Jagobe Mandiola: “Zaldia ez da makina bat, izaki biziduna da, sentitu egiten du eta ulertu egin behar zaio”

Jagobe Mandiolak ia bizi guztia pasa du zaldi gainean eta bere pasioak Munduko Txapelketan parte hartzera eraman du, onenen artean lehiatuz.
Jagobe Mandiola: “Zaldia ez da makina bat, izaki biziduna da, sentitu egiten du eta ulertu egin behar zaio”
Jagobe Mandiola eta Teo zaldia.
2026/09/17 15:30
Ekhi Belar Errasti

Jagobe Mandiolak eta Teo zaldiak tandem bikaina osatzen dute. Elkarren arteko ulermena bete-betea da eta argi erakutsi zuten Viladecansen (Katalunia) jokatu zen TERC (Lehiaketako Zaldi-ibilbideen Teknikak) modalitateko Munduko Txapelketan. 23. postuan amaitu zuten senior kategorian, baina, emaitzaz haratago, bizitako esperientzia da buruan iltzatuta geratu zaiena.

 

Nola bizi izan zenuen Munduko Txapelketako esperientzia?

Orain dela gutxira arte burutik ere ez zitzaidan pasatzen horrelako esperientziarik biziko nuenik. Ondo pasatzeko asmoz hartzen dut parte lehiaketetan. Ez dut inongo lehiakortasunik sentitzen, plazer hutsez egiten dut. Noski, beti daukat ondo egiteko helburua, baina xede nagusia ondo pasatzea eta gozatzea izaten da. Orain arteko lehiaketetan, bat irabazi egin nuen, Gopegin (Araba), eta besteetan 6., 7. edo 8. postu inguruan ibili izan naiz. Hortik Munduko Txapelketan parte hartzera... Ezta planteatu ere! Beraz, bertan parte hartzea bakarrik saria izan da niretzat.

Nola iritsi zitzaizun bertan parte hartzeko aukera?

Iaz, Gopegiko lehiaketa irabazi nuenez, Europako Txapelketan parte hartzeko beharrezkoak ziren puntuak lortu nituen. Txapelketa Erroman (Italia) egin zen, irailaren hasieran, eta hainbat arrazoirengatik ezin izan nintzen joan. Aurten, Munduko Txapelketa Katalunian jokatu behar zen eta, plaza batzuk libre geratu zirenez, lehiaketetan nahiko erregular ibili garenoi parte hartzeko aukera eman ziguten.

Modu berezian prestatu zinen txapelketarako?

Bai. Normalean, nire planetan lehiarik eduki gabe ere, nahiko modu erregularrean joaten naiz zaldiarengana. Astean 4-5 aldiz. Uztailaren hasieran jaso nuen Munduko Txapelketan parte hartzeko deia eta entrenamenduak antolatu nituen, ondo prestatzeko. Egun batzuetan orientazioa landu nuen, beste batzuetan oztopoak, eta beste batzuetan taldekoekin geratzen nintzen elkarrekin entrenatzeko. Dena dela, oporrak ere hartu nituen eta kanpora joan nintzen, baina lagun batek hartu zuen zaldiarekin entrenatzen jarraitzeko ardura. Oso proba fisikoak izaten dira, erresistentzia behar da, eta berebizikoa da zaldiak sasoi onari eustea.

TREC izeneko modalitatean lehiatzen zara, baina zer da hain zuzen ere?

TREC-ek Técnicas de Rutas Ecuestres en Competición (Lehiaketako Zaldi-ibilbideen Teknikak) esan nahi du. Mendi-ibilbideetan eta bertan aurkitu ditzakegun oztopoetan oinarritzen da. Hiru proba egiten dira. Lehenik, Orientazio eta Erregularitate proba dago (P.O.R. gazteleraz). Bertan, mapa bat ematen digute eta denbora jakin batean mapa kopiatu behar izaten dugu, koordenadak atera, eta abar. Horrekin mendira irteten gara, bakoitza bere aldetik, iparrorratzarekin eta maparekin. Gainera, abiadura jakin bat zehazten digute eta abiadura horri eutsi behar diogu. Hau da, bizkorregi ala motelegi egiten baduzu, penalizazioa jasotzen duzu. Horretarako, eskalimetroarekin norabide bakoitzean egin behar dugun distantzia goaz neurtzen eta, zaldiarekin egiten dugun distantzia zenbatekoa den jakiteko, metro jakin batzuetan gure zaldiak zenbat pauso egiten dituen jakin behar dugu.

Ze zaila!

Gauza asko eduki behar dira kontutan. Gainera, ordu asko izaten dira. Txapelketan zortzi ordu behar izan genituen proba egiteko. Bestalde, bidean kontrol-puntuak egoten dira eta handik pasa behar izaten gara (izkutatuta dauden bi bandera artetik, adibidez), eta balizak ere jartzen dituzte bidean, gainean daramagun txartelean bertatik pasa garela eta zein denboratan markatzeko. Puntu bakoitzean abiadura aldatu egiten digute. Esan beharra dago horren guztiaren aurretik, batzuetan bitartean eta amaieran, albaitari kontrolak egoten direla zaldiak egoera onean daudela egiaztatzeko. Ikusten badute ez daudela ondo, deshidratatuta daudela, kolpe bat dutela, errenka dabilela edo dena delakoa, kanporatu egiten zaituzte.

Bigarren proba zein izaten da?

P.A.R. (Prueba de Maestría en los Aires gazteleraz). Horretarako, zelai batean edo hondarrezko pista batean, 150 metroko luzerako eta 2 metroko zabalerako ibilbide bat markatu (izan daiteke zuzena, kurban...) eta zaldiaren abiaduraren kontrola neurtzen dute. Hasteko, galopa (guretzat korrika egitea dena) ahalik eta motelen egin behar du zaldiak, eta ondoren, paso izeneko mugimendua (motelena izango litzatekeena) ahalik eta azkarren.

Eta zein da azken proba?

P.T.V. izenekoa (Askotariko Lurretan Egindako Proba edo Prueba en Terreno Variado). Bertan, kilometro eta erdiko ibilbidean (pistan, basoan, zelaian...) aurkitzen diren oztopoak gainditu behar dira (enborrak, zuhaixkak, ateak...). Hor zaldiaren kontrola eta abilezia hartzen dira kontutan. Izan ere, saltoak egiten zaldiak berotu egiten dira, baina bat-batean ate batekin egiten dute topo, mendian bezala, eta lasaitu egin behar dira zabaldu ahal izateko. Zentzu horretan, ibilbideen diseinatzaileek zaldia muturrera eramatea bilatzen dute, nola kontrolatzen duzun ikusteko. Horretarako, ondo doitzen den zaldia behar duzu.

Zaldiek nolako ezaugarriak izan behar dituzte TREC-en parte hartzeko?

Abiadura eta erresistentzia eduki behar dute aldi berean, eta presioari ondo eutsi behar diote. Izan ere, berez, naturan, zaldiak beste batzuen harrapakin izaten dira eta ihes egiteko joera izaten dute edozein gauza arraroren edo zailtasunen aurrean. Eta, azkenik, zaldikoarekin harreman estua eta konfiantza osoa izan behar du.

Nola sortzen da harreman hori?

Zaldi honekin, Teorekin, arazoak eduki ditut. Urduria da berez. Nahasketa duen zaldia da: Batetik, hipodromoetako odolgarbi ingelesa da. Hauek oso zaldi urduriak izaten dira, beroak, zoroen fama dute... Eta beste alde batetik, bretoia ere bada. Karroak eramateko zaldiak izaten dira hauek, lasaiagoak eta oso indartsuak. Teok ez zuen urduritasuna ondo kudeatzen. Leihoekin beldurtzen zen, oso urduri jartzen zen, antsietatea zuen... Eta nik ez nekien hori nola kudeatu. Modu batera eta bestera saiatu nintzen, baina ez nuen lortzen. Orduan, gauza horietaz arduratzen den gizon batengana joan nintzen laguntza bila eta lan asko hasi ginen egitean zaldiarekin, baina ez zaldi gainean, lurretik egindako ariketekin baizik, komunikazioaren bitartez lotura hori lortzeko, elkar ulertzeko. Aste gutxitan demaseko aldaketa nabaritu zen. Gure arteko komunikazioa ez da ahozkoa izaten eta gorputzarekin, keinuekin, komunikatzen naiz berarekin. Adibidez, pista biribilean solte lagatzen badut, altuera batera igotzen naiz, bi karraska ematen ditut eta berehala etortzen da ni gainean jartzeko. Bestetik, berak ere sentimenduak ditu eta egunen batean urduri dagoela ikusten badut, edo nekatuta dagoela, gogo gabe, agian belarra jatera besterik ez dut eramaten, kitto. Zaldia ulertu egin behar da. Toki askotan zaldi gainean ibiltzen besterik ez dizute erakusten, hipikak asko egiten du huts zentzu horretan, baina zorionez, gero eta toki gehiagotan ulertzen dira gauzak beste modu batera eta zaldia ulertzen saiatzen gara, hau da, ez makina bat izango balitz bezala erabiltzen. Zaldia izaki biziduna da, sentitu egiten du eta ulertu egin behar zaio. Berari segurtasuna ematen eta berak zugan konfiantza edukitzen lortzen da harreman hori.

Hori lortzeko urteetako prozesua behar dela imajinatzen dut. Adin jakin bateko zaldiak hartu behar dira horretarako ala edozein momentutan hezi daitezke, modu batean esatearren?

Ez dago zertan zaldia adin jakin batean hartu beharrik. Aurretik beste zaldi bat eduki nuen, Gus, eta aurrerago beste bat, Jaleo. Gus 13 urterekin hil zen (Teok 16 urte ditu orain) ultzerazio batengatik. Demaseko lotura nuen berarekin eta oso txarto pasa nuen bere heriotzarekin. Teo beste lagun baten zaldia zen eta saltzeko asmoa zuen, baina zaldia laga zidan dolua hobeto pasatzeko. Gus hil zenean ez nuen ezer jakin nahi zaldiei buruz, baina Teo hartzeko eta zaintzeko ardura eman zidan eta, modu horretan, zaldien inguruan jarraitzera behartu ninduen. Sasoi horretan Teok 7 urte zituen. Laburbilduz, ez dago adin zehatzik zaldi bat hartzeko. Noski, txikitatik berarekin bazabiltza, seguruenik harreman eta lotura estuagoa lortuko duzu (jakinda gauzak nola egin). Dena dela, nahiz eta zaldiek euren traumak eta bestelako istorioak eduki, moldagarriak dira.

Normalean nolakoa izaten da zure egunerokoa hipikari dagokionez?

Sasoiaren araberakoa da hori. Lehiaketaren batean parte hartzeko asmoa badut, entrenamenduak planifikatzen ditut. TREC-en egiten diren hiru probak kontuan hartuta, zerbait lantzen dut bereziki, batez ere gehien huts egiten ditudan arloak edo, ikusten badut zaldia zerbaitetan huts egiten ari dela, hori lantzen dut gehiago. Bestela, urtean zehar, zaldia hartu eta mendira joaten naiz gehienetan, maparekin, nahiz eta toki ezaguna izan, mapako elementuak aztertzeko edo dena delakoa. Gainera, zaldiak ‘fondo’ egitea garrantzitsua da, aldapetan ibiltzea, luzatzea, erritmo aldaketak praktikatzea... Neure kabuz pentsatzen dut zer egin, ez daukat entrenatzailerik. Lantzean behin Gopegira joaten naiz, bertan federatuta nagoelako, eta taldeko batzuek ekintza ezberdinak egiten ditugu asteburuetan: egun biko irteerak, baita gauez ere zailtasun gehiago edukitzeko... Bestalde, entrenamenduez gain, oso garrantzitsua da zaldia nola bizi den. Teo ez da bizi ohiko zalditegietan bezala, 9 metro karratuko korta batean, belar lehorra egunean bitan edo hirutan jaten. Ez. Larrabetzun bizi da, zalditegi txiki batean, ahalik eta modurik naturalenean: sei hektareako batean dago beste zaldi batzuekin, basoa du inguruan, erreka, aterpea dago nahi izanez gero, belar lehorra nahi beste jan dezake, baita belar berdea ere...

Nola hasi zinen hipikan?

Zazpi urte inguru nituenean hasi nintzen. Txikitatik eduki izan dut animalienganako pasioa, baina batez ere zaldiengan. Zergatik? Ez dakit, familiako inork ez duelako zaletasun hori izan. Beraz, ez dakit zergatik izan dudan pasio hori. Beti amestu izan dut zaldiekin. Txikitan, animaliekin komunikatu egiten nintzela amesten nuen, eurekin hitz egiten nuela. Gaur egun ere zaldiekin amesten dut.

Beraz, pasio hori ez da galdu.

Ez. Gorabeherak eduki izan ditut, baina beti egon naiz zaldietan pentsatzen, etorkizunerako proiektuetan hausnartzen... Munduko Txapelketan AEB-ko emakume bat ezagutu nuen, 80 urterekin parte hartzen. Hori ikusi eta neure buruari horrelako zerbait egiteko helburua jarri diot.

Zure familian ez bazebilen inor zaldiekin, gurasoek nola hartu zuten zuk zaldiekin ibili nahi izana? Kanpotik begira, kirol elitista dela dirudi. Horrela da benetan? Nolako erraztasunak daude kirol horretan aritzeko?

Gurasoek zalditegi batera eraman ninduten, Igorrera (Bizkaia). Aurretik, Lizarrako camping-ean pasioren bat eman nuen, baina Igorren hasi nintzen gehiago ibiltzen. Bertan finkoa zen jendea zegoen, baina gurasoek hilean behin eramaten ninduten, zerbait igarokorra izango zela pentsatuz. Baina ez, gero eta gehiago eskatzen nuen, eta bi astean behin joaten hasi nintzen. Beraz, ezin nintzen hortik irten. Eta kirol elitista da? Zalditegi batzuk bai dira oso elitistak, sasoi batean bai izan zen oso kirol elitista eta gaur egun ere diziplina batzuk oso elitistak dira, baina beste batzuetan edozein ibili ahal da. Egia da lehiatzeak demaseko esfortzua eskatzen duela, baina zaldian ibiltzea nahi duen edozeinek (edo maila sozioekonomiko ertaineko edozeinek) du aukera horretarako. Hemen inguruan zalditegi asko dago, bonoak daude, ume asko ibiltzen da zaldian eskolaz kanpoko ekintza bezala, baita Eibarren ere, eta ez da beste kirol ekintza batzuek baino garestiago izaten. Nahiko eskuragarri dago.

Zaldian ibiltzeaz bizitzea zaila da?

Ufff! (barreak) Oso gutxi bizi dira hipikatik eta TREC modalitatea diziplina minoritarioa da hipika barruan, beraz, pentsa. Oso dirulaguntza gutxi egoten da, norberak bere aldetik jarri behar izaten du diru guztia.

AEB-ko emakume horren adibidea jarri duzu, baina zein helburu dituzu hipikaren inguruan?

Hemendik urte amaierara hiru lehiaketa geratzen dira eta horietako batean hartuko dut parte. Gero, nire klubak ‘Centauro’ izeneko proba antolatuko du martxoaren hasieran. Bertan, 100 km egin beharko dira, gauez, bi etapatan. 100 km izango dira, ez bagara galtzen, galduz gero pentsa, neguan izango delako eta Gorbea inguruan, egiten duen hotzarekin. Oso erronka handia izango da hori eta seguruenik taldeko beste lagun batekin arituko naiz bertan.