Zaloa Urain, Kokein: "Kontzertua emoteko ilusiño haundixarekin goiaz"
- Zelan jaso zenduen TopaEgunean kontzertua eskintzeko inbitaziñua?
Beste kontzertu askorekin pasatzen dan lez, egun horretan joteko aukeria beste barik sortu zan, gu ezagutzen gaittuan baten batek ez dakit zeiñ ezagutzen dabela, harek beste bat… gehixenetan gauza batek beste batera eruaten zaittu eta Soraluzen hurrengo asteburuan eskinduko dogun emanaldixa be holan lotu genduan. Edozelan be, egixa da TopaEguna antolatzen-eta ibiltzen direnetako asko ezagutzen dittugula, moduren batian esateko gertu dakaguz eta joteko eskatu zeskuenian baiezkua emoteko dudarik ez genduan euki, ilusiñuarekin onartu genduan kontzertua emoteko proposamena.
- Euskeriaren aldeko jaixan kantatziak esanahi berezirik dauka taldiarendako?
Bai, holako ekitaldixetara beti pozik juaten gara. Izan be, Kokein osatzen dogunak betidanik egon gara prest euskeriaren alde antolatzen diran jai eta ekitaldixetan parte hartzeko, gustora juaten gara holakuetara.
- Soraluzekua, gaiñera, ez da izango jai berezixeri lotuta emongo dozuen kontzertu bakarra, datorren hillian Durangon beste hitzordu berezi bat daukazue-eta…
Hala da, urriaren 19xan Landakon eta Plateruena kafe antzokixan egingo dan Deaffest izeneko jaixak kontzertu mordua hartuko dittu. Gure taldiarekin batera talde zerrenda luziak osatzen dau kartela: Berri Txarrak, Willis Drummond, Non Servium, Porco Bravo… Talde morduak batera jardutia beti da aberasgarrixa, gaiñera. Batetik, beste talde batzurengandik ikasteko aukeria emoten dau eta gure arteko hartuemonak sendotzeko lagungarrixa be bada. Eta taldien aldetik holako eskintza zabala daguanian, kontzertuak erakarritta batzen dan publikua be zabalagua izaten da. Azken batian talde bakotxak jarraitzaille tipo bat eukitzen dogu eta, alkarrekin jardutian, publikuak aurretik ezagutzen ez zittuan beste talde batzuren biharra zuzenian entzuteko aukeria dauka eta, gustuen arabera, zaletasun barrixak sortzeko bidia be badira holako makro-kontzertuak.
- Jaialdixetatik kanpora Emarock izenekuan parte hartzen dozue. Zelako proiektua da?
Emarock proiektuaren inguruan musikan dihardugun neska mordua batu gara, musika munduko andrak osatzen dabelako Emarock-en ardatza. Kontzertuetan argazkixak etaratzen jarduten daben Gauilunak-eko Saioaren bittartez sartu giñan gu honetan eta oiñ arte egin dittugunekin oso pozik gagoz. Gaiñera, etorkizunian jarraipena eukiko daben proiektua da eta aurrerago horren inguruan gauza barrixak sortzen juango dira. Nere kasuan, gaiñera, Kokein taldian neska bakarra izanda pozik dihardut eta taldekidiak mutillak izanda be nerekin batera Emarockera gerturatu dittut, danak alkarrekin jarduten dogu eta oso esperientzia politta dala uste dot.
- Goserekin batera, jaixa agurtzeko arduria eukiko dozue. Pentsau dozue nundik nora joko dozuen emanaldixan?
Normalian ez dogu izaten holako plan zihetzik kontzertuen aurretik, pixkat momentuaren arabera alde batera edo bestera egitten juaten gara eta, horren arabera, batzuetan rockeroagua geratzen jaku, beste batzuetan lasaixagua… Egunian bertan erabagitzen dan zeozer izaten da hori. Dana dala, sanfermiñetarako lotuta eguan kontzertua bertan behera laga bihar izan genduan, gaixotu nintzalako. Horrelakuak amorru modukua lagatzen detsue beti eta, egixa esateko, Soraluzera gogo morduarekin juango gara, luzaruan ez dogu eszenatokixa zapaldu eta zuzenian joteko irrikitan gaoz. Gaiñera, kontzertua gure herrittik horren gertu izatian, jende mordua ikustera batzia espero dogu.
- Uztailian "Zain egon gabe" bideoklipa estrenau eta egun gitxitan arrakasta itzela euki eban. Honezkero euskal musikagintzan berezko tokixa lortu dau Kokeinek?
Pentsatzen dot honetan, beste gauza batzuetan lez, danok geure tokixa dakagula. Hortik aurrera norberak betetzen daben tokixa zelakua dan, haundixa, txikixa… hori oso subjetibua izaten da. Edozelan be guk suerte haundixa dakagu benetan be, urte asko daroiaguz eta, gustatzen jakuna egitteko aukeria eukitziaz haratago, guk erabagitzen dogu noiz grabau, nun, biniluan diskua kaleratzia nahi genduan eta hor dago… Behintzat, gure kasuan genkagun ametsa betzeko tokixa lortu dogula esan geinke.