Zamakola lantegi-etxea, altxor bat Otaola etorbidean

Herriko ondare industrialaren ikur den eraikina bertatik bertara ezagutu dugu
2024/05/24 10:53
eta kitto!

Eibarko ondare industrialaren lekukoa da Zamakola lantegi-etxea. Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen 2015ean, Sailkatutako Kultura Ondasuna dela argudiatuz eta, tailerraren gunea zaharberritu ondoren, bisitatzeko aukera dago. Guk Ilde Zamakola Aristegirekin egin dugu bisita eta bere familiaren eta lantegi-etxearen jardunaren berri eman digu.

 

Otaola etorbidearen 28. zenbakian altxor bat ezkutatzen duen etxe hori bat dago. Espaloi estuan aurkitzen dugu bertan sartzeko atea eta barruan ondo gordetako tailer bat aurkitu dezakegu. Ez da erraza herrian zutik jarraitzen duten lantegi-etxeak aurkitzea, are gutxiago hain egoera onean. Goian, bi pisuko etxea (eta ganbara) du eta behean 36 metro karratuko tailerra.

Ilde Zamakola Aristegik egin digu harrera, Pablo Zamakola Arizagaren alabak. Azken horren aitonak, Felipe Zamakola Arregik, sortu zuen lantegi-etxea 1870. urte inguruan. “Ego ibaia pasatzen da etxearen albotik eta hori izan zen tailerra bertan eraikitzeko arrazoi nagusietako bat, uraren indarra behar zutelako makineria martxan jartzeko, ur-errotaren laguntzarekin”, azaldu digu Ildek. “Tailerraren hasierako urteetan ez zegoen fabrika askorik inguruan, eta oilategia eta ortua zeuden hurbil. Beraz, ortua ureztatzeko kanala zegoen eta makineria mugitzeko ere erabiltzen zen”, gehitzen du. Horrela, 1914. urtera arte uraren energia bakarrik erabili zuten bere jardunerako. Energia hori, ostera, batzuetan ez zen nahikoa izaten eta egurrezko palanka batzuk erabiltzen zituzten sabaian, uhal batzuk poleekin askatzeko. “Horrela, makinak behar ziren heinean erabiltzen ziren, ezin baitzuten denek batera funtzionatu”, Ildek azaldu digunez.

Esan bezala, 1914an energia elektrikoa erabiltzen hasi ziren, ezkerreko leihoan motor elektrikoa jarriz. Horrela, makina guztiak batera funtzionatzen hasi ziren, baina oraindik ez zen nahikoa eta, 60. hamarkadan, makina bakoitzean motor elektriko bat jarri zuten.

Errekako ura errotara eramaten zuen ubidea estalita dago orain, etxea duelako gainean, baina gaur egun ere ura nondik iristen zen ikusi daiteke oraindik. Izan ere, lantegi-etxera bisita eginez gero, ubidera ematen duten zenbait zulo eta sarbide ikusteko aukera dago. Baita ur-gordailua ikusteko aukera ere.

 

Kanoiak eta eskopetak

Felipe Zamakolak eskopeten kanoiak egiteko sortu zuen lantegia. “Eskopeta bat egiteko lau gremio ziren beharrezkoak. Kanoiak, kulatak eta txispak egin behar baitziren, eta gero den-dena muntatu”, azaldu digu Ildek.

Felipek fabrika laga ondoren, Pablo Zamakola Uriarte semeak hartu zuen bere lekukoa. Honek ‘Zamakola e Hijos’ enpresa sortu zuen Juan, Silvestre, Pablo, Francisco eta Candido semeekin, baina Gerra Zibila hasi zen eta Pablo aitak eta Candido semeak bizia galdu zuten. “Aitarengandik ez dut ezer entzun gerraren inguruan”, diosku Ildek, gudak eragindako trauma gogoratuz. “Beste toki batetik iritsi zaizkit gerrako kontuak”.

Gerra Zibilaren ostean, familiak eskopetak egiten jarraitu zuen ‘Zamakola Hermanos’ izen sozialarekin, eta 1954. urtean ‘E. Schilling y Cia’ enpresari erositako ‘Jabali’ marka merkaturatu zuen. Bitxikeria bezala, Miguel Delibes idazleak eduki zuen lehen eskopeta ‘Jabali’ markakoa izan zen.

Pablo Zamakola Arizaga (Ilderen aita) izan zen familiako azken maisu armagina, eta beste lau kiderekin (Emeterio, Prudencio, Benjamin eta Carmelo) aritu zen lanean Otaolako lantegiak martxan jarraitu zuen azken urteetan.

Fabrikak 1969. urtean eten zuen bere jarduna eta Zamakolatarrek 1982. urtera arte jarraitu zuten eskopetak fabrikatzen. Izan ere, Mendiguren eta Zarraua kanoiak egiten hasi zirenean, errentagarriagoa zen egindako kanoiak erostea. Dena dela, Otaola hiribideko etxeak zutik jarraitu zuen eta Ildek, bere aitaren gogoak asetu asmoz, lantegi-etxea egoera onean mantendu zuen.

 

Eskopeten kanoiak egiteko artea

Ildek azaldu digun bezala, “bertako jarduna ez zen kanoiak eta eskopetak egitera mugatzen, tailerrean askoz ere gauza gehiago egiten baitziren”. Izan ere, Zamakolatarren jardun nagusia hori izan arren, kanoiak egiteko altzairuarekin lanketa handia egin behar zuten eta, gainera, bestelako lanak ere egiten zituzten.

Kanoiak egiteko prozesua azaldu digu Ildek. Bere berbetan, hagaxkak Bilbotik heltzen ziren, Uribecheverria fundiziotik. “Altzairu berezikoak ziren eta bi metroo luzeera izaten zuten”, diosku.

Hagaxkak jasotzen zituztenean sutegira eramaten zituzten, “sutaira”, eta han zatitu egiten ziren. “Pieza batetik hiru irteten ziren”, Ildek azaldu digunez, eta ondoren piezei koxka jartzen zitzaien atzeko aldean. Gainera, ezer egiten hasi aurretik, altzairu zatien kanpoko aldea leundu egin behar zen.

Suari dagokionez, Ildek esan digu harrikatzarekin egiten zela lehenik, eta gero gasoleoa erabiltzen zela. “Sutai barruan adreilu errefraktarioa zegoen, eta urtero edo bi urtetik behin aldatu behar zen, apurtu egiten zirelako”, gehitzen du.

Hagaxkak sutik ateratzerakoan, altzairu zatiak hozteko, bale-olioan sartzen zituzten. “Ez uretan”, azpimarratzen du Ildek. Eta ondoren, zorroztu egiten ziren.

Kanoi-zuloak egiteko, makina zulatzailean kanoia biraka jartzen zen, eta alde batetik eta bestetik barautsak elkartzen joaten ziren poliki-poliki. Ondo kalkulatuta zuten nola egin. Izan ere, puntu batean, barautsa ez apurtzeko, punta bat atera egiten zuten eta besteak jarraitzen zuen bidea egiten, kanoia zulatuz. Gero, otxabu bat pasatzen zen kanoi-zuloa berdintzeko.

Nabaria da prozesu horretan altzairu zatiek galtzen zuten pisua: Ildek zulatutako eta zulatu gabeko zati bana eman dizkigu eta alderatu ahal izan ditugu.

Hurrengo pausoa kanoia barrutik zuzentzea eta kanpotik leuntzea zen, bertan zegoen harri handi batekin. Gainera, kanoiaren zulaketaren marruskadura leuntzeko, lantegiaren beheko aldean hodiak jarri zituzten, eta handik taladrina makina guztietan zehar banatzen zen.

Pablo Zamakola Aristegi Ilderen anaiak Armagintza Museoak landutako bideo batean azaltzen duen bezala, bi kanoi mota egiten zituzten bertan: kanoi arrunta eta Demiblock kanoia. “Demiblock kanoiak koskorra kanoiari erantsita zeukan eta askoz zailagoa zen lantzeko, pieza osoa biratzen zenez kontu handiz ibili behar zelako. Bestela koskor horrek atzamarra harrapa zezakeen. Baina langileek trebetasun handiz egiten zuten”, azaltzen duenez. “Gainera, sasoi batean kanoiak elkartu egiten ziren, baina Demiblockak ez, kanoi arruntak bakarrik, azken horiek Maria Angela kaleko tailerrean egiten zirelako”, azpimarratzen du.

Herriko iragan industriala ezagutzeko toki ezinhobea da Zamakola lantegi-etxea eta gozamena da hango jardunaren lekuko izan direnen azalpenak entzutea. Ez galdu bisitatzeko aukera.