Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia antolatu du Eitzagako hondamendiaren seigarren urteurrenean

Sei urte beteko dira otsailaren 6an Eitzagan zabortegia amildu eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak hil zirela eta, hondamendia gogoan, Zaldibar Argitu herri plataformak ekitaldia antolatu du otsailaren 8rako (domeka), 12:30ean Eitzagan.
Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia antolatu du Eitzagako hondamendiaren seigarren urteurrenean
2026/01/26 18:10
Silbia Hernandez Arrazola

Verter Recycling 2002 SL enpresak kudeatutako Zaldibarko zabortegia amildu eta bi langile bertan lurperatuta hil zirela sei urte beteko dira laster eta, aurten ere, Eitzagako hondamendiaren urteurrenaren harira ekitaldia antolatu du Zaldibar Argitu herri plataformak, “hondamendia salatzeko, Alberto eta Joaquin gogoratzeko, eta erantzukizunak exijitzeko”, eta herritarrei, “bereziki zabortegiaren inguruko herritarrei” dei egin diete otsailaren 8an Eitzagara bertaratu daitezen.
Ekitaldia deitzearekin batera, Ingurumenaren aurkako delitua aztertzen duen auziak oraindik instrukzio fasean jarraitzen duela, eta epaitegiak behin eta berriz atzeratzen duela salatu du Zaldibar Argituk: “Eitzagako hondamendia Euskal Herrian gertatu den handienetakoa da, ingurumenari eta eremu jakin bateko biztanleen osasunari begira. Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren heriotza ekarri zuen desastreak. Goizean lanera irten ziren, sekula ez itzultzeko. Zer eta milaka tona hondakinen azpian geratzeko. Zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketa bi egotzi zien enpresariei 2021ean epaitegiak. Bina homizidio. Hori ebazteko 21 hilabete behar izan zuten. Ingurumenaren aurkako delitua aztertzen duen auziak 72 hilabete daramatza instrukzio fasean. Sei hilabetero sei hilabeteko luzapena ezartzen du epaitegiak. Azken luzapena azaro amaieran erabaki zuen Probintzia Auzitegiak, datorren ekainaren 1era arte. Iaz esan genuena berresten dugu, hitzez hitz: baina, zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko? Gu geu, gogaituta gaude”.