Zapatuan San Blas opilak egiteko ikastaroa egingo da Arrate Kultur Elkartean

Zapatuan San Blas opilak egiteko ikastaroa egingo da Arrate Kultur Elkartean
2024/01/22 11:09
eta kitto!
San Blas opilak egiteko ikastaroa antolatu du Arrate Kultur Elkarteak. Edurne Zenarruzabeitiak emango du urtarrilaren 27an, 11:00etan, Kultun bertan. Parte hartzeko, 5 euro ordaindu beharko dira, baina bazkideentzat doan izango da ikastaroa. Izena emateko arratekultu@gmail.com helbidera idatzi edo 638 284 912 telefonora idatzi behar da.

Bestalde, iaz egindako ikastaroan, Edurne Zenarruzabeitiak sanblasak egiteko errezeta eman zigun, eta bideo honetan pausoz pauso azaldu zigun opilak nola egin.


SAN BLAS OPILAK EGITEKO ERREZETA


OSAGAIAK (6 opil egiteko)

• Dozena bat arrautza (hortik hiru zuringo hartu)

• Irina: 2 kg

• Azukrea: 750 g

• Legamia: sobre bat

• Koipea edo gurina: 150 g

• Anis esentzia: hodi bat

PAUSOAK

1- Osagaiak ondo nahastu eta oratu katilu batean. Irina pixkanaka joan botatzen eta, pixka bat gogorra dagoenean, estalki edo mahai gainean irina ipini eta nahasketa bertan bota.

2- Masa egin, eskuekin ondo nahastuz. Irina gehitzen joan, masak eskatzen duenaren arabera. Masa estalkian, mahaian edo eskuetan pegatzen ez denean, ondo egongo da.

3- Masa sei zatitan banatu eta forma eman. Forma emateko, irina bota eta botila edo arrabolarekin masa zabaldu.

4- Bi opil laban sartzeko prest daudenean, laba berotzen jarri (180º) eta, bitartean, blanketa egin. Horretarako, hiru zuringoak elur-punturaino irabiatu. Ondoren, azukre-hautsa bota eta 10 minutuz irabiatu.

5- Laba bero dagoenean (180º-190º), forma duten masa zatiak sartu 20 minutuz. Laba guztiak berdinak ez direnez, begiratzen joan behar da eta, zure gustura txigortzen denean, atera.

6- Labatik ateratzerakoan, opilak estalkiaren edo mahaiaren gainean jarri eta hoztu baino lehenago gainean zuria edo blanketa jarri koilararen atzeko aldearekin. Blanketa jarri ondoren, lehortzen laga ordu batzuetan (arratsaldean eginez gero, hurrengo eguneko goizera arte).