1.000 zigor-proposamen baino gehiago egin ditu Udalak Covidaren aurkako neurriak hausteagatik

1.000 zigor-proposamen baino gehiago egin ditu Udalak Covidaren aurkako neurriak hausteagatik
2021/04/20 eta kitto!
Eibarko Udalak 1.000 zigor-proposamenetik gora ireki ditu COVID-19ko pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak ez betetzeagatik: 715 proposamen 2020an, eta, 313 proposamen 2021eko lehen hiru hilabeteetan. Zigor horiek Ertzaintzara igorri dira, hura baita zehapenak aplikatzeko ardura duen erakundea, eta, proposamen gehienetan zigorra ezarri da.

2020an, Udaltzaingoak irekitako zigor-proposamen gehienak etxealdi hilabeteetan egin ziren jendea kalean arrazoi justifikaturik gabe egoteagatik, baina beste salaketa batzuk ere egin ziren jende-kopurua gainditzeagatik edo musukoa ez erabiltzeagatik. Aurten, urtarriletik martxora, salaketen arrazoiak bestelakoak izan dira: taldeen muga gainditzea, musukoa ez erabiltzea edo oker erabiltzea, edo udalerriko sarrera-irteeren murriztapena ez betetzea.

2020an, halaber, Udalak beste arrazoi batzuengatik ere egin zituen zigor-proposamenak, esaterako, lokaletan edo sozietateetan jarduerak egiteagatik, ostalaritza-establezimenduetako ordutegiak ez betetzeagatik, eta ostalaritza-establezimenduetan ezarritako aforoak gainditzeagatik.

Datu horiek ezagutu ondoren, Eibarko Jon Iraola alkateak adierazi duenez, "Zifra horiek Udaltzaingoak unean-unean indarrean dauden neurri eta murriztapenen kontrolean eta jarraipenean egiten duen lan garrantzitsua islatzen dute. Zalantzarik gabe, batzuetan zaila da arau-hauste guztiak antzematea, baina Udaltzaingoak lanean segitzen du neurriak betetzen direla bermatzeko”. Eta zera gehitu du, "gure agenteen lana ezinbestekoa izanik ere, norbanakoaren erantzukizuna eta erantzukizun kolektiboa ere derrigorrezkoak dira, eta horrek eskatzen du uneoro indarrean dauden neurriak betez jokatzea. Horrela bakarrik gainditu ahal izango dugu osasun-krisi hau".