Zapatui, La Salle Azitaingo neskak irabazle bihurtu dituen zapata
La Salle Azitaingo Just Do It taldeak Start Innova, gazteen ekintzaile jarrera bermatzea helburu duen lehiaketa irabazi du. Haien asmakizuna, Zapatui, sinplea bezain erabilgarria da (ikusi bideoa ...eta kitto!-ren Youtube kanalean). Uztai (roska) baten bitartez, zapataren takoia aldatzean datza, hiru garaiera ezberdin izanik: takoi gabekoa, takoi ertaina eta takoia altua nahiz plataforma. Ainhoa Caceres, Goizane Iglesias, Leire Perez eta Susana Zubiaurre saria altxatu zuten aurreko astean EHUko Ibaetako Kanpusean, guraso, irakasle, ikaskide eta beste parte hartzaile guztiez inguraturik zeudela. “Izugarrizko sorpresa izan da. Nahiz eta gure lagunei primerako ideia iruditu, ez genuen uste irabaziko genuenik!”, aitortu dute.
Burutazioa asmakizun apartak sortzen diren modura heldu zitzaien. Astelehena zen eta asteburu osteko oinetako minak gazteak “akabatuta” zituen. Takoi altuak eramateak sortzen duen min hura izan zen, hain zuzen ere, eibartarren proiektu irabazlea inspiratu zuena. “Ez zen bururatu zitzaigun lehenengo gauza, baina zerbait erabilgarria asmatu nahi genuen. Gainera, moda gustukoa dugu eta, horregatik, zapataren ideia bikaina iruditu zitzaigun; baita oso praktikoa ere”, azaldu du Susana Zubiaurrek.
Hortik aurrera, ideia hedatzen joan ziren, faseak gainditzen eta, aurkeztu ziren 121 proiektuetatik, Zapatui finalera heldu zen, lehenengo hamarren artean gelditu baitzen. Hortaz, proiektuaren aurkezpena prestatu behar izan zuten eta, horretarako, Just Do It – eko neskek zapataren prototipoa eta webgunea prestatu zuten; hau da, proiektua errealitate bihurtu zuten.
“Mireiaren laguntza ezinbestekoa izan da azken atal honetan, batik bat, aurkezpena prestatzeko”, onartu du Ainhoa Caceresek. Mireia Jauregibarriaz ari da, prozesu honetan lagundu dien irakasleaz. Izan ere, lehiaketaren aurreko edizioa Jauregibarriaren beste talde bat irabazi zuen, Manolos izenekoa, galdutako giltzak aurkitzeko sistema asmatu zutenak.
Urduritasunaren finala
Aurkezpenaren eguna, gogoratzen dute, oso polita izan zen. “Urduri geunden, batez ere besteen agerpenak ikusi genituenean”, azaldu du Goizane Iglesiasek. Eta, haien txanda heldu zenean, epai mailaren galderak “jokoz kanpo” utzi zituen, Sevillatik eskaera bat izanda nola erantzungo ote zuten galdetu zietenean. “Furgoneta bat hartu eta Sevillara joango ginateke; joan behar izanez gero, edonora joateko prest gaude eta”, erantzun zuen Ainhoa Caceres, antzoki guztiaren barreak eraginez. Oraindik gorritzen da pasadizo hura gogoratzean.
Dena dela, badirudi erantzuna epai mailaren gustukoa izan zela. Eta Zapatui zapatak epai mahaikideren batek jantzita eraman izan balitu, asko eskertuko zuela; horrela, agian, sariak banatzerakoan eduki zuen erorketa eragoztea lortuko zuen. “Uste genuen guri eman behar zigula saria, laugarren saria. Oso gafeak gara eta emakumea lurrera jausi zenez…”, azaltzen dute irribarretsu neska berritsuek.
Edozein modutan ere, Start Innova lehiaketak bere helburua lortu zuen, irabazleekin behintzat. “Ez genuen inoiz aukera hau kontuan izan, baina, lehiaketaren ondorioz, proiektu polit bat aurkituz gero, saiatuko gara. Laurak elkarrekin, noski”, ziurtatu du Leire Perezek. Bitartean, ikasten jarraituko dute, Zapatuiri esker ikasi duten guztia gogoan izaten dutelarik.