Walter Tuzzeoren omenezko artikulua idatzi du Jesus Mari Sagarna musikari eta konpositoreak

Ondorengo lerroak idatzi ditu Jesus Mari Sagarnak Walter Tuzzeoren heriotzaren lehen urteurrenean:
Lagun artista baten emaitza
Sostoa Abesbatzarekin izandako entsegu baten ondoren ezagutu nuen. Isabel Laspiurren estudioan sartu eta harreman errazekoa eta irekia zirudien gaztea aurkitu nuen. Egun horretan abiatu zen urte askotako bion arteko lankidetza. Burutik ere ez zitzaizkidan pasatu Walterrek bere grabazioekin Sostoakooi eskainiko zizkigun poztasun uneak. Beti zen berdina: besarkada irribarretsua, elkarrekin gosaldu eta lanera. Hasieran Mendaroko bere estudio txikian, gero Eibarko handiagoan. Abestiak aukeratu ondoren, soinua erregulatu eta ekualizatu behar zen, zuzeneko kontzertuetako grabazioak oso ingurune ezberdinetan egindakoak baitziren.
Modu horretan eskaini zizkigun Walterrek Koralekooi hogeitik gora CD, altxorra izateaz aparte, gure ibileraren ordainezinezko oroitzapen bilakatuak. Walterrek, gainera, aukera zuen bakoitzean jakinarazten zidan Sostoa Abesbatzak bazuela toki berezia bere bihotzean. Hil baino hamar egun lehenago pasatu zizkigun azken bi CD-ak.
Irailean berarekin bizitza partekatu zuten lagun eta musika estiloen eskutik Untzagan egin zitzaion Omenaldi Kontzertutik aparte, gustatuko litzaidake hainbeste ezagutzen ez den bere beste alderdi bat hona ekartzea. Pandemiarekin batera, Walterri soinu-teknikari bezala izango zuen erronka garrantzitsuenetako bat helduko zitzaion. 2019ko amaieran eta 2020ko hasieran Bilbon eta Getxon sortzez euskaraz idatzitako operetako lanekin osatutako bi kontzertu egin ziren, Andeka Gorrotxategi tenorea, Ana Otxoa sopranoa, Bilboko Abesbatza Elkartea eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren parte-hartzearekin, Oliver Diazen zuzendaritzapean. Zuzeneko grabazioa ustel atera zen. Eta hor sartu zen eszenan Walter gure laguna. Sustatzaileek berarengana jo zuten aipatutako grabazioa “berreskuratzeko” proposamenarekin, horrela CD batean editatzeko. Lan zaila aurreikusten zen, baina baita interesgarria ere.
Konfinamenduan geunden. Ilusio, ahalegin eta energiaz erronka onartu zuen eta lanean hasi zen. Walter Eibarren, mugikorra eskuan grabazio mahaiaren aurrean eta ordenagailua. Ni, operen berreskurapenaren eta kontzertuko egitarauaren arduradun bezala, nire Bergarako etxean, mugikorretik zintzilik, partiturak belaun gainean eta arkatza eskuan nuela. Horrela garatu genuen lana, egunez egun, zazpi hilabetetan 7/9 orduko jardunaldietan, zoritxarreko grabazioa berrekite ahaleginean. Walterrek oraingoan ez zuen orkestra- eta abesbatz-masa haundi bati aurre egin behar, instrumentu-lerro (20tik gora) eta ahots (bakarlariak eta abesbatz handia) ezberdinei baizik, bakoitza identifikatu eta arazo bakoitzari konponbidea aurkituz. Beharrezkoa egingo zitzaion instrumentu bakoitzean askotan modu indibidualizatuan eragitea, zuzenduz, doituz, soinuak nabarmenduz, etb. Eta operako 17 gai ziren, ia guztiak argitaratu gabeak eta baita grabazio-primiziak ere. Lan geldoa zen, pazientziaz hartu beharrekoa, batzuetan nahigabeekin. Artisautza delikatua zen eskuartekoa eta Walter artista egokiena zen hori burutzeko. Niretzat gozamena zen zelako lan zorrotza egiten zuen.
2020ko azaroaren 20an jaso genuen, azkenik, Erik Nielsen Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendariaren OKa, eta argi berdea eman zigun “ALARE! Euskal Operaren Urrezko Bristadak” CD-aren edizioari. Jakina... Walter Tuzzeok nahastu eta masterizatutakoa. Azaroaren 29an Bilboko Barraincua Aretoan egindako ekitaldian aurkeztuko zen, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Diputazioko agintarien aurrean, “Andekazaleak” lanaren sustatzaileak bertan zirela, Jose Antonio Azurmendi presidentearekin, eibartarra bera ere. Walter Tuzzeo gure betirako laguna izango zenak barruan zuen balio pertsonalaren eta kalitatearen isla eta garaipena izan zen.