Unbe eta Ipuruako udal atezainek greba egingo dute sei egunetan, “bizi duten prekarietatearekin amaitzeko”

Eibarko Udalak kudeatzen dituen bi kirolguneetako langileen lan-baldintzak hobetu ezean, hilaren 31tik aurrera greba mugagabea hasteko prest agertu dira.
2025/01/15 17:21
eta kitto!

ELA sindikatuak deituta gaur goizean Untzagan egin duten elkarretaratzean salatu dutenez, urteak daramatzate modu prekarioan lan egiten: “Unbe eta Ipurua kiroldegietako atezainak udal langileak dira eta, harreraz gain, lan administratiboak egiten dituzte. Langile gehienak emakumeak dira, eta bai soldatari dagokionez, baita aurten ezarri dieten egutegia kontuan hartuta, diskriminazioak ari dira jasaten beste udal langileen aldean. Egiten duten lanak behar lukeen soldataren azpitik daude”. Beraien lanaren oso antzerakoa egiten duten beste udal langile batzuek gehiago kobratzen dutela eta, hori konpontzea nahi dute. Gainera, ez daude konforme aurten ezarri dieten egutegiarekin: “Urtean 60 egunetik gorako ordaindu gabeko disponibilitatea ezarri diete aurten. Honek lana eta bizitza bateragarria izatea oztopatzen du. Eta, enpleguari dagokionez, langile guztien egonkortasuna ere aldarrikatzen dute”.
Aste honetan bertan egin dute azken bilera Alkatetzan, baina “negoziazioek emaitzarik eman ez dutela ikusita”, urtarrilaren 18, 19, 20, 24, 25 eta 26an grebara joko dute. Gaineratu dutenez,  “eta ez bada konpontzen, urtarrilaren 31tik aurrera greba mugababea izango da”. Langileek “negoziazioa eta esandako aldarrikapenak bere egin ditzala” eskatzen diote Udalari.