kaleetako zenbait eremu seinaleztatuko dituzte.