Udalak hiru lursail erosi ditu Urko eta Kalamua inguruan basoa berreskuratzeko asmoarekin

Udalak hiru lursail erosi ditu Urko eta Kalamua inguruan basoa berreskuratzeko asmoarekin
2023/11/02 11:02
eta kitto!
Eibarko Udalak Pagaegikorta baserria eta 23,5 hektareako lursailak erosi ditu, “monolaborantzari aurre eginez bertako basoa berreskuratzeko era horretan Eibarko ingurune naturalaren kontserbazio-egoera hobetzeko”, Udalaren berbetan. “Pagaegikorta baserria eskuratzea aukera ezin hobea da azalera eta kokapen estrategiko handiko lursail bat erosteko; izan ere, 23,5 hektareako azalera gehiena Babes Berezikotzat katalogatuta dago”, gehitzen du.

Udalak 173.324,21 euro inbertitu ditu baserria eta lursailak erosteko, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren 35.000 euroko dirulaguntza jaso du. Halaber, beste dirulaguntza bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari baso autoktonoa berreskuratzeko proiektu honetarako.

 

Pinuak botatzeko lanak

Lursailak bi gunetan daude banatuta: nagusia, baserriaren beraren ondoan, Urko mendiaren magalean, eta bestea, Markina eta Elgoibarrekiko mugaren ondoan, Garagoiti-Kalamua inguruan. Jende asko ibiltzen da inguru horretan eta paisaiaren aldetik balio handiko tokiak dira. “Gailur-lerro baten parte izanik korredore ekologiko gisa funtzionatzen dute espezie askorentzat, eta horrek balio handiagoa ematen die ingurumenaren aldetik”, Udalaren berbetan.

Urriaren erdialdean lursailetako pinuak botatzeko lanak hasi zituzten ea hemendik bi hilabetera amaituko direla aurreikusten du Udalak. Beraz, denbora-tarte horretan inguruan dabiltzanei ohartarazten die kontuz ibiltzeko, bereziki Ixua aldean eta Urkorako igoeran. Seinaleztapen-kartelak jarri dira, jendeari ohartaraziz langileei abisatu behar dietela obren gunea zeharkatu nahi izanez gero.

 

Ingurumena berreskuratzeko bidean

Eibarko lurzoruaren erabilera oso intentsiboa izan da, eta jatorrizko baso-estaldura ia osoa larre eta laboreekin ordezkatu da. Udalak aipatzen duenez, azken urteotan espezie exotikoak dituzten baso-monolaborantzak ugaritu dira, batez ere Monterrey edo insignis pinua eta larizio pinua, biodibertsitateari kalte egin diotenak. Gainera, Cryptomeria japónica ziklo luzeko koniferoek edo Eukaliptus generoko espezieek ordezkatu dituzte bertako arbolak eremu askotan. “Espezie horiek oso azkar hazten dira, baina ondorio larriak dituzte biodibertsitatean eta uraren zikloan”, dio Udalak.

Egoera horren aurrean, zenbait administrazio eta jabe beste aukera batzuk lantzen ari dira, ez baso-ustiapenaren bidez etekin ekonomiko zuzena lortzeko, biodibertsitatea baizik, paisaia eta ziklo hidrologikoa berreskuratzeko. Horrela, lursailak berreskuratzen ari dira, Eibarko Udala bezala (Baso Biziak elkartearen eta Lurgaia Fundazioaren inplikazioari esker).