“Alare! Euskal Operaren Urrezko Bristadak” emanaldia hartuko du gaur Bilboko Euskalduna jauregiak

“Alare! Euskal Operaren Urrezko Bristadak” emanaldia hartuko du gaur Bilboko Euskalduna jauregiak
2019/12/30 eta kitto!
Andekazaleak musika elkartekoek euskal opera gustokoa dutenentzat “Alare!” izeneko kontzertu berezia prestatu dute gaurko (abenduaren 30erako), 20:00etan Bilboko Euskalduna jauregian. Eibarren bizi den Jose Antonio Azurmendi elkarte horretako presidenteak esandakoaren arabera, “Euskal Operari eskeinitako kontzertu handia izango da, goi mailakoa”. Elkarteari izena ematen dion Andeka Gorrotxategi tenoreak Ana Otxoa Pando sopranoaren lankidetza berezia izango du eta, horrez gain, BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Elkarte Koralak hartuko dute parte eta zuzendari musikala Oliver Diaz izango da.

Antolatzaileen berbetan, “musika errepertorioa kontzertuaren balio erantsia izango da, izan ere, Jesus Mari Sagarnaren lanari esker, euskal kultur ondarean ia ezezagunak ziren edo oso jende gutxik ezagutzen zituen lan bikainak berreskuratu dira. Ikerketa lan zorrotzaren ondoren, hainbat lan berreskuratu da, euskal operetako ariak, duoak eta koruak, guztiak ere euskaraz. Une honetan berridazten ari dira”. Errepertorioko obra guztiak euskeraz izango dira.

Montecarlo, Hannover eta Sidney-rako bidea hartu aurretik, Bilbon kantatuko du Andeka Gorrotxategik eta luzaroan Sostoa abesbatza zuzendu zuen Jesus Mari Sagarnarekin ari da kontzerturako prestatzen. Hain zuzen ere, Sagarna dabil kontzertua pianorako moldatzen, ahal izanez gero aurrerago Eibarren, Coliseoan egiteko asmoz.

Bestalde, kontzertuak ongintza izaera duela azpimarratu behar da: irabaziak neuro-endekapenezko gaixotasunen ikerketara zuzenduko dira, Walk On Project Fundazioaren bitartez. Kontzertua zuzenean grabatuko da, Juan Angel Vela del Campo idazle eta musika kritikariaren lana izango duen CD bat argitaratzeko. Sarrerak leihatilan, euskalduna.eus helbidean, Kutxabanken bitartez eta walkonproject.org gunean eros daitezke.