VICENTE IRIONDO, margolaria: “Ikusitako gauzen espresioa kanporatzen dut erakusketan”

VICENTE IRIONDO, margolaria: “Ikusitako gauzen espresioa kanporatzen dut erakusketan”
2018/02/09 13:35
eta kitto!
Normalean ez ditu bere erakusketa edota koadroak izendatzen, baina oraingoan bai. ‘In itinere’ titulua daukan erakusketa ireki du Vicente Iriondo margolariak Topalekuan eta hilaren 18ra arte egongo da zabalik astegunetan 19:00etatik 21:00etara eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. 02675 zenbakiak garrantzia berezia dauka erakusketa honetan eta koadroetan aurkituko duzue erantzuna.

 

-‘In itinere’ titulua jarri diozu erakusketari. Zergatik?

Lanetik etxera edo alderantziz gertatzen den istripuari deitzen zaio ‘In itinere istripua’, eta posizio horretan nago ni bizitza osoan. Aspalditik nabil koadroak egiten, baina helburua inoiz ez da izaten helmugara heltzea, prozesua da garrantzitsuena. Batzuetan nahi duzuna topatzen duzu, beste batzuetan ez, baina egiten duzun bidea da inportantea.

-Zer ikusi dezakegu erakusketan?

Gogoeta egiteko balio duten koadroak dira. Koadroak pertsonak bezalakoak dira eta erakusketa osoa hartzen badugu, nire isla da. Pertsona bakoitzak barruan dituen gauzak ateratzen ditu kanpora, ezagunak eta ezagutzen ez dituzunak ere. Horretarako formak, figurak eta koloreak erabiltzen ditut, eta nire kasuan urdina da nagusi.

-Teknikari dagokionez nolako margolanak dira?

Egitura linealarekin nabil lanean eta lerroak dira protagonista. Hainbat esanahi izan ditzakete; kasu honetan, adibidez, kolorearen sostenguak dira (dio koadro bat seinalatuz). Egitura linealen hizkuntza funtsezkoa da, lerroak oinarrizkoak dira. Berba egiten duten elementuak dira lerroak.

-Nolako prozesua jarraitu duzu koadroak egiteko?

Gauzak egiten dituzu eta koadro batek beste batera eramaten zaitu. Bapatean sortzen dira, gaztetan entzundako abesti batek inspirazioa ekartzen dizu eta horren harira margolana sortzen duzu. Ikusitako gauzen espresioa kanporatzea da erakusketaren emaitza. Arkatza eta papera eskuan baditut, sekuentzia bat pentsatu eta egitura bat sortzen dut. Zirriborroak dirudite, baina lerroek irizpide bat jarraitzen dute. Tamaina handiko mihisean brotxa handiarekin margotzeko gonbidapena jasotzen duzu nahigabe, eta materiala nola moldatzen den ikusten duzu. Koadroak sufritu dezala gustatzen zait. Pertsonen moduan, koadro guztiek momentu hobeak izan dituzte aurretik eta hori igarri behar da. Ezin da jarduera garbia izan, koadroak bizitza izan behar du.

-Noiz sortu dituzu obrak?

2014ean hasi nintzen lan hauek sortzen. Hizki txinatarrekin izendatzen ditut urteak, ez hortera izateagatik, hizki mota horiek koadroan ondo integratzen direlako baizik.

-Erakusketara doazenei koadroen gaineko esplikazioa ematen diezu?

Etortzen den pertsonaren arabera. Esplikatzen hasi eta pertsona beste toki batera begira hasten bada, agur. Interesa badaukate, edozer gauza esplikatu ahal diet.