Amaia Urzainki (Doinu Zahar abesbatza): “Zapatuan San Andresen emango dugun kontzertua oso berezia izango da”

Amaia Urzainki (Doinu Zahar abesbatza): “Zapatuan San Andresen emango dugun kontzertua oso berezia izango da”
ETA KITTO 2019, Urr 03

Durangoko Doinu Zahar abesbatzako kidea da Amaia Urzainki, Durangaldean bizi den eibartarra. Zapatu arratsaldean, 19:30ean San Andres elizan kontzertua emango du abesbatzak eta, taldeak gure herrian oso gutxitan abestu izan duenez, “eta programa horren polita izanda”, ilusio bereziarekin datorrela esan digu. Aurreratu digunez, emanaldiaren lehen zatian “a capella” abestuko dute eta bigarrenean, berriz, pianoarekin, biolinarekin zein perkusioarekin lagundutako abestiak eskainiko dituzte.

– Nolakoa izango da Eibarren emango duzuen kontzertua?

Egitarauari begiratuz gero, lehen zatian abesbatzak bakarrik jardungo du, musika barik. Abestiak eliza girokoak izango dira, kantu erlijiosoak batik bat. Eta bigarren zatian, berriz, instrumentuen laguntzarekin abestuko dugu, gaur egungo musika eskainiko dugu. Horrek esan nahi du musika oso ezaguna izango dela eta egilea oraindik bizirik dagoela, abesteko oso polita izango da.

– Nolatan sortu da Eibarren kantatzeko aukera?

Eibartarra izanda nik neuk banuen hemen abesteko gogoa, azkenean lagunak eta ezagun asko dauzkat. Egia esateko, ez gara sarritan kanpora joaten eta, orokorrean, gehiago jotzen dugu Gipuzkoako herrietara, baina taldean ere bagenuen Eibarren kantatzeko gogoa. Hori ikusita, mugitzen hastea erabaki eta Sostoarekin harremanetan ipini nintzen, baina hainbat kontu tartean, oraingoan eurei ez zitzaien ondo etortzen gurekin batera aritzea, eta elkarrekin kontzerturen bat egiteko aukera hurrengo baterako zabalik laga genuen. Hala ere, Sostoa abesbatza laguntzeko prest azaldu zen eta Xabier, San Andres elizako parrokoak ere gauzak oso errez jarri zizkigun.

– Doinu Zahar abesbatzarekin batera jardungo duzu zapatuan, baina orain dela gutxi Bogoroditsie abesbatzaren “Herejia” ikuskizunarekin etorri zinen Eibarko Coliseora.

Nire betiko abesbatza Doinu Zahar da, baina batzuetan, horrelako momentu konkretuetan, bakarka abesten dut, zuk aipatutako horretan, adibidez. Bogoroditsie abesbatzan lagun eta ezagunak dauzkat eta, horregatik, eurek eskatuta, “Herejia” ikuskizunean bakarka abesten dut.

– Noiz eta nola hasi zinen kantuan?

Betidanik kantatu izan dut, txikitatik gustatu zait abestea: aitarekin, gitarrarekin, lagunekin… edozein toki eta modutan. Baina, horrela, serioski kantatzen, orain dela 27 bat urte hasi nintzen, Durangoko Musika Eskolako talde batekin. Eta hortik aurrera ez diot inoiz laga abesteari, beti egon naiz ikasten eta oraindik ere ikasten jarraitzen dut. Talde ezberdinetan kantatzen ibili naiz eta bakarka, berriz, orain dela bost bat urte hasi nintzen, gaur egun nire bikotea den pianojolearekin batera. Nire asmoa ez da profesional modura aritzea, baina bai horrelako duintasunez kantatzea. Kalitateari garrantzia ematen diot eta horregatik beti ari naiz ikasten, hobetzeko ahaleginetan.

– Eibarko kontzertu hau berezia izango da zuretzat, ezta?

Oso oso berezia izango da. Ez naiz horren urruti bizi, baina lehen Eibarren egiten nuen lan eta badirudi kontaktu handiagoa nuela herriarekin. Baina badira hamar urte Bilbon nagoela beharrean eta gutxitan joaten naiz, horregatik biharkoa oso kontzertu berezia izango da niretzat. Gurea ez da abesbatza handia, baina zerbaitek bereizten bagaitu, abesten oso finak garela da. Horregatik, bihar jende asko etortzea nahiko genuke, benetan oso kontzertu polita izango da, edozeini gustatzeko modukoa.

EGITARAUA

Doinu Zahar kamera abesbatza

“Blagoslovi dushe moya” (Ghospoda M. Ippolitov-Ivanov).

“Quam pulchri sunt” (T. L. de Victoria).

“Pulchra es, o Maria virgo” (G. P. da Palestrina).

“Alleluia” (A. Martinaitis).

“Bogoroditse Devo” (S. Rachmaninov).

“Ecco mormorar l’onde” (C. Monteverdi).

“Biolin musikaz” (D. Azurza).

“Dirait-on” (M. Lauridsen).

“O Mistress Mine” (M. Harris).

“Adiós Nonino” (A. Piazzolla).

“Sure On This Shining Night” (M. Lauridsen).

“5 Hebrew Love Songs” (E. Whitacre).

Guztira: 52 min.

Robert Oviedo, pianoa.

Jose Luis Ormazabal, perkusioak eta zuzendaritza.

Urko Sangroniz, biolina eta zuzendaritza.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »