Verónica Forqué: “Aktoreok dugun onena jakin behar dugu transmititzen”

Verónica Forqué: “Aktoreok dugun onena jakin  behar dugu transmititzen”
2016/02/12 12:11
eta kitto!
Verónica Forqué antzezle, zuzendari eta antzerki egokitzailearekin hasiko  dira Antzerki Jardunaldiak, astelehenean eskainiko duen hitzaldi-solasaldiarekin   eta martitzen eta eguaztenean taularatuko duen “Buena Gente” lanarekin.  Urtebeteko bira egin dute dagoeneko eta Granadatik erantzun zigun galderei. Eibarren egon barik dago eta gogotsu da hemengo Jardunaldiak ezagutzeko. Hemengo egonaldian Zornotzako nekazal-etxe batean hartuko du ostatu.

- Astelehenan eskainiko duzun hitzaldi-solasaldia “La alegría del actor” du izena. Zer ikuspuntutik aurreikusten duzu, zer azaldu nahiko zenuke bertan?
Aktoreok ibilgailuen papera betetzen dugu, pertsonaia berriaren kimika sukaldatzea egokitzen zaigu eta arragoaren lana da egiten duguna. Azken batean, monje baten tokian ikusten dut geure burua: gure bihotza eta espiritua zainduz, dugun onena transmititzeko gauza izan behar garenak. Horretarako, zer pentsatzen dugun, zer jaten dugun... horren jakitun izan behar gara. Alaitasuna bizitzak duen garrantzitsuena da eta hori besteenganatzea jakin behar dugu. Bestalde, hitzaldiak eskaintzea ez doa gehiegi nire estiloarekin; gehiago nahi izaten dut jendearekiko hartu-emana. Askotan pentsatu izan dut: “Bizitzan egin behar dugun guztiarekin, aktorea besterik ez naiz bada!”. Baina sinesten diet zoriontasun uneak eman dizkiedala aitortzen didatenei, ni antzerkira joan naizenean ere horrelako sentsazioak nabari ditudalako.

- Zer aurkituko du ikusleak aurkeztu behar duzuen “Buena gente” lanean? Zer eskatu dizu paper horrek, pertsonaia berezia izan da zuretzat?
Lan oso ona da, zortea ere esango nuke! Oso gutxi direlako antzerkirako lanak egiten dituzten egileak. Gaur egun batez ere zinerako eta telebistarako lanak egiten dira eta, horregatik, “Buena gente” urrezko pitatzat hartu dezakegu. David Lindsay-Abaire lehendik ere ezagutzen nuen, bere lan batekin Nicole Kidman-ek Oscar-a irabazi zuelako. Gero, Frances McDormand aktoreak nik egiten dudan papera aurretik egin izanak animatu ninduen lana hartzera. Lan gogorra da,  samingarria... Margaritarena egiten dut, barregarri geratzeko mugan beti, bizitza putakeria bihurtutakoa... Baina oso rol interesgarria da nirea, antzerkira inoiz joan ez denarentzat ere gustokoa. Urtebete dihardugu lanarekin eta jende guztiak ulertzen du, arazo barik.

- Urte guztia hara eta hona... Zelan daramazu hori?
Birak dira aktoreok beti desiatzen duguna; kontrakoa dioena gezurretan dabil. Gure egunerokoa, lan bera eskainita ere, desberdina da beti: gure pertsonaia batzuetan sinpatikoagoa da, besteetan kopetilunago agertuko da, gaur dudan katarroarekin ere ez naiz atzoko bera izango... Baina horrek lana aberasten du, onerako da, kilikagarriagoa bihurtzen. Eta biretan gauza berriekin jokatzen duzu: argiak desberdinak dira, eszenategia aldatzen da, menua bestelakoa da... dugun onena da!

- Non gozatzen duzu gehien, zinea edo antzerkia egiten? Zuzendari lanetan ere jardundakoa zaitugu...
Ni antzerki mundukoa naiz, gazte-gaztetatikan. Zinearekin izan dudan harremanean, beti geratu naiz beste baten tokian hartzen nindutela, beti ere besteak ezetz esan eta ni bigarren plater moduan parte hartzen nuela. Antzerkian, ordea beste sentsazio bat izan dut beti, seguruago sentitzen naiz. Antzerkian gehiago zara zu zeu, hor ez dago moztuko zaituen zuzendaririk: zu eta publikoaren arteko bi orduko bidaia sakratua da, hor sortzen dena ez da errepikatuko. Zinean, ordea, inoiz ez zara egiten duzunaren jabea, egin duzuna ere ez dakizu azkenean pantailan ikusiko den. Zuzendari moduan, bestalde, bi lan egin ditut eta badut horretarako bokazioa. Bi komedia izan ziren, bigarrena Woody Allen-ena eta oso ondo funtzionatu zuena. Baina orain ez dut horretarako astirik. Zuzendari eta aktore lanak oso ezberdinak dira, baina zailena aktuatzea da, oso agerian zaudelako, batzuetan arriskuan ere bai. Aktoreak, gainera, eskuzabal jokatu behar du beti eta jendeak goza dezan ahalegindu. Ez dago ezer txarragorik jendea sufritzen ikustea baino.