Urtea bete ondoren, Eibarko Udalak arrakastatsutzat jo du Adindu arreta psikosozialeko programa
2023ko urrian Udalak ADINDU Arreta Psikosozialeko programa jarri zuen martxan, alegia egoera zaurgarrian dauden adinekoen autonomia hobetzera bideratutako ekimena. Helburua da haien gaitasun fisiko eta mentalen galera prebenitzea eta etxean baldintza onetan egon daitezen erraztea.
ADINDU programa urtebetez egon da martxan, eta udalerriko adinekoen lau zentroek hartu dute parte bertan; astean bi saio eskaini dira zentro bakoitzean. Guztira 87 pertsonak hartu dute parte (70 emakume eta 17 gizon). Saioak hasi aurretik, parte-hartzaile bakoitzaren balorazio indibiduala egin zen, taldeko saioen edukiak, dinamikak eta erritmoa haien behar espezifikoetara egokitzeko.
Taldeko saioez gain, programak banakako laguntza eskaini die hala eskatu duten erabiltzaileei eta senideei, pertsona bakoitzaren ezaugarrietara eta beharretara moldatutako zerbitzua bermatuz.
Parte-hartzaileen balorazioa oso positiboa izan da, eta biltzearen eta talde-jardueren eta -dinamiken bidez lan egitearen garrantzia azpimarratu dute. %75ek baino gehiagok uste dute saioen iraupena eta maiztasuna egokiak direla, nahiz eta askok ez luketen eragozpenik izango saio gehiago egiteko. Taldeetan konfiantza- eta segurtasun-giroa sortzea lortu da, eta hori funtsezkoa da emozionalki konplexuak diren gaiei heltzeko.
Ia parte-hartzaile guztiek adierazi dute hurrengo deialdian jarraitzeko gogoa dutela. Iradokizun nagusiak hauxek izan dira: ezarritako taldeen jarraipena, zerbitzuak hurrengo urteetan jarraitzea, jarduera fisikoko saioak sartzea eta profesional berberek jarraitzeko eskabidea.
Gizarte Zerbitzuen eta Adinekoen Sailak era honetako zerbitzuen garrantzia azpimarratu du, "pertsonak erdigunean jarri, eta zahartze aktiboaren dimentsio fisikoa ez ezik, kognitiboa eta emozionala ere jorratzen baitituzte". “Funtsezkoa da gorputz osasuntsu bat edukitzea, baina baita burua zaintzea eta egunerokotasunean moldatzeko baliabideak izatea ere”, adierazi du Sonia Archeli zinegotziak.