“Txikitan ez nuen teleskopioekin jolasten”

“Txikitan ez nuen teleskopioekin jolasten”
2011/11/17 00:00
eta kitto!

-Nola amaitzen du zu bezalako eibartar batek Floridan? Zer da bertan egiten duzuna?


Ba egia esan orain dela urte batzuk ez nuke pentsatuko hemen egongo nintzenik, etxetik hain urruti eta Estatu Batuetan, demaseko zortea dela pentsatzen dut. Ameriketara etortzea nahi nuen astrofisikarekin jarraitzeko, eta Espainiako Instituto de Astrofisica de Canarias (IAC) eta Floridako Unibertsitateak duten kolaboraziotik sortutako beka bat lortu nuen hemen Astrofisikan Doktoretza egiteko.


-Noiztik zaude han? Non? Eta zenbat denborarako printzipoz?


2010eko abuztuan heldu nintzen Gainesville-era, Unibertsitatea (kanpusa) dagoen hirira, Florida erdi-iparraldean. Nire beka 4 urtekoa da baina normalean 5-6 urte behar izaten dira bukatzeko (beste beka batzuen bidez ordaintzen dizute), lehenengo 2 urte bitartean Master bat egin behar duzulako.


-Aurretik Tenerifen ikasi zenuen. Ez al da dena klima beroan bizitzeko aitzakia izango, ezta?


Beti esaten didate gauza berdina, eta alde batetik ez daude guztiz oker. Egia da niri klima beroagoak gustatzen zaizkidala, baina hori ez da arrazoi printzipala izan. 3 urtez Leioako Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nuen Fisika eta gero Tenerifera, La Lagunara, joann nintzen amaitzeko eta Astrofisikan espezialidadea egiteko Espainian horretarako lekurik onena delako. Gero, Floridan amaitu nuen kolaborazio horren bitartez, nire arloan lan egiteko oso leku garrantzitsua delako.


-Astrofisika ikasi duzu. Denbora asko izarretara begira txikia zinenean, ala?


Hori da, Fisikako karreran espezialitate moduan Astrofisika aukeratu nuen. Batzuetan Astronomia bezala entzuten da, baina ez Astrologia, azkenengo hau kartak irakurtzen daben iruzurgileak dira. Eta ez, ez naiz astronomo klasikoetakoa, ez nuen txikitan teleskopioekin "jolasten" eta gauero izarretara begira jartzen, batzutan puntito hori falta zaidala uste dot, baina ez gauza ez doa gaizki hala ere. Beti gustau izan zaizkit fisika eta matematikak, eta unibertsoari buruzko gauzak beti iruditu zaizkit intersgarriak, baina fisikako hirugarren urtearen amaieran erabaki nuen hori zela egin nahi nuena eta momentu hortan erabaki nuen Tenerifera jutea bapatean, "sin previo aviso" esaten den bezala. Eta orain hemen nago, ozeanoaren beste aldean.


-Kanpotik, behintzat, ez du karrera erraza denik ematen?


Arrazoia daukazu, ez da karrera erraza, baina ez da ezinezkoa den gauza ere. Gustatu egin behar zaizu eta argi eduki behar duzu momentu gogorrak etorriko direla eta ordu asko eman beharko dituzula ikasten, baina nik beti esan dut astrofisikoak pertsona normalak garela, ez gara superdotatuak, ezta frikiak ere (batzuk behintzat, jaja). Gertatzen dana da ez direla askotan kontzeptu sinpleak eta eguneroko bizitzan ikusten ditugunak, oso abstraktuak bihur daitezke eta matematikak interpretatzen jakin behar da. Gainera, teorien bidez eta laborategi batean ikus ez dezakegun gauzei buruz egiten da berba, eta hori zailtasun plus bat da.


-Zer da, gainetik, astrofisikak aztertzen duena?


Askok pentsatzen dute astrofisika zeruari begira egotea, eta konstelazioak ezagutzea eta izar guztien izenak jakitea dela, hau oso zati txiki-txiki bat den bitartean. Adibidez, nik hiruzpalau konstelazio baino ez dakizkit eta ez daukat teleskopiorikan etxean, magia moduko hori oin dala urte asko galdu da zientzia egiteari buruz hitz egiten dugunean, orain dena ordenagailu bidez egiten da. Astrofisikak aztertzen duena, izenak esaten duen moduan, astroen (planetak, izarrak, etab.) fisika da, zer gertatzen den horietan. Zergatik izarrak diren modukoak diren, zer gertatzen den euren barruan energia guzti hori edukitzeko, zer prosezu fisikok hartzen duen parte Eguzkian, Lurran, beste planetetan, etab. Bereziki zelan jaio diren eta zelan "hilko" diren, baina ez izarrak eta planetak bakarrik, baita Unibertsoan orokorrean parte hartzen duten fisika ikertzea. Eta gauza hauek teoria eta teleskopio eta satelite bidez aztertzen dira, datuak jaso eta eurekin "jolastu". Beste helmuga garrantzitsu bat Uniberstoa (izarrak, galaxiak, etab.) zelan jaio zen eta zelan eboluzionatzen duen ikastea da, zertaz eginda dagoen jakitea. Eta hau da niri gehien interesatzen zaidana: Unibertsoaren eta galaxien formazio eta eboluzioa, zelan eta zergatik diren gauzak diren moduan. Askotan Kosmologia deitzen diogu honi.


-Nolakoa da Floridako bizitza?


Ni bizi naizen hiriko bizitza nahiko lasaia da, eguraldia ona eta oso eguzkitsua. Batzuetan, ostera, aldaketa ikaragarriak egoten dira, bero asko, demaseko hezetazuna, bapateko 30 minutuko euri zaparrada itzela, izpi eta guzti, gero hotz galanta; baina ezin naiz kexatu, orokorrean oso gustora bainago. Ez da New York bezalako hiri haundi horietakoa, baina oraindik ez dut gehixegi ezagutzen Florida, ea hori aldatzen joaten naizen. Hori bai, honek ez dauka zer ikusirik Europarekin. Hamen dana demasa daz ez dago gauza txikirik. Unibertsitateko kanpusa Eibar bezain handia da, 50.000 ikasle inguru ditu eta autobusez joaten zara leku batetik bestera eta nire lantoki alboan Foball Amerikarreko estadiuma dago 90.000 ikusle ingururentzako tokiarekin. Foball unibertsitarioa da, unibertsitateko foball taldearentzat! Pelikuletan ikusten den bezalakoa da hau, bere gauza txarrak eta onak ditu amerikako bizitzak, baina oro har ez dago gaizki, batez ere gidatzeko, neretako hamen gidatzia gozada bat da, errepide handiak, auto handiak, primeran, jaja! Txarrena, hori bai, janaria, baina beno, ahal dana egiten da.


-Etxetik milaka kilometrotara egonda, sentitzen da herrimina?


Duda barik. Ni beti izan naiz eta naiz oso eibarzalea, baina urte asko daramatzat etxetik kanpo, lehenengo Tenerifen, gero Irlandan eta orain Amerikan, eta ez dut nire burua han ikusten, ez behintzat urte asko barrura arte. Oso gustora nabil kanpoan bizitzen, gauza eta jendea ezagutzen. Hala eta guztiz ere, beti botatzen da faltan etxeko zera hori eta ez dakit adinarengaitik edo zergaitik, baina hain urrun egonda gauza gehiago dakizkit Eibar, Euskadi, eta Espainiaz orokorrean han bizi nintzenean baino. Egunero emoten diet begirada bat hango egunkarieri eta ia astero gurasuekin egiten dut berba, eta beti nabil galdetzen aitari ea zelan doiazen gauzak handik politikan, foballian, etab. Eta ez hori bakarrik, nire hamengo etxeko egongelan Eibar eta Euskal Herriko ikurrina nahiko handi bana dauzkat paretean eskegita! Nik uste Amerikan hain sakon ikusten dozula abertzaletasun hori kontagiatu egin zaidala eta nire herriarengatik gehiago sentitzen dudala. Baina EEBBetan lan egitea, bereziki zientzia arloan, aprobetxatu beharreko aukera ezinhobea dela uste dut eta horretan gabiz. Hori bai, Eibar beti bihotzian eramanez!