Zuhaitz Gurrutxaga: “Gutxitan jakiten da futbolariek benetan zer pentsatzen edo sentitzen duten”

Elgoibarko futbolari ohiak FubtolisTOC izeneko bakarrizketa eskainiko du gaur Coliseo antzokian
Zuhaitz Gurrutxaga: “Gutxitan jakiten da futbolariek benetan zer pentsatzen edo sentitzen duten”
2024/05/03 10:43
eta kitto!

19 urterekin Realarekin debuta egin zuen, goia jo zuen aurrelari handienei markaketa gogoangarriak eginez, futbolaren distirak inguratzen zuen bere bizitza, baina bere barrenean gauzak beste modu batekoak ziren. Antsietatea, depresioa, Nahasmendu Obsesibo-Konpultsiboa (NOK, gazteleraz TOC)… Ez ziren bidelagun atseginak izan Gurrutxagarentzat, baina orain, urteak pasata, umorez kontatzen ditu sasoi hartan bizitakoak.

Futbol profesionala laga ondoren, abeslari, telebistako aurkezle, aktore eta bakarlari bezala ikusi dugu elgoibartarra. Umorea lagun, lehen pertsonan bizitako gai sakonak azaleratu ditu, besteak beste, eta 2019an ‘FutbolisTOC’ bakarrizketa saioa aurkeztu zuen. Orain Eibarren ikusteko aukera izango dugu, gaur bertan, 20:00etan, Coliseo antzokian.

 

Urteak daramatzazu ‘FutbolisTOC’ bakarrizketan futbolari bezala sentitzen zenuena azaltzen, baina hasieran nola sentitu zinen bizipen horiek publiko aurrean azaleratzerakoan?

Niretzat deskubrimendua izan zen. Hasieran, material narratibo ona edo interesgarria zela iruditzen zitzaidalako atera nuen publikora. Izan ere, futbolaz asko hitz egiten da egunero, aldi oro ikusten dugu telebistan, irratian eta toki guztietan, baina gutxitan jakiten da futbolariek benetan zer pentsatzen edo sentitzen duten. Normalean oso mundu hermetikoa da eta futbolariek nahiago dute, eta nik ere nahiago nuen niresasoian, ezer ez kontatzea, hurrengo egunean egunkarietako titularretan agertzeko arriskua dagoelako. Horregatik, askotan esaten dira hain esaldi topikoak, bide arruntetik ez ateratzeko eta istiluetan ez sartzeko. Orduan, hori jakinda, material narratibo ona iruditu zitzaidan, baina gero ikusi nuen niretzat ere sendagarria edo onuragarria izan zela sasoi hartako bizipen ez hain onak umorez kontatzea, pixkanaka bakeak egin nituelako nire buruarekin eta futbolarekin.

Gauza horiek umorez kontatzeak lagundu egiten du?

Bai, guztiz. Modu askotara kontatu dezakezu, baina umorez kontatzerakoan eta neure buruaz barre egiterakoan, konturatzen nintzen niri ere bakeak egiten laguntzen zidala. Izan ere, bere garaian sufritu egin nuen debutean kaleratua izanagatik, penalti bat huts egiteagatik edo horrelako mila gauzagatik, eta soilik horretaz barre egitea lortu nuenenean desagertu zen sufrimendu hori, edo gutxitu behintzat. Norberaren arazoak edo porrotak umorez kontatzeak asko laguntzen du gauzak desdramatizatzeko eta erlatibizatzeko.

Publikoak ere, horrelako kontakizun sakonak umorez jasotzen baditu, beste modu batean hartzen ditu, ezta?

Bai, hori da. Publikoari barrea eragiteaz gain nolabaiteko mezu bat igortzen badiozu, ekintzak balio bikoitza hartzen du, interesgarria egiten zaiolako eta barre egiten duelako. Hori borobila dela iruditzen zait (lortuz gero, noski).

Bakarrizketan kontatzen dituzun bizipenak nola bizi izan zenituen sasoi hartan? Noizbait azaleratuko zenituela pentsatu zenuen?

22 edo 23 urterekin, Realeko jokalaria nintzenean eta gauza hauek guztiak gertatzen hasi zitzaizkidanean, ez nuen pentsatu ere egiten hori kontagarria izan zitekeenik, niretzat oso lotsagarria zelako. Ezkutatu egiten nuen. Beraz, ez nuen uste inori kontatuko nionik, are gutxiago eszenatoki gainean. Egia da gero, urteak aurrera joan ahala, eszenatokien mundura arrimatzen hasi nintzenean, zerbait bazegoela ikusi nuela. Bakarrizketekin hasi nintzenean futboleko anekdotak soilik kontatzen nituen, ez nuen buru osasunaz hitz egiten, baina bai pentsatzen nuen material narratibo ona izan zitekeela eta, gainera, onuragarria niretzat. Momentu egokia aurkitu behar nuen eta orain dela pare bat urte iruditu zitzaidan horretarako unea iritsi zela.

"“Osasungarria izan zen sasoi hartako bizipenak umorez kontatzea, bakeak egin nituelako nire buruarekin eta futbolarekin”

3-4 urte daramatzazu ‘FutbolisTOC’ ikuskizunarekin. Nolakoa izan da urte hauetako bidea?

Nahiko desastrea naiz eta hau egiteaz gain, antzerkian ere banabil ekoiztetxe batekin. Euren birak oso pentsatuak daude: noiz hasi, noiz amaitu, eta abar. Bakarrizketa nik eramaten dudanez, nahiko desastre da bira moduan. Orain dela lau urte hasi nintzen, bost hilabete ezer egin gabe egoten naiz, gero bueltatu eta hiru segidan egiten ditut… Ikuskizuna ikusi nahi duen jendea nahiko erotuta daukat, noiz ikusi dezaketen galdetzen didatelako eta neronek ere ez dakit. Lau urte pasa dira, baina hutsune oso handiekin. Bestalde, askotan pentsatzen dut lau urte daramatzadala gauza bera kontatzen, baina zenbat jendek oraindik ez duen ikusi, eta ikusi nahi duen ere pentsatu dut. Orain, ‘Subcampeones’ liburua argitaratu ondoren, piztualdia sortu da jendeak bakarrizketa ikusi nahi izateko, eta pentsatzen dut oraindik badagoela bakarrizketa ikusi nahi duen jendea eta herri asko tara ez naizela joan. Beraz, pentsatzen dut pixka batean jarraituko dudala, esan bezala, bira oso desordenatu batean, noski.

Musikaria, bakarrizketalaria eta aktorea zara, baina oraindik ere futbolista ohi edo futbolistatzat duzu zure burua?

Zer naizen galdetzen didatenean, futbolari ohia naizela esanez sentitzen naiz erosoen. Beste guztia nire ofizioa da duela hamar urtetik, zorte handia izan dut, baina jende askori gertatzen zaion moduan, iruzur baino, lan-intrusismoa egiten dudala sentitzen dut. Antzezlea, aurkezlea edo bakarrizketalaria naizela esatea zaila egiten zait, kulturaren mundu horretara paraxutista bat bezala erori naizela iruditzen zaidalako. Futbolari ohi bezala sentitzen naiz erosoen, futbolari profesional bezala 15 urte eta futbolean 20 urtetik gora pasa nituelako, eta nire buruari izen hori jarrita inor engainatzen ez dudala sentitzen dut. Beste etiketekin, ostera, beldurra eta lotsa sentitzen dut.

Ander Izagirrerekin oihartzun handia izan duen ‘Subcampeones’ liburua idatzi duzu. Nola bizi izan duzu liburuarekin sortu den mugimendua?

Pozgarria izan da. 10 urte egin ditut telebistan, antzerkian eta abar Euskal Herrian barna, eta demaseko zortea izan dut Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera izan dudalako, baita oraindik ere. Liburu honekin, gauzak kontatzeaz gain, Euskal Herritik irtetea bilatzen nuen. Ez aspirazio ekonomikorik nuelako (liburu bat idaztea ez da batere errentagarria, punta-puntakoa ez bazara behintzat), baizik eta toki eta jende berriak ezagutzeko. Liburu honi esker Ander eta biok bidaiatu egin dugu eta Madrilen, Bartzelonan, Salamancan, Santanderren eta beste hainbat tokitan egon gara, eta oso bolada polita dihardu izaten. Gauza berriak ezagutzen ari naiz oso bide berri batetik, literaturatik. Lehen esan badizut eszenatokien munduan paraxutista bezala erori naizela, imajinatu literaturan ze paraxutista naizen. Sei hilabete pasa dira liburua argitaratu genuenetik eta oso oihartzun polita izan du.

Labur-labur, zer kontatzen da liburuan?

Futbola beste mila gauza kontatzeko aitzakia da. Haurtzarotik hasitako bidea da, autobiografikoa. Futbolak  indar asko du eta, batez ere, futbolaren inguruan bizi izandakoak eta sentitu nituenak. Bakarrizketan bezala, hemen ere futbolari bati entzuten ez zaizkion gauzak kontatzen ditugu. Ez zaizkio entzuten ez sentitzen ez dituelako, baizik eta ez dituelako kontatu nahi, normala den bezala. Oso gauza polita izaten ari da, liburua irakurri ondoren futbolari eta futbolari ohi askok idatzi didatelako oso identifikatuta sentitzen direla esanez, eta oraindik futbolariak diren zenbaitek irakurketa lagungarria izaten ari zaiela esan didate. Beraz, imajinatu niretzat zeinen pozgarria den.

Zure sasoiarekin alderatuz, buru osasunarekin zerikusia duten gauzak aldatu egin dira futbolaren munduan?

Egoera hori hobetu egin da, argi eta garbi. Buru osasunaz hitz egiten da eta lehen hitz horiek zer ziren ere ez genekien. Adibide garbiena lehen pertsonan bizi izan dut. Izan ere, LaLigaren bitartez proba pilotua egin dugu aurten eta hurrengo urtean jarraituko dugu, eta bertan Alaves eta Leganes taldeetako jokalariekin egon naiz izan nituen arazoez, buru osasunaz, laguntza nola eskatzeaz eta horrelakoetaz hitz egiten.