Ekialdeko herritarrek Auzo Elkarteen Mahaia eratu dute, inguru horren alde auzolanean aritzeko
Azaldu zutenez, hiru auzo elkarteen artean koordinaziorako, lankidetzarako eta eztabaidarako gune bat sortu nahi dute: “Esperientziak trukatu, bateratutako ekimen berriak garatu, eta horien jarraipena egiteko ere, auzotarren benetako kezkei eta degradazioari erantzun nahian. Azken urte hauetan Eibarko ekialdeak pairatzen ari den denda, zerbitzu eta bizi-kalitate galera nabarmenari aurre egitea nahi dugu”.
Asmo horrekin, hiru elkarteek “Auzoko Elkarteen Mahaia” izenekoa eratzea erabaki dute. Agerraldian esan zutenez, “ziur gaude funtsezkoa dela lan integrala planifikatzea, epe labur, ertain eta luzerako helburu komunak lortzeko gure ahaleginak bateratzeko, ekialde osoaren mesedetan. Zona honek bere ingurunea txukuntzeko, dauden eraikin asko birgaitzeko eta osatzen duten auzoak, oro har, birsortzeko premia handia du”.
Horren harira, herriaren ekialde osora zabaldu den “abandonu-egoera” salatu nahi dute, “eta gure hiriaren benetako biziberritzea eskatzen dugu. Gainera, Udalari gardentasuna eta parte-hartzea eskatzen dizkiogu, gure auzoetako obra garrantzitsuenetan. Euskadiko Auzitegi Nagusiak geldiarazi zuen Txontan 1.100 etxebizitza eraikitzeko proiektua, eta esperientzia horrek balio behar digu akats berberak berriro ez egiteko. Gaur egun, birgaitzeak egiten ari dira ekialdeko hainbat etxetan, eta auzotarrak dira horiek aurrera eramaten ari direnak. Eibarko Udala ez da ingurua hobetzen edo txukuntzen ari”.
Herriaren behealdeko kaleak horren kaltetuta egotearen erantzukizuna Udalarena dela diote, “ez dituelako gauzak ondo egin”. Hori dela eta, “gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua” egiten dute, gatazkak bideratzeko tresna gisa: “Txontan egin zen erreferenduma eta horren emaitza ez errespetatzeak, Udalaren interesen aldekoa izan ez zelako, ez dio instituzioen sinesgarritasunari laguntzen. Gure ustez, herritarren parte-hartzea eraginkorra izan dadin, entzuteko borondatea egon behar da, eta ez da hori udal honetan aurkitzen ari garena”. Zentzu horretan, proiektuen inguruko informazioa eskuratzeko oztopoak jartzen dizkietela ere salatu dute.
Agerraldian argi laga nahi izan zutenez, “hiru elkarteetako bat ere ez gaude alderdi politiko bati lotuta”. Herri-mugimendu gisa auzoaren alde lan egiten jarraitu nahi dutela azpimarratu zuten: “Hiru elkarteetako bi, Eibarko Hirigintza Plangintzako Aholku Batzordeko kide gara. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra zaharkituta geratu da, erakundeen utzikeriagatik, eta 15 urte daramatza eibartarren beharretara egokitu gabe. Guzti honegatik, ziur gaude indarrak batzeko unea dela, eibartar askoren ahotsa entzun eta kontuan har dadin, ekintza bateratu eta koordinatuen aldeko apustu sendoa eginez”.
Amaieran hamar puntu hauek nabarmendu zituzten:
1.- Eibar Ekialdeko auzoek duela 20 urtetik pairatzen dugun abandonu-egoera salatzen dugu.
2.- Herritarren parte-hartzea gatazkak konpontzeko tresna gisa defendatzen dugu.
3..- Egun dagoen informazio instituzionala eskuratzeko jartzen dizkiguten oztopoak gaitzesten ditugu.
4.- Gardentasuna eskatzen dugu guri eragiten diguten hirigintza-prozesuetan.
5.- Sentitzen dugu gauzak ondo ez egitearen ondorioz jasaten dugun hondatzea.
6.-Txonta eta Errebal auzoak polemika handiak izan dira urte askotan, eta ez dira ondo atera. Ez dugu nahi Barakaldo gatazka enkistatua duen hirugarren auzoa izatea. Zentzugabekeria hori gelditzeko garaiz gaude.
7.-Eibartarrak guztientzako auzoak nahi ditugu, eta, ez etxebizitzen gainetik igarotzeko paseo bat.
8.- Udal gobernuaren utzikeriak ez ezik, Eibarri diogun maitasunak ere batzen gaitu. Min ematen digu komunikatu honetara iristeak.
9.- Ordezkari politiko guztiei eskatzen diegu: entzun eta kasu egin diezaguten.
10.- Eibarko gizarteari mobilizatzeko deia egiten diogu.