Zaloa eta Helene Otaduy: “Eskerrak eman behar dizkiogu Egoaiziari esperientzia hau bizitzeko aukera eman izanagatik”

Zaloa eta Helene Otaduy: “Eskerrak eman behar dizkiogu Egoaiziari esperientzia hau bizitzeko aukera eman izanagatik”
2023/10/06 11:52
eta kitto!
Perun izan dira abuztuan Zaloa eta Helene Otaduy ama-alaba eta, Egoaiziak bertan egiten duen lana gertutik ezagutzeaz gain, euren aletxoa jarri dute bertan egiten diren proiektuetan. Bertan ikusi eta bizi izan dutena kontatu digute, inoiz ahaztuko ez duten esperientzia baten testigantza.

Egoaiziak urte asko daramatza, Eibarko Udalaren laguntzarekin, Peruko Piura departamenduan lanean. Hainbat proiektu gauzatu ditu eta hainbat dira GKEak han garatzen dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dituzten eibartarrak ere. Oraingo honetan, Farmacook-eko Zaloa Otaduy farmaziaren eta elikaduraren inguruan ekarpenak egiteko gonbidatu dute, eta alaba Helenek hango umeekin egoteko ardura izan du.

Nola sortu zitzaizuen Egoaiziarekin Perun elkarlanean aritzeko aukera?

ZALOA: Egoaiziarekin hainbat ikastaro egin ditut. Harreman ona dut eurekin eta pentsaera berdina dugu. Orduan, Perura joateko gonbidapena egin zidaten eta aukera ederra iruditu zitzaidan. Hori bai, alabarekin joango nintzela esan nien, berak ere asko emateko zuela iruditzen zitzaidalako, eta bidaia ordaindu nion.

HELENE: Amak bere asmoen berri eman zidan eta ideia paregabea iruditu zitzaidan. Niri umeekin egoteko ardura tokatu zait gehienbat, amak lana egiten zuen bitartean. Udan umeen begirale izan naiz eta aukera ona zen Perun ere umeekin egoteko.

Zuentzat lehen aldia zen horrelako ekimen batean?

BIAK: Bai.

ZALOA: Beti egin nahi izan dut horrelako zerbait eta aukera hau opari zoragarria izan da.

Aurretik prestatu zineten horretarako?

ZALOA: Ez. Eurekin bilera batzuk egin genituen, baina eskerrak ez ziguten gehiegi erakutsi. Bertan bizi izan duguna pentsatzen nuena baino askoz ere gogorragoa izan da eta, aurretik jakin izanez gero, birritan pentsatu beharko nuke joatea. Hori bai, orain pozik nago joan garelako.

Zaloa, zer egiteko gonbidatu zintuzten?

ZALOA: Han anemia eta parasitosi asko dago, eta bertako elikaduraren egoera zein zen ikusteaz gain, erizainekin, medikuekin eta promotoreekin (familiekin harreman handia duten laguntzaileak) bilerak edukitzeko joan nintzen, gai horren inguruan gauzak hobetzeko asmoz. Hori hobetzea gauza handia dela iruditzen zitzaidan, baina zerbait eman nezakeela pentsatzen nuen.

Eta zer aurkitu zenuten bertan?

ZALOA: Oso gertuko jendea. ‘Jaten duguna gara’ kontzeptua lantzen dugu Farmacooken, baina hori baino gehiago gara, eta han elikadura bigarren mailakoa da. Hau da, horren aurretik babes bat egon behar da eta horren falta handia somatu dugu. Emakumeen eta umeen egoera oso gogorra da, ez dute babesik.

HELENE: Umeekin ibili nintzen batez ere, eta ikusten duzu hemengo umeen bezalakoak direla, behar berdinak dituztela, baina zoritxarrez ez dituztela baliabide berdinak. Askok ez dute eskolara joateko eskubiderik ere eta txiki-txikitatik hasten dira lanean, ez dute osasun-zerbitzu duinik... Gogorra da ikustea nola txikitatik exijitzen zaien hemen haurrei eskatzen ez zaizkien gauza batzuk.

Orduan, nola moldatu zarete pentsatuta zenutena gauzatzeko?

ZALOA: Elikaduraren inguruan espero nuena aurkitu nuen, hor ez nintzen larregi harritu. Elikadura arloan gure arazo berbera dute: lar kalte egiten duten gauzak jaten dituztela. Hau da, hemen bezala, zer jan beharko genuke? Litxarkeriak edo elikagaiak ez diren gauza guztiak albo batera laga, eta dugunarekin elikatu beharko ginateke. Farmacooken beti landu dut osasuna besteen osasunarekin batera, ezin da beste modu batean izan. Horregatik, bertako, sasoiko... produktuekin elikatzea sustatzen dugu, eta gurea ez dena bidezko merkataritzakoa izan dadila gutxienez. Azken arlo horretan lan handia egiten dihardu Egoaiziak. Adibidez, oso gune pobreetan egon gara, baina han kafea eta kakaoa lantzen dituzte, eta bidezko merkataritzako kooperatibak dituzte. Horren bitartez, produktuak salduz lortutako dirua han gelditzen da. Beraz, itzuli gara pentsatzen gauzatxoak egin daitezkeela. Borrokak orain hain globalizatuta daude, askotan galdu egiten garela eta azkenean ez dugula askorik egiten. Hemen ustez munduko tokirik onenean bizi gara, eta horrek zoriontasuna eta angustia sortzen dizkizu aldi berean, baina badago lana egiteko eta horrelako kontuetan ipini dezakegu arreta. Ez nekien Udalak gure diruarekin horrelako gauzak egiten zituela Perun, demasa da Egoaizia bezalako GKEa herrian edukitzea, bidezko merkataritzaren aldeko hautua egin dezakegu herrian bertan eta horrelako gauzen alde egitea bada zerbait, gehiegi ez bada ere.

Egoaiziak Perun egiten duen lana bertatik bertara ezagutu ahal izan duzue. Nolakoa da?

ZALOA: Asko hausnartu dugu horren inguruan. Han bizimodua oso ezberdina da eta zaila da euren tokian ipintzea, baina emakumeekin eta umeekin egon gara batez ere, eta ikusi dugu eurentzat oso garrantzitsua dela Egoaizia bezalako GKE bat han egotea. Babesa eta zaintza ematen die, eta demaseko lana egiten dute. Eibarrera iritsi nintzenean, 15 egunetan ezin izan nuen ezer esan. Oraindik han bizitakoa asimilatzen nengoen.

Peruko jendearekin harremanetan jarraituko  duzue?

ZALOA: Jarraituko dugu, seguru. Beharra ere sentitzen dugu.

HELENE: San Juan de Bigoten (Piurako distritua) egon ginen bitartean oso harreman estua egin genuen hango jendearekin, eta nire adineko jende askorekin berba egiteko aukera izan nuen. Zer ikasten ari naizen galdetzen zidaten eta unibertsitatea aprobetxatzeko zioten. Hor ikusten zen eurek ez zituztela guk ditugun aukera berberak eta nolako balioa ematen zioten horri. Eurekin denbora pasa dut eta telefono zenbakiak elkarri eman dizkiogu; orduan, eurekin harremanetan nago. Niretzat oparia izan da eta asko gustatuko litzaidake eurekin harremanetan jarraitzea.

Perura joan zineten zuen ekarpenak egitera, baina ikusten da zuek ere asko jaso duzuela.

HELENE: Asko!

ZALOA: Hori hasieratik argi genuen. Bi errealitate oso ezberdin dira eta argi dago beti jasoko duzula zerbait, baina egia da horrelako tokietara ‘behean’ joan behar zarela, eurek ‘goian’ jartzen zaituztelako, eta ezin da horrela izan. Munduko hainbat tokitan egon izan gara, baita toki pobreetan ere, baina toki horietatik itzuli ondoren hemengo olatuak berriz hartu gaitu eta  atzean laga dugu. Kasu honetan, ostera, bai da ahaztuko ez dugun gauza bat. Zorionez, onerako. Eskerrak eman behar dizkiogu Egoaiziari esperientzia hau bizitzeko aukera eman izanagatik. Oparia izan da, gainera, biok elkarrekin hau guztia bizitzea. Hori bai, lanean jarraitu behar dugu, begiak zabal-zabalik ahal dugun beste, eta gehien bat gertu dugunarekin, nik horretan sinisten baitut, hor bai eragin ahal dugulako.