Udaberri koloreak herriko lorategietan

Lore aldaketa egin dute herriko lorategietan udaberri eta uda sasoirako
2024/05/17 13:08
eta kitto!

Udaberrian bete-betean sartuta gaude. Eguzkia egiten du egun batzuetan, euria besteetan, eta gorabeherak dauden arren, giro epela da nagusi. Egoera horretan, natura eta lorategiak bereziki bizi-bizirik daude, eta kolore biziz janzten dute ingurunea. Herriguneetan ere, zementu artean bada ere, udaberria loratu egiten da.

 

Aste hauetan zehar Eibarko lorategietan loreak aldatzen ari direla ikusi ahal izan dugu. Iker Rodriguez Eibarko Udaleko zerbitzu arloko teknikariak azaldu digunez, “sasoian sasoiko loreak landatzen ditugu herriko lorategietan”. Horrela, urtearen sasoi honetan udaberriko eta udako loreak jartzen dituzte, eta sei hilabete geroago udazkenerako eta negurako aproposagoak diren loreak.

Eibarren zaila da lorategi kopuru zehatza definitzea. “Lorategi asko ditugu, baina txikiak. Ahal dugun tokietan sortzen ditugu lorategiak, herrian gune berdeak egon daitezela nahi dugulako”, diosku Rodriguezek. Horrela, teknikariak azaldu digunez, “sasoian sasoiko loreak jartzen ditugun 20 lorategi ditugu identifikatuta”.

Sasoi bakoitzean 5.000 lore inguru jartzen dituzte herriko lorategietan. Loreak zotaletan etortzen dira. “Normalean, Ipuruako futbol zelaiko belarra aldatzen denean entzuten dugu zotal berba, belarrezko zotalak jartzen baitituzte. Gure kasuan, ostera, lore-zotalak izaten dira. 16-18 urte daramatzagu teknika hori erabiltzen Frantziako ekoizle batekin eta loreak landatzeko modu horrek lana asko errazten digu. Loreak euskarri batean etortzen dira, substratuarekin eta bestelakoekin, eta horrela ez gara lore bakoitza banan-banan mozten eta landatzen ibili behar. Pentsa zer izango litzatekeen 5.000 lore modu horretan landatzea, denbora ugari beharko genuke. Beraz, egiten duguna da lore zaharra kendu eta berria jarri”, azaldu digu Rodriguezek.

Herrian jartzen dituzten lore gehienak lorategietan jartzen dituzte, baina batzuk jardinera-zintzilikarietan kokatzen dituzte. “Herriko hainbat tokitan aurkitu ditzakegu jardinera hauek. Adibidez, Zuloagatarren eta Toribio Etxebarria kaleetan. Bertako loreak ere udaberrian eta udazkenean aldatzen ditugu”, teknikariaren berbetan.

 

Landare-motak eta aurrekontua

Udaberri-uda sasoirako honako landare-motak landatu dituzte, besteak beste: begoniak, salbiak, arrosa-landareak, berbena-belarra, tajete patula laranja eta mistoa... Neguan, ostera, krabelinak, mitxoletak, biolak, liliazeoak... landatzen dituzte. “Tenperatura baxuei ondo eusten dieten loreak dira negukoak. Natura jakintsua da eta udazkenean eta neguan loreak batu egiten dira, udaberrian dena loratzen den bitartean. Dena dela, udazkenean eta neguan badaude distira egiten duten loreak, baina egia da barietate gutxiago dagoela”, diosku teknikariak. Aurrekontuari dagokionez, sasoian sasoiko loreen landaketa bakoitzean 40.000 euro inguru gastatzen ditu Udalak.

 

Loreen zaintza

Herrian lorategi asko dagoenez, hauen zaintza egitea ez da lan makala izaten. “Parke handiak izango bagenitu beste kontu bat izango litzateke; baina, lorategi txiki asko dugunez, lorategi bakoitzean ia-ia zirujau lana egin behar izaten dugu. Bestalde, jorraiekin, inausketekin, ongarriarekin, ureztatze kontrolarekin... zaintzen ditugu”, azaldu digu Rodriguezek.

Ureztatzeari dagokionez, aurten Udalak 50.000 euro inguruko inbertsioa egin du erregadioaren kontrola hobetzeko. “Ureztatze telegestionatua jarri dugu. Horren bitartez, lorezainak ez dira lorategitik lorategira ibili behar ureztatzea kontrolatzen”, kontatu digu teknikariak. “Izan ere, lorategi bakoitzak balbula eta programadore bana du, eta lehorteak daudenean banan-banan programatu behar dira, eta berdin euri asko egiten duenean ere. Beraz, ureztatze telegestionatuaren bitartez, mugikorreko aplikazio bat erabilita, botoi bat sakatu besterik ez dute behar ureztatzea aktibatzeko. Edo bestela, programatzeko aukera ere ematen du eta, horrela, sentsore bakoitzak duen plubiometroak ureztatzea modu autonomoan kudeatu dezake. Adibidez, euria egiten duela antzematen badu, balbularen irekiera bertan behera lagatzen du eta ez du ureztatzen”.

Teknologia horrekin bi helburu betetzen dira: “Lorezainek lorategi guztietako ureztatzeak programatzeko behar duten denbora murriztea eta, uraren erabilerari dagokionez, %30 aurreztea”. Zentzu horretan, zera gehitzen du: “Udalak hiri adimentsuaren (smart city) izendapena jaso zuen Espainiako Gobernuaren aldetik, eta bide horretan egin nahi izan dugu inbertsio hau”.

Loreen zaintza Udalaren ardura bakarrik ez dela adierazi du Rodriguezek: “Batzuetan ikusi dugu loreak landatu bezain laster kentzen dituztela. Eta bestetik, txakurren jabeei eskatu nahi diegu animaliek ez dezatela lorategietan kaka egin eta lurra haztakatu”.

 

Lore-eskaintza San Andres eliza parean

Azken urteetan egin den bezala, eta orain sasoian sasoiko loreen aldaketa egiten dela aprobetxatuz, Udalak kendu dituen loreak herritarrei doan eskainiko dizkie datorren astean. “Loreei beste bizitza bat eman nahi diegu eta herritarrei emango diegu hauek jasotzeko aukera. Bestela, zakarrontzira bota beharko genituzke”, azaldu digu Rodriguezek.

Loreak San Andres eliza kanpoan jarriko dituzte eta herritarrak bertara gerturatu beharko dira loreak jasotzera (oraindik ez dute ordua eta eguna zehaztu). Iaz jende asko pasatu zen bertatik eta, hori ikusita, aurten ere antzera gertatzea espero da. Teknikariaren berbetan, “kontuan eduki behar da neguko loreak direla, eta udaberrian eta udan irautea beste kontu bat dela, baina jendea moldatzen da”.