Zaurgarritasun ekonomikoa handiagoa da emakumeetan: baietza jasotako 761 eskabidetatik 501 emakumeek egin dituzte gizarte zerbitzuetan

2023ko gizarte alorreko ekintzak eta datuak txosten batean biltzeaz gain, dirulaguntza-lerroak gogorarazi dituzte Eibarko Udaletik
Zaurgarritasun ekonomikoa handiagoa da emakumeetan: baietza jasotako 761 eskabidetatik 501 emakumeek egin dituzte gizarte zerbitzuetan
2024/04/18 13:35
eta kitto!

Eibarko Udaleko Gizartekintza sailak ezagutzera emandako datuen arabera,"zaurgarritasun ekonomikoari dagokionez, nabarmendu beharreko datu bat zera da: baietza jasotako 761 eskaeretatik, 501 emakumeek egin dituztela eta 260 gizonek, eta horrek argi erakusten du oraindik ere emakumeak ahulagoak direla ekonomikoki".
 
2023ko gizarte alorreko ekintzak eta datuak txosten batean biltzeaz gain, Udalaren dirulaguntza-lerroak gogorarazi dituzte, "laguntzak baitaude bai familientzat, pentsionistentzat, eta baliabide ekonomiko urriak dituztenentzat".
 
Bestalde, Gurutze Gorriarekin duen lankidetza-hitzarmenaren bidez, muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden herritarren oinarrizko premiak asetzen ditu Udalak: haurtxoentzako loteak (esnea, zerealak, pixoihalak eta higieneko produktuak) banatu dira  300 umeren artean; jostailu hezigarriak jaso dituzte196 neska-mutikok; eskola-materiala jaso dute 95 ikaslek, eta premia handiko produktuak erosteko 141 txartel banatu dira 91 familiren artean.

Larrialdiko eta gizarte-larrialdiko egoerei premiaz erantzuteko baliabideak ere badaude, hala nola gizarte-larrialdiko harrera-pisuak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako harrera-pisuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte-larrialdietako zerbitzua, larrialdiko ostatua eta arreta.  
 
Gizarteratze-datuei dagokienez, 4 pertsona daude udal-tutoretzapeko etxebizitzetan eta beste 4 Gipuzkoako Foru Aldundiko tutoretzapeko etxebizitzetan, 24 pertsona Udalaren programa sozioedukatiboan, 9 pertsona bazterketan espezializatutako balorazioan eta akonpainamenduan, eta 14 pertsona GFAko programa sozioedukatiboan.
 
Bazterketa-arriskuan edo -egoeran artatutako pertsonen datu demografikoei dagokienez, artatutako gizonen ehunekoa emakumeena baino handiagoa da, gehienak 40 eta 60 urte bitartekoak dira eta pertsona horietako gehienak ez daude erroldatuta.

 

Pertsona nagusiei zuzendutako ekintzak

Pertsona nagusiekin egindako lana herrian dauden adineko lau zentroen bidez egiten da. Erronka askori egin behar zaio aurre: nahi gabeko bakardadea, mendekotasuna, babesgabetasuna, bai eta adinekoen aktibazioa ere, zahartze aktibo eta osasungarrirako espazio egokiak sortuz.
 
Urtean zehar, hainbat tailer eta jarduera egin dira adinekoen zentroetan. Nabarmentzekoa da 2023ko urrian abian jarritako akonpainamendu psikosozialeko programa, oso harrera ona izan duena adinekoen lau zentroetan. 74 bat pertsona inguruk parte hartzen dute programan.  
 
Pertsona Nagusien Mahaia sortu da, non adinekoekin eta adinekoentzat lan egiten duten erakundeek beren kezkak, arazoak eta proposamenak helarazi ditzaketen. "Mahai hori  gune parte-hartzailea da, baina  ez loteslea", azaldu dute.