Anartz Zuazua, antzerkilaria: “Umorez zipriztindutako antzezlana da Hansel eta Gretel”

Anartz Zuazua, antzerkilaria: “Umorez zipriztindutako antzezlana da Hansel eta Gretel”
2021/05/10 eta kitto!
Borobil Teatroa antzerki taldeak ‘Hansel eta Gretel’ klasikoaren egokitzapen bat ekarriko du hilaren 18an, 15:00etan, Coliseora. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei zuzenduta dago saioa, baina Anartz Zuazuak zuzendutako lana umeentzako zein gurasoentzako da. Eta barre egitekoa, barre asko egitekoa!

 

Nolako Hansel eta Gretel aurkituko ditugu egokitzapen honetan?

Klasikotik paralelo joaten saiatu gara, baina ipuin klasikoak elikadura osasuntsuaren aldeko aldarrikapena egiteko hainbat osagai zituela ikusten genuen eta hortik jo dugu. Kasu honetan, Hansel eta Gretel Juan Mari izeneko sukaldari famatu baten seme-alabak dira. Juan Marik jatetxea du, baina munduko errezeta liburu guztiak desagertu egiten dira eta sukaldariek ezin dute kozinatu. Jatekorik eman ezin duenez, ezin ditu gastuak ordaindu eta bankuak jatetxea kentzen dio. Hanselek eta Gretelek bankuarekin berba egitera joatea erabakitzen dute eta basoa pasa behar dute hara heltzeko. Diotenez, basoan karameluzko sagarrak ematen dituen zuhaitz bat dago eta sagarretako bat dastatzen duena betiko desagertzen da. Umorez zipriztindutako antzezlana da eta bai umeek bai helduek oso ondo pasatzen dute.

 

Klasiko bat egokitzean, nola aurkitzen duzue oreka ipuin originalaren eta berritasunen artean?

Jatorrizkoaren gaia ez dugu asko errespetatu. Tamalez, haurrentzako zuzenduta dauden obrek asko hartzen dute klasikoen izenburuetatik eta beste izenburu batekin joanez gero, ez genuke horrelako harrerarik izango. Hansel eta Gretel aitzakia komertziala da jendea antzerkira eramateko.

 

Umorezko antzezlana da, baina badu mezurik?

Gure asmoa beti izaten da erreflexioa piztea. Kasu honetan elikadura osasuntsuaren aldeko aldarrikapena egiten dugu, beti moralinatik kanpo. Erraz ikusten den antzezlana da, artifiziorik gabea. Argia eta soinua bakarrik erabiltzen ditugu eszenografian, eta jendeak irudimena lantzen du.

 

Umeek eta helduek oso ondo pasatzen dutela diozu. Garrantzitsua da horrelako antzezlanez elkarrekin gozatzea?

Duda barik! Talde bezala antzerkia egiten hasi ginenean argi genuen, egungo marrazki bizidunek egiten duten bezala, familia giroan ikusteko moduko lanak egin behar genituela. Giro polita sortzen da, umeek helduei galdetzen dietelako zer ikusi duten edo zer iruditu zaien, eta elkarrizketa oso interesgarria sortzen da hor. Orain dela gutxi Malagan izan ginen eta gurasoek idatzi ziguten esanez umeek asko barneratu zutela mezua; obratik irten eta ez zutela karamelorik jan nahi. Hala ere, Eibarko saiora ikastetxeetako haurrak bakarrik joango dira, guraso barik.

 

Hiru aktore daude taula gainean, baina hiru dira pertsonaiak?

Ez, pertsonaia gehiago daude antzezlanean. Aktoreek lan ikaragarria egiten dute, 50 minututan ez direlako eszenatokitik irteten. Jantziak aldatu gabe eta espazio hutsean lan eginda, lortzen da publikoak oso ondo ulertzea zein pertsonaia egiten ari den aktore bakoitza.