Txosnagunearen inguruan Udalak hedabideetan esandakoari erantzun dio Jaixak Herrixak Herrixandakok

Aurreko asteko alean txosnaguneari buruz argitaratu genuen informazioaren harira, Jaixak Herrixak Herrixandakok “azken hilabeteotan gai honen inguruan Udalarekin izandako gorabeherak” azaldu nahi izan ditu, “hedabideetan irakurri behar izan ditugun gezur hauen aurrean” hainbat puntu argi lagatzeko.
Txosnagunearen inguruan Udalak hedabideetan esandakoari erantzun dio Jaixak Herrixak Herrixandakok
2024/02/22 16:01
eta kitto!

Erredakziora bidalitako idatziaren arabera, “iazko sanjuanen ostean, bertan egin berri diren obren ondorioz, txosnagunea bertatik mugitzeko beharra adierazi ziguten Udal ordezkariek, espazio horretan egindako aldaketek ez baitzuten baimentzen bertan txosnagunea modu egokian kokatzea”. Hori jakin eta, berehala, alternatiba bila hasi ziren, “eta 2023ko azaroaren 22an erregistratu genuen lehen aldiz txosnagunea kokatzeko egiten genuen proposamen dokumentua”. Harrezkero behin eta berriz udal ordezkariekin biltzen ahalegindu arren, otsailaren hasierara arte ez dutela lortu gogor kritikatu nahi dute.

JHH-tik diotenari jarraituz, “Kultura eta Gazteria zinegotziekin lehen bilera otsaila hasieran egin genuen, eta bertan, gure proposamenen inguruko azalpenik eman gabe, beste bi proposamen egin zizkiguten. Lehen proposamena, El Corte Ingles eraikinaren parean kokatzea izan zen, baina JHHko kideok berala lekuaren ezegokitasunaz ohartarazi genituen Udal ordezkariak, izan ere, zaharren egoitzaren parean kokatu nahi zuten txosnagunea, eta elkarbizitza erdigunean jarriz, ez zitzaigun batere leku egokia iruditu. Bigarren proposamena, berriz, aurreko urteetako tokian jartzea zen, baina aldaketa nabarmen batzuekin. Izan ere, egindako obren ondorioz, beheko aldean txosna bat gutxiago jarri daiteke, bertan jarritako komunak oztopatu ezin direla esan baitziguten, eta goiko aldean jarri ohi dugun txosna ere jarri ezingo genuela esan ziguten, haiek azaltzen ez zekizkiten arrazoi teknikoak medio”.

Proposatutakoaren inguruko balorazioa egin eta gero, “honen bideraezintasunaz jabetu” zirela diote: “Izan ere, JHHren egitarauaren ardatzetako bat eskaintza kulturala da, ia bere osotasunean Txaltxa Zelaiko kioskoan egiten dena, talde zein artista txikiei eszenatoki bat ematen saiatzen gara bertan. Badakigu goiko aldean txosnarik ez jartzeak eskaintza kultural honen publikoa asko murriztuko lukeela, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen, ez gure egitarauarentzat eta, batez ere, bertan parte hartzen duten musikari eta artistentzat”.

Harrezkero Udal ordezkariekin beste bi bilera egin dituzte, “gure zalantza eta arrazoiak azaldu eta beste alternatiba batzuk aztertzeko. Bilera hauetan, zinegotzien zein bertaratutako Udal langileen aldetik interes falta argia ikusi dugu, ez dute bileretara inongo proposamenik ekarri, are gehiago, momentuan inprobisatutako eta guztiz bideraezinak diren proposamen antzuak egin dizkigute (txosna eskilaren eta kioskoaren artean, pasabidea guztiz oztopatzen jartzea edo kontzertuak kioskoan goiko aldera beharrean beheko aldera begira ematea bezalakoak), gainera, goiko aldean txosna jartzea eragozten duten motibo teknikoen inguruko inongo informaziorik ez dute ekarri, bilera horietan alternatibak aztertzea ezinezko bihurtu duena. Hori gutxi balitz, gaia egoera honetan egonda, hedabideetan aurrez azaldutakoa publikatu dute, ez soilik prozesuaren inguruko gezurrak esanez, baita JHH bizikidetzaren aurkakotzat eta kapritxosotzat erakutsiz ere”.

Gauzak horrela, Udalari honako hau eskatu nahi diote: “Gaiari merezi duen garrantzia aitortu eta lehenbailehen konponbide errealak aztertzea. JHHko kideokin heldutasunez eta errespetuz jokatzen hastea. Gaia herritarrekin gardentasunez lantzea, gezurretan eta denbora galtzen ibili gabe”.