Otsailaren 17 eta 18an informatika eta teknologia berriekin zerikusia duen UniEncounter topaketa bueltatuko da Eibarko UNIra

Otsailaren 17 eta 18an informatika eta teknologia berriekin zerikusia duen UniEncounter topaketa bueltatuko da Eibarko UNIra
2023/02/13 09:35
eta kitto!
Asteburu honetan, otsailaren 17 eta 18an informatika eta teknologia berriekin zerikusia duen UniEncounter topaketa bueltatuko da Eibarko UNIra. Mahai-jokoak, bideojoko txapelketak, tailerrak, hitzaldiak...  eta berritasun ugari antolatu dituzte aurten. UNIko ikasleek antolatutako ekitaldia izan arren, sarrera irekia da eta ikasle ez direnek ere hartu dezakete parte. Informatika eta teknologia berriak maite dituzuenok ez daukazue aitzakiarik. Animatu zaitezte!

Teknologia berrien eta informatikaren inguruan urtero egiten den topaketa da UniEncounter. Eibarko UNIan egiten da eta normalean Aratosteekin koinziditzen du. Orain dela 19 urte hasi ziren UNI Eibar-Ermuko ikasle eta irakasleek elkarlanean antolatzen, eta helburu zehatza du: “Gure inguruan informatika zaletasuna zabaltzea; horretarako, gai serioagoak eta hitzaldiak ekintza ludikoekin batera uztartzen ditugu”, esan digu antolaketa lanetan buru-belarri dabilen Gorka Guenaga informatika irakasleak. Apurka-apurka ekosistema bat sortzea eta indartzea da helburua.

Elesky pianojole eta 'streamerra' entzuteko aukera egongo da barixaku arratsaldean (otsailak 17) UNIko antzokian, guztiz doan, eta, ondoren, Alex Robleño eibartarrak Koreara egin zuen bidaian egindako “El Corazón de los Esport” dokumentala ikusteko aukera paregabea izango da. "Korean oso aurreratuak daude bideojokoen inguruko saltsa guztietan eta bertan ikusi eta ikasi zuena azalduko digu Alexek”, aurreratu digu Gorkak.

Egitaraua, beraz, barixaku arratsaldean hasiko da eta, beste urte batzuetako esperientzia ikusita, arratsaldeko 20:00ak bitartean jendea bere ordenagailuarekin agertzen joango da UNIra. LAN PARTYra joaten dira eta egun (eta gau) osoa pasako dute UNIan euren eta besteen ordenagailuekin “dantzan”. Jokoak ere izango dituzte, bai mahai jokoak, bai elektronikoak (bideojokoak). “Bideojokoen inguruan zenbait txapelketa antolatu ditugu: 5 5i partidak, 2 biri, 3 hiruri, buruz buru... Joko ezberdinak ordutegi ezberdinekin. UNIan ditugun ikasleei gustuko bideojokoen zerrenda bat egiteko esan diegu eta horien gainean dira txapelketak”, dio Guenagak.

Zapatu goizean (otsailak 18) hitzaldi “serioen" txanda izango da: segurtasun informatikoa, adimen artifiziala, Googlera lanera doan UNIko ikasle-ohi  baten esperientzia…

 

K-POP dantza txapelketa
Eta beste berritasun bat. “Zapatu arratsaldean, sari-banaketa aurretik, finalak izan ohi dira. Baina aurten, lehen aldiz, K-POP dantza txapelketa ere izango dugu antzokian”.  K-POP delakoa jatorria Hego Korean duen pop musikaren azpi-generoa da, eta arrakasta handia dauka Asian eta  Ipar Amerikan.

Eta hori guztia gutxi balitz, aurten internazionalizazio-programa baten barruan sartu dute UniEncounter ekimena. Ondorioz, sei ikasle etorriko dira Holandatik eta beste bi Danimarkatik. Gorkak dioenez, "Eibarko ekitaldiak nola funtzionatzen duen ikustera datoz, gugandik ikasteko eta ahal duten neurrian euren herrialdeetan ere UniEncounterrak antolatzeko asmoz".

 

Ikasleek antolatutako ekimena
Horrelako ekimenak antolatzen erreferente bihurtu da Eibar nazio mailan eta baita nazioarte mailan ere. “Ekimen honek hainbat adar ezberdin ditu eta guztiak bere osotasunean lantzen saiatzen gara. Zenbait puntu azaltzearren, guretzako garrantzitsuena da ikasleek eurek antolatzen dutela, nahiz eta sarrera librea izan publiko guztiarentzat, ikasle zein ikasle ez direnentzat. Baina ez da `klaseko ariketa bat´, hemen guztiak funtzionatu behar du (sareak, wifiak, kableak, azpiegiturak). Modu horretan asko ikasten da. Horrez gain, internazionalizazioarekin ere lotu nahi dugu. Kanpotik etorri zaizkigu galdezka, eta zergatik ez dugu gure esperientziatxoa aprobetxatuko guk ere atzerrira txango  batzuk antolatzeko eurei laguntzeko eta, aldi berean, eurengandik ikasteko?. Bestalde, garrantzitsua da gazteentzat drogarik gabeko aisialdi esparruak sortzea. Eta teknologia berriekin esperimentatzea, bai serio, bai jolasean. Apurka-apurka ekosistema bat sortzea eta indartzea da helburua”.

Gogoratu nahi dute jarduera irekia dela, edonor edozein unetan agertu daitekeela bertara eta guztia dela doan. LAN PARTYan parte hartzera doazenek gaua bertan pasako dute, eta, beraz, afaria ordaintzeko 10 euroko kuota jarri dute. Baina jolastera edo ikustera joatea doan da.

UniEncounterra antolatzeko UNI osoaren laguntza izaten dute, UNI Eibar-Ermua ikastetxearena eta baita Hezkuntza Esparruarena ere. Bestalde, Eibarko Udala eta Euskaltel Fundazioa dira babesle nagusiak.

UNI ENCOUNTER2Uni Encounter3

Uni Encounter 3 ELESKY Eleskyren kontzertua izango da UNIko antzokian, eta ondoren Alex Robleñok Koreara egin zuen bidaiaren inguruko dokumentala emango dute