Xabi Luke, herrilan ingeniaria: "Esperientzia izugarria izan da: bizitzako bidaia"
- Bidaia egin aurretik espero zenuenarekin egin duzu topo? Ezusterik bai Txilen?
Denetarik izan da. Hegoaldea Iparraldea baino gehiago ezagutu dut; berdeagoa ere bada. Bizitzaren prezioa hemengoaren antzekoa da, merkeagoa agian. Harritu nau Espainiako zenbat enpresa ezagun aurki ditzakezun bertan.
- Valparaison bizi izan zara. Badu erakargarritasunik?
Asko: hiri desberdina da. Nahiko alternatibotzat jo daiteke: kalean bizitza handia dago, ikasle asko kontzentratzen baitu. Baita artisauak, batukadak kalean ere... Auzo bakoitzak kudeatutako aratosteak aurki daitezke, baina ez dago merkatal gune handirik, McDonalds-eta halakorik. Etxeak kolore ezberdinez pintatzen dira eta kaleak muralez beteta daude.
- Ikasle mugimendurik aurkituko zenuten giro horretan...
Indar handikoa, gainera. Ikasleek hezkuntza sistema duinaren alde borrokatzen dute, urtero ordaindu beharreko diru kopuru beldurgarriaz kexatzen dira eta hezkuntza batzuentzat negozioa bihurtu dela salatzen dute. Martxetan egoten den partaidetzak ere harritu nau.
- Maputxeen berri jaso duzue?
Hegoaldean daude komunitate gehienak eta borrokan diraute euren lurren defentsan. Hainbat komunikabidek borroka hori ixilarazten dute eta estatuaren errepresioa ez da nolanahikoa.
- Ondorengo bi hilabeteko bidaia horretan zenbat herrialde ikusi duzue?
Argentina, Uruguay, Bolivia eta Peru. Leku ikusgarriak ezagutu ditugu: Txileko Andeak, Patagoniako mendiak, Boliviako gatz lautada, Titikaka lakua eta bertako indigenen bizitza, Machu Picchu... Ibilbidea ez genuen zehaztuta eta abenturari egin genion tartea: auto-stopean bidaiatu dugu batez ere -han oso modan dago oraindik- eta ordu asko eman ditugu kamioietan.
- Segurtasunarekin arduratuta ibili zarete?
Zona batzuetara ez joateko esan digutenean, horri jarraitzearekin nahikoa izan da. Jaso dugun tratua oso ona izan da: kanping-a euren partzeletan ipintzen lagatzen ziguten, euren etxeetan hartu gaituzte...
- Bueltatzeko asmorik bai?
Txilen eskaini digute lana. Eta badira beste herrialde batzuk ezagutu nahi nituzkeenak: Ekuador eta Mexiko, adibidez.