Udalaren eta herritarren arteko komunikazioaren egoera baloratzeko inkesta martxan dago

Azaroaren 24ra arte egongo da inkesta egiteko aukera Udalaren webgunean
Udalaren eta herritarren arteko komunikazioaren egoera baloratzeko inkesta martxan dago
2024/11/11 18:24
eta kitto!

Eibarko Udalak 2024-2027 Komunikazio eta Gardentasun Plan berria jarri du martxan eta, planaren diagnostikoa osatzen laguntzeko, Udalaren eta herritarren arteko komunikazioaren egoera baloratzeko inkesta jarri dute.

Inkesta anonimoa eta konfidentziala da, eta gaurtik, azaroaren 11tik, hilaren 24ra arte bete ahal izango da Udalaren webgunearen bitartez (https://www.eibar.eus/eu/udala/komunikazioa-baloratzeko-inkesta), eta paperean ere bai, hainbat udal-eraikinetan (Pegora, Juan San Martin Udal Liburutegia, Armagintzaren Museoa, Udal Euskaltegia, kirol-instalazioak...). Halaber, PDF formatuan deskarga daiteke, eta bete ondoren, helbide elektroniko honetara bidali beharko da: komunikazioa@eibar.eus.

 

Komunikazio eta Gardentasun Plan berria

Erakundearen barneko eta kanpoko komunikazioa eta udal gardentasuna bultzatzeko asmoz, Eibarko Udalak Komunikazio eta Gardentasun Plan berria 2024-2027 urteetarako. Plan berriaren diseinuan hurrengo urteetarako proposatutako jarduera-eremuak honako hauek izango dira: barrura begira, Eibarko Udala bera (udal arloak, zerbitzuak eta unitateak, talde politikoak eta sindikatuak), eta, kanpora begira, eibartarrak eta gizartea oro har, eta komunikabideak.

Udalak adierazi duenez, “aurreko planetan bezala, estrategia horren bidez, komunikazio eraginkorra eta kalitatezkoa garatzeko mekanismoak ezarri nahi dira, bai Udalean bertan, bai herritarrekin oro har”.

Plana garatzeko, lehenik eta behin, Udalean bertan, focus group saioak eta elkarrizketak egingo zaizkie udal langileei, erakundeak barne-komunikazioaren arloan duen egoerari buruzko azterketa egiteko. Aldi berean, kanpoan, herritarrei zuzendutako gogobetetze-inkesta bat prestatu da, Udalaren eta Eibarko biztanleriaren arteko komunikazioaren egoera hurbilagotik ezagutzeko eta, horrela, proiektuaren gainerako puntuak idatzi aurreko azterketa osatzeko.