AECC Gipuzkoak telefono eta bideo-kontsulta bidezko laguntza indartu du

AECC Gipuzkoak telefono eta bideo-kontsulta bidezko laguntza indartu du
ETA KITTO 2020, Mar 25

CoVID-19ak eragindako egoera dela eta, AECC Gipuzkoak Eibarren duen egoitzak minbizia duten gaixoei eta haien senideei laguntza psikologikoa eta gizarte-laguntza emateko doako zerbitzua indartu du, minbizia dutenak zuzenean tratatzen dituzten profesionalek telefonoz edo bideo-deiaren bidez laguntza emateko aukera eskainiz.

Gainera, eskualdeko egoitzako telefonoa (943 20 24 94) aktibatu egin da eta, lanaldiaren ordutegitik kanpora ere asistentzia hori bermatzeko, Infocáncer 900 100 036 lineak eguneko 24 orduetan ematen du zerbitzua, doan.
Azaldu dutenez, Gipuzkoako AECCren eskualde-egoitzatik, psikoonkologian espezializatutako psikologo bat eta gizarte-langile bat ari dira saio horiek egiten, modu digitalean zein telefonoz, gizarte-arloko terapiak eta bestelako laguntza eta aholkularitza Pazienteei eta zaintzaleei eskaintzeko.
Diotenez, “konfinamenduaren lehen egunetan, urruneko arreta mota horren maiztasunak nabarmen egin du gora. Erretzeari uzteko terapiak ere banaka eskaintzen dira. Egun gogor hauetan, psiko-onkologiako taldearen lehentasuna pazienteek emozioari eusten laguntzea da, lasaitu daitezen”. Izan ere, beldurtuta daudela diote: “Batzuek isolamenduak eragindako larritasun handia sentitzen dute. Eta bakarrik dauden pertsonen edo dolu konplikatua dutenen kasu kezkagarriak ere badaude”, azaldu du Miriam Marquez AECCko psikologoak.
AECC Gipuzkoa Minbiziaren kontrako elkartekoek nabarmendu dutenez, “gizarte-urruntzeak zaintzaileekin arazoak egotea eragin du, arrisku-taldea direnez, tratamendua jasotzen ari diren pertsonei zerbitzua eskaintzeari laga diote eta”. Ainhoa Oregui, AECC Gipuzkoako gizarte-langilearen berbetan, “ezin dute bisitarik jaso, ezin dituzte gertuen dituzten senideak ikusi eta oso egoera latzak ari zaizkigu iristen”.
Bestalde, elkarteak zurekin@aecc.es posta elektronikoa sortu du, minbizia dutenen egunerokoa eramangarriagoa egiteko herritarrek izan ditzazketen ideiak eta proposamenak jasotzeko.
Elkartearekin kontaktuan ipintzeko premia izanez gero, hauek dira AECC Gipuzkoa-ren telefono zenbakiak:
Eibar – 943 20 24 94
Donostia – 943 45 77 22
Irun – 943 63 01 15
Zarautz – 943 13 32 36
Tolosa – 943 65 21 43
Zumarraga – 943 72 00 57

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »