Zahartzaroaren etorkizunaz eta etxebizitza-ereduari buruz mintzatuko da bihar Irati Mogollon Andretxean
Bihar martxoak 6, "Zaintzaren arkitekturak" liburua aurkeztu eta, ondoren, hitzaldia emango du Irati Mogollon Garcia ikerlari lezoarrak (euskaraz). Zahartzaroaz, zaintzaz eta etxebizitzaz jardungo du, ikuspegi feminista sistemikotik. Euskal Herriko Unibertsitatean Soziologian graduatua, ekonomia feminista, bizitzaren jasangarritasuna eta hirigintza feminista ditu ardatz nagusi. Zahartzaroaren etorkizunari buruz hitz egingo du bihar Eibarren, eta etxebizitza-eredu bat proposatuko du. Ekitaldia Andretxean izango da, 18:30ean (euskaraz), eta bertan Eibarko Poesía… eres tú taldekoek ere hartuko dute parte.
Zahartzarora ahaldunduta iristearen garrantzia nabarmentzen du Irati Mogollon soziologo eta ikerlari lezoarrak, «norberak erabakiak har ditzan». Etxebizitza kolaboratiboen gainean hausnartuko du. Zahartzarora ahaldunduta heltzeko gakoak emango ditu. "Egin behar dugun lehenengo gauza da bizitzako ziklo guztiak era positibo eta aberasgarri gisa ulertzea. Narratiba bakar horri eusteko hainbat sinismen eraiki dira: adin horrekin ezin duzu hori egin, zertan ari zara ile hori edo arropa hori janzten adin horrekin… Badugu tabu handi bat, oskola handi bat, gauzek adina duten sentsazioa sortzen duena. Horren desmitifikazioa egin beharko genuke", dio Iratik.