Gabonetako argazkien lehiaketa antolatu du Eibarko Udalak

"Eibarko zure txoko gogokoena Gabonetan” lehiaketaren bidez irudien mosaiko kolektibo bat sortu nahi da. Sare sozialen bidez egingo da eta irabazleak 500 eurotik gorako balioa duen sorta bat irabaziko du.
Gabonetako argazkien lehiaketa antolatu du Eibarko Udalak
2025/12/03 12:21
eta kitto!

Eibarko Udalak "Eibarko zure txoko gogokoena Gabonetan” lehiaketa jarri du abian. Ekimen honek Instagram eta Facebook sare sozialetan Gabonetako izpiritua irudikatzen duten herriko tokien argazkiak partekatzera gonbidatzen ditu herritarrak. 

Ideiaren helburua da "herritarrek gehien maite dituzten hiri-espazioei balioa ematea, nortasun kolektiboa indartzea eta mosaiko bisual handi bat sortzea, Eibarrek Gabonak nola bizi dituen erakusteko", azaldu dute Udaletik. Parte-hartzaileek herriko kaleak, plazak, fatxadak, dendak, balkoiak, oinezkoentzako guneak edo edozein txoko esanguratsu erretratatu ahal izango dute, betiere gabon giroan murgilduta. Ekimen honen bidez, gainera, "hiria Gabonetan dinamizatu nahi da, haren merkataritza-, kultura- eta zerbitzu-gaitasuna indartu, eta herritarren parte-hartzea, sormena eta jai-giroaren hedapena bultzatu sare sozialen bidez", diote.

Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da argazkia #GABONAKEIBARREN25 traolarekin argitaratzea, Udalaren kontu ofiziala (@eibarkoudala) aipatzea eta Instagramen edo Facebooken profil publiko batetik egitea. Erabiltzaile bakoitzak argazki bakarrarekin lehiatu ahal izango du, edozein gailurekin eta nahi duen estiloan (kolorea, zuri-beltza, iragazkiak, etab.). Aukeran, azalpen labur bat gehitu ahal izango dute, txoko hori zergatik aukeratu duten azaltzeko.

2026ko urtarrilaren 7an, Udalak zozketa egingo du irudi guztien artean, eta irabazlearen izena argitaratuko du profil ofizialetan. Saria saski bat izango da bertako produktuekin, "Coliseoaren laguna 2025" bi txartel eta Erosi Eibarren txartelak; hori guztia 500 eurotik gorako balioa duen lotea.

Lehiaketaren oinarriak www.eibar.eus webgunean daude eskuragarri. Beste kontsulta batzuk egiteko, interesdunek Idazkaritza Arloarekin (Komunikazioa eta Gardentasuna) harremanetan jar daitezke lehiaketa@eibar.eus helbidearen bidez.