Zaintzako eta etxeko langileen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da bihar
Etzi, hilak 30, Etxeko eta Zaintzako Langileen Nazioarteko Eguna da eta, euren lana eta bizitza ezagutarazteko asmoz, ekintza berezia egingo dute bihar, Portalean, 17:00etan hasita (umeentzako zaintza zerbitzua egongo da). ‘Askotariko emakumeen ahotsak’ izena du ekimenak eta bertan, Eibarren lehen aldiz, gure herriko etxeetan lan egiten duten emakumeek euren lanaren eta bizitzaren inguruan jardungo dute, eta bertaratuko direnen galderei erantzungo diete.
Andretxean lan aholkularitza zerbitzua eskaintzen dihardute etxeko langileentzat. Merlin Medina Acosta abokatua arduratzen da zerbitzua eskaintzeaz eta bera izan da biharko ekimenaren sustatzailea. Bere iritziz, zaintzako eta etxeko lanetan interna moduan ari direnen lana “XXI. mendeko esklabutza da”.
Abokatuak zenbait urte daramatza zerbitzu hau eskaintzen eta, bere esanetan, “urte guzti hauetan ez dut interna baten kontratu legal bat bera ere ikusi”. Are gehiago, interna berba ere existitu ezin dela dio. “Legeak dioenez, langile batek astean 40 orduz egin beharko luke lan eta beste 20 ordu gehitu ahal dira ‘presentzia ordu’ bezala, baina etxean zaintzen pasatzen dituzten gauak ez dira kontuan hartzen”, zehazten du. Beraz, langile hauen eskubideak urratu egiten dira eta, hori gutxi balitz, kalkuluen arabera, langile bakoitzari hilean 700 eurotik gora ez zaizkio ordaintzen egiten duen lan extragatik. “Eta horretaz aparte, irainak eta mespretxuak jasan behar dituzte kasu askotan”, salatzen du Medinak.
2024an 265 kasu inguru artatu zituzten zerbitzu horren bitartez eta horietatik lau bakarrik izan ziren gizonezkoak. Sektore feminizatua da argi eta garbi, eta pertsona migratuak dira gehiengoa. Izan ere, emakume gehienek Dominikar Errepublika, Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Venezuela, India, Brasil, Kuba, Bolivia, Argentina, Pakistan, Maroko, Filipinak, Ekuador eta Senegalen dute jatorria, ordena horretan. “Zerrendan azkenak jatorri eibartarra dutenak dira, orokorrean ez dutelako interna moduan lan egiten”, argitzen digu Medinak.
Hamar emakume, hamar istorio
Eibartar askorentzat ikusezinak dira, inoiz edo oso gutxitan entzun dugu euren ahotsa, ezer gutxi dakigu euren testuinguruaz eta bizitzaz, eta horregatik da garrantzitsua biharko ekintza. “Jatorri ezberdinetako hamar emakumek hartuko dute parte eta bakoitzak berarentzat migratzea zer den, Eibarren nola aurkitzen diren… azalduko du”, kontatu digu abokatuak.
Oso errealitate ezberdinak bizi izan dituzten emakumeak dira (“batzuk oso gogorrak”), eta hasieran nahiko beldurtuta hartu zuten Medinaren proposamena. “Ez zuten egin nahi, baina pentsatzen dut oso garrantzitsua dela herriak eurak ezagutzea eta motibatzen joan dira”, Medinaren berbetan. Horrela, hizlarien hamar argazkiekin erakusketa egiteaz gain, bakoitzak bere testigantza emango du eta solasaldia edukitzea da asmoa, herritar oro gonbidatuta dagoelarik.
Langileen eskubideak eta enplegatzaileen ardurak
Andretxeako lan aholkularitza zerbitzuaren bitartez zaintzako eta etxeko langileei lan-eskubideei buruzko orientazioa eta aholkularitza, prestakuntza-beharretan laguntza, gizarte-beharren araberako Gizartekintza sailarekin koordinazioa, gizarteratzearen eta laneratzearen arloan bitartekaritza eta aholkularitza, eta enplegarritasun-maila txikiagoa eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiagoa dutenei laguntza eskaintzen zaie. “Txarrena da langileek askotan ez dutela euren kontratuan jartzen duena jakiterik eta nominak ere ez dituztela jasotzen, legearen arabera jaso egin behar duten arren. Bitartekari lanak egiten dituzten agentzien bitartez lortzen dute lana eta hori guztia ezkutatzen diete. Langileek, askotan, ez dituzte euren eskubideak ezagutzen eta ez dute salatzen”, diosku abokatuak.
Zerbitzu horiez gain, urtean zehar bestelako ekintzak egiten dituzte hainbat asteburutan Portalean. “Interna moduan dauden etxeko langileek parte hartu ahal izateko”, argitzen digu Medinak. Horrela, iaz zazpi ekintza nagusi egin zituzten. “Emakumeen ahalduntzearen inguruko tailerrak, euren lan-eskubideen inguruko saioak, lanean nola aritu daitezkeen azaltzeko tailerrak, autoestima-tailerrak, autozainketa… Eta horrez gain, irteerak egiten ditugu, antzerkira joaten gara… Batzuentzat antzerkira joaten diren lehen aldia izaten da. Eurek emozio handiz bizi dituzte horrelako ekintzak”. Gainera, Medinak esan digunez, “emakume hauetako asko bakarrik daude hemen”, eta horregatik da garrantzitsua horrelako sareak sortzea eta aholkularitza egokia jasotzea.
Langileei zerbitzua eskaintzeaz gain, enplegatzaileek ere bertara jo dezakete. “Kontratazio arduratsua egin nahi dutenei gauzak nola egin azaltzen diegu”, diosku abokatuak. “Egia esan enplegatzaile gutxi etorri dira. Ez dakit zer egin behar den gauza horietaz gehiago arduratu daitezen. Hemen gauza guztiak legearen arabera nola egin behar diren argituko diegu doako aholkularitza zerbitzua eskainiz”. Iaz zazpi enplegatzaile hartu zituen bulegoan eta beste birekin egin zuen berba telefonoz.