Udalak Urko mendiaren magaleko lursail bat erosi du baso autoktonoa berreskuratzeko

Lursailak 28,18 hektarea ditu eta 73.000 euro inguruko inbertsioa egitea eskatu du
Udalak Urko mendiaren magaleko lursail bat erosi du baso autoktonoa berreskuratzeko
2025/11/13 13:01
Ekhi Belar

Eibarko Udalak 28,18 hektareako lursail bat erosi du Urkon (73.005,80 euro, zuhaitzak barne), baso-biziberritzea bultzatzera bideratzeko. “Lur horietan baso autoktonoa berreskuratzeko asmoa dago, eta horrek paisaiaren babesa eta biodibertsitatearen hobekuntza ekarriko du. Era berean, Eibarko ingurune naturaleko funtzio eta zerbitzu ekosistemikoak hobetuko ditu”, dio Udalak.

Udalak dioenez, ekimen hau azken urteotan garatzen ari den basoa berritzeko eta ingurumena lehengoratzeko udal-estrategiaren parte da. Hain zuzen ere, Eibarko 2022-2030  Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana ekimenaren barruan kokatzen da. “Plan horretan hainbat neurri eta jarduteko lerro ezartzen dira, negutegi-efektuko gasen isurketa murrizteko, eta, horrela, aldaketa klimatikoak eragindako kalteei aurre egin ahal izango zaie. Planaren ekintzen barruan dago baso autoktonoa berreskuratzeko lursailak eskuratzea, baita udaleko baso-ekosistemak lehengoratzeko esku-hartzeak egitea ere”, diote.

Gainera, landatzeaz aparte, proiektuak bidezidor naturalak irekitzea eta egokitzea aurreikusten du, ingurunerako sarbidea erraztuz eta herritarren inplikazioa sustatuz ingurumen-boluntariotzako jardunaldien bidez.

 

GFA-ren laguntza

Lursaila erosteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 23.154,30 euroko dirulaguntza eman dio Udalari. Gainera, Udalak jakinarazi duenez, “beste dirulaguntza bat ere eskatu zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari baso autoktonoa berreskuratzeko proiektu honetarako, lursailaren erosketa barne”.