Zerbitzuaren lehen sei hilabeteetan 13.280 kilo hondakin bildu dituzte arrandegietan
Arrain hondakinak biltzeko zerbitzua maiatzean abiatu zutenetik, 13.280 kilo arrain hondakin jaso dituzte, Debabarreneko Mankomunitateak emandako datuen arabera. Hori dela eta, arrain hondakinak Eibarko Garbiguneko hozkailura eramaten ari diren arrandegi guztien jarrera eskertu nahi dute Mankomunitatetik. Bertatik adierazi dutenez, “bilketa berri hori aurtengo maiatzean jarri zen martxan, eta Foru Aldundiak finantzatu zuen. Indarrean dagoen legeria betetzeaz gain, hondakin horiek hiriguneetatik atera dira, usain txarrak ekidinez eta hiri ingurunea hobetuz”. Azaldu dutenez, “legearen arabera, hondakin horiek ezin dira edukiontzi organikoan edo gainerakoetan utzi, orain arte egiten zen bezala”.
Arrandegiak bisitatzen ibili eta gero, Eibarko Garbigunean hozkailu bat jarri zuten eskualdeko arrandegiek hondakinak bertara eramateko: “Horrekin batera, arrandegi bakoitzari hozkailua zabaltzeko giltza bana eman zitzaion, eta deskarga bakoitzean utzitako kilogramoak apuntatzeko eskatu zitzaien. Arrandegien inplikazioari esker ekimena arrakastatsua izan da”.
Hondakin horiek lehen Zubietako erraustegira eramaten zituzten, baina gaur egun Mundakako Barna enpresak birziklatzen ditu, eta arrain-irinak egiteko erabiltzen dira. Zerbitzu berria Ermua, Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko arrandegiek erabiltzen ari dira gehienbat. Zehaztu dutenez, Eibarko Garbiguneaz gain, eskualde mailan beste bilketa-puntu batzuk daudela kontuan izan behar da, “Mutriku eta Debako arrandegiek zuzenean eramaten baitituzte hondakinak Barna enpresak Ondarroako portuan duen hozkailura”.