Unbe eta Ipuruako kirolguneetako atezainak greban daude zapatuaz geroztik
Aurreko astean Untzagan egindako elkarretaratzean iragarri bezala, Unbe eta Ipuruako atezainek grebara jo dute, beraien lan-baldintzak hobetzea eta “bizi duten prekarietatearekin amaitzeko” eskatzeko. Zapatuan hasi zuten grebak hirugarren eguna bete du gaur, eta urtarrilean beste hiru egunetan (24, 25 eta 26an) jarraituko du. Eibarko Udalak kudeatzen dituen bi kirolguneetako langileen lan-baldintzak hobetu ezean, hilaren 31tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela adierazi dute.
Udal langileen ordezkariak salatu duenez, urteak daramatzate modu prekarioan lan egiten: “Unbe eta Ipurua kiroldegietako atezainak udal langileak dira eta, harreraz gain, lan administratiboak egiten dituzte. Langile gehienak emakumeak dira, eta bai soldatari dagokionez, baita aurten ezarri dieten egutegia kontuan hartuta, diskriminazioak ari dira jasaten beste udal langileen aldean. Egiten duten lanak behar lukeen soldataren azpitik daude”. Beraien lanaren oso antzerakoa egiten duten beste udal langile batzuek gehiago kobratzen dutela eta, hori konpontzea nahi dute. Gainera, ez daude konforme aurten ezarri dieten egutegiarekin: “Urtean 60 egunetik gorako ordaindu gabeko disponibilitatea ezarri diete aurten. Honek lana eta bizitza bateragarria izatea oztopatzen du. Eta, enpleguari dagokionez, langile guztien egonkortasuna ere aldarrikatzen dute”.