Txaltxazelaiko ur-txorroak itxita egongo dira behin-behinean, gorabehera tekniko baten ondorioz

Balbula baten akats mekanikoak uraren kalitate-parametroak aldatu ditu, eta, badaezpadako neurri gisa, instalazioa itxi dute. Beroari aurre egiteko, uretako puzgarriak jarriko dituzte asteburuan.
Txaltxazelaiko ur-txorroak itxita egongo dira behin-behinean, gorabehera tekniko baten ondorioz
2026/07/10 12:59
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Txaltxazelaiko ur-txorroak itxita egongo dira datozen egunetan, sisteman atzemandako gorabehera tekniko baten ondorioz. Udalak jakinarazi duenez, balbula baten akats mekanikoak uraren uhertasuna handitzea eta kloro askearen maila ezarritako parametroetatik kanpo geratzea eragin du. Horren aurrean, eta badaezpadako neurri gisa, instalazioa behin-behinean ixtea erabaki dute. Matxuratutako pieza dagoeneko ordezkatu dute, eta sistema egonkortuta dagoela azaldu dute.

Instalazioa berriro ireki aurretik, uraren uhertasuna murrizteko eta kloro askearen maila berriz ere ezarritako balioen barruan kokatzeko lanak egingo dituzte. Gainera, analisi mikrobiologikoak egiteko laginak hartu dituzte, eta emaitzak datorren barixakuan eta astelehenean ezagutaraziko dituzte. Azterketa horien bidez zehaztuko da, besteak beste, Escherichia coli (E. coli) edo Legionella bakteriorik dagoen.

Udalak azaldu duenez, txorrotak itxita mantenduko dituzte analisi horien emaitzak jaso arte eta urak ezarritako osasun-parametro guztiak betetzen dituela egiaztatu arte.

Uretako puzgarriak asteburuan

Tenperatura altuei aurre egiteko eta aisialdirako alternatiba eskaintzeko, txorrotak itxita dauden bitartean uretako puzgarriak jarriko ditu udalak. Zapatuan Urkizun izango dira, 17:00etatik 20:00etara, eta domekan Untzagan, harmailen alboan, ordutegi berean.

Azkenik, Udalak jakinarazi du unean uneko informazioa emango duela lanen bilakaerari, analisien emaitzei eta ur-txorroak berriro martxan jartzeko datari buruz, uraren segurtasun- eta kalitate-berme guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren.