Zein da zeure papela?
Gure esku dago adimen urritasuna dakenen ingurua atseginagua izatia. Hori aditzera emon nahi dabe aurtengo kanpaiñarekin. Gaiñera, aurkezpenian esan eben moduan, "gizartia danok osatzen dogun aldetik, holan jokatuta guretzat be gizarte hobia" izatia lortuko dogu. Atzegikuak azaldu eben moduan, "adimen urritasuna dakenak, bestiok lez, jendiaren maittasuna eta laguntasuna sentidu nahi dabe. Kalian doiazenian agur esatia, edo egitten daben gauzeri erreparatzia, holako keiñuak bihotzez eskertzen dittue eta holako jarreria eukitzia oso inportantia da, gizartian euren tokixa dakela sentitzen laguntzen detselako".
Batek baiño gehixagok pentsauko dau: "Eta zelan lagundu neike nik horretan?". Ba, zalantza guztiak argitzen laguntzeko, egin leikiazen hainbat gauzarekin zerrendia preparau dabe Atzegikuak: "Atzegiko aldizkarixa etxian jasotzen dabenak, adibidez, irakorri eta gero tabernaren batian laga leike, beste batzuk be irakorri deixen; edo Atzegik Facebook edo Twitterren sartzen dittuan edukixak lagunekin partekatu; kartelak pegatzen lagundu; alkartekuak norberan seme-alaben ikastetxiekin kontaktuan ipintzen lagundu, bertan hitzaldixa emotera juateko; adimen urritasuna dakenak praktiketan hartzen dittuen tokixen barri emon; lantzian behin, adimen urritasuna dakan baten batekin zinera juateko edo kafia hartzeko geratu; laguntzeko famelixarik ez dakeneri errekauren bat egitten lagundu; jarduerak antolatzen dittuan talde edo alkarteko kidia bazara, adimen urritasuna dakenak jardueretan parte hartzeko modua izateko bidia zabaldu; eta bestieri eskintzeko denporia badakazu, boluntarixo egittera animau. Nahi dabenak www.atzegi.org helbidian Atzegiren gaiñeko informaziño zabala topauko dau eta, bestela, alkartiarekin kontaktuan ipiñi leike, telefonua, internet eta bestelako baliabidiak erabillitta".
Euren premiñetara moldatzia
Laguntasuna eskintzeko moduetako bat, normalian egitten diran jardueretan Atzegiko kidien partehartzia posible egitteko bidia zabaltzia litzake eta horren adibide garbixa Galdaramiñoko mendi lasterketaren azken ediziñuan bertan ikusi geinke. Lasterketia antolatzeko biharrian jarduten daben Edu Uribek asteleheneko ekitaldixan kontau ebanez, "Urkiko jaixetan antolatzen dogun mendi lasterketan aurten beste proba bat preparau genduan, bereziki Atzegikuendako eta benetan be oso esperientzia politta izan zan. Lasterketia egin zan egunian eurixa geratu barik bota eban, baiña halanda be eurak edarto pasau eben. Antxitxiketan ibilli barik, Atzegikuak oiñez bete eben ibilbidia, eta antxitxiketan zebizeneri animuak emoten ibilli ziran denpora osuan, txaluak eginda eta garraxika. Proba amaitzian irabazlieri sarixak banatzen be lagundu eben. Korrikalarixak esan zeskuenez, Atzegikuak oso giro politta sortu eben. Azken batian, Atzegiko lagunak oso pozik hartu eben parte ekitaldixan eta korrikalarixak be pozik eguazen, bestietan baiño giro polittagua egon zalako. Jarduerak pixkat moldatzia, besterik ez da bihar adimen urritasuna dakenak parte hartzeko aukeria izateko eta holakuak benetan eskertzen dittue".
Astelehenian hasi eta gaur arte probintzia guztian 8.000 kartel ipiñi dittue denda, kale eta bestelako tokixetan, Atzegikuen bizimodua erosuagua izateko gure inplikaziñua zuzenian eskatzen. Eta kanpaiñaren gaiñian gehixago jakin nahi dabenandako www.atzegi.org/aurkituzeurepapera bloga sortu dabe. Nahixago dogun moduan, guk betetzeko paperik egokixena aukeratzeko dei egitten deskue kartelak eta, zelan egiñ entzungor danon mesederako izango dan holako eskaeriari?