Untzaga, jendez gainezka San Juan suaren inguruan
Argazkiak: Silbia Hernandez
San Juan bezperan bada eibatarrok modu berezian bizi dugun ekitaldia: San Juan sua ixotzea eta aurretik egiten den dantza.…eta kitto! Euskara Elkarteak urteak daramatza San Juan jaietako ekintza jendetsuenetakoa antolatzen, eta aurten ere ez du hutsik egin. Iaz berritasuna izan zuen suak, hain zuzen ere Eibarko Musika Bandak San Juan ereserkia zuzenean jo baitzuen, eta aurten ere gauza bera egin du.
Suari hasiera eman aurretik, Eibarko Dantza Eskolako dantzariek ekitaldirako propio prestatutako dantza berezia eskaini zuten atzokoan, giroa magiaz eta emozioz betez. Aurten, ondo merezitako omenaldia jaso du jaietan Goi Argi emakume elkarteak eta dantzaren bitartez balioan jarri dute aurten 75 urte bete dituen elkarte aintzadariaren lana. Dantzaren ondoren, urtero bezala, omenduek izan zuten sua pizteko ardura, belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizioari jarraipena emanez. San Juan Sua eta Danborradaren ostean hasi zen Lisker taldearen berbena. Zer izango litzateke San Juan bezpera talde eibartarraren musikarik gabe?
Omenduak
San Juan suan aurtengo omenduak honako hauek izan dira: …eta kitto! Euskara Elkarteko lankide ohiak; Eibarko Txirrindulari Elkartea (100 urte); Goi Argi (75 urte); Urbat (25 urte); Ustekabe (25 urte); Eskozia la Brava (25 urte); Atzegi; As Burgas Galiziako Etxea; SD Eibar emakumeen taldea; Emakumeen Rugbi Taldea.
32 urteko ibilbidea
Badira hogeita hamabi urte …eta kitto! Euskara Elkartea San Juan sua antolatzen hasi zela. 1993. urtea izan zen, eta lehenengo urte hartan goizaldeko 02:00etan piztu zen sua, danborrada amaitu eta gero. Hurrengo urtetik aurrera, gaur egungo ordutegian egiten hasi ziren, 23:30 inguruan. Aurtengoa, beraz, hogeita hamabigarren sua izan da.
Ohitura zaharrak berreskuratu eta baserri inguruan egin ohi zen ekintza kalera ekartzeko asmoarekin ekin zioten sua antolatzeari. Sua ixotzeko ardura herriko hainbat elkarte, talde edo norbanakok izan dute urtero, euskararen, herrigintzaren edota kulturaren alorrean nabarmendu direnak gonbidatuz eta haien lana aitortuz.


























































