Andirao elkarteko baserritarrak pozik daude euren bizitzak errazten dituzten bideekin

Andirao elkarteko baserritarrak pozik daude euren bizitzak errazten dituzten bideekin
2023/05/15 eta kitto!
Kaletarrei galdera: Nola moldatu zinatekete zuen etxeko atarira heltzeko biderik ez balego? Edo bidea oso egoera txarrean balego? Edo espaloiak hondatuta baleude eta zuek bertatik pasa ezinik? Eibarko baserritarrek antzeko egoerak bizi izan dituzte eta urtero egin behar izan dituzte eskaerak baserrietarako sarbideak konpontzeko, baina egoera zertxobait aldatu da orain

 

Joan den azaroan Udalak eta Andirao elkarteak akordioa lortu zuten datozen bost urteetan 1.750.000 euroko partida jasotzeko (hau da, 350.000 euro urtean). Inbertsio horren helburu nagusia landa-inguruneko pistak konpontzea da, baina baserritarrentzat ez da hori bakarrik, zerbait gehiago da.

Lourdes Urzuriaga eta Enrique Atxa Andirao elkarteko presidente eta presidenteordearekin elkartu gara, eta Udalarekin sinatutako akordioaren inguruan jardun dugu eurekin. “Guretzat oso garrantzitsua izan da akordioa lortzea”, esan digu Urzuriagak.

Presidenteak bideen egoeraren berri eman digu: “Baserrietako bideak oso egoera txarrean daude. Batzuk hormigoituta daude, baina hormigoia hondatuta dago eta asfaltatzea komeni da. Bideak ez ditu Udalak egin, baserritarrek geure kabuz baizik, geure diruarekin. Bideak, normala denez, estuak dira, 3 metro ingurukoak, eta hortik pasatzeko tokia egin behar da. Areka gehienak hormigoituta daude, baina hondatuta daude asko”.

Arazo horiek aspalditik datoz eta, orain arte, Andiraok urtero ematen zion horien berri Udalari, konpondu zitzan. “Orain dela bi urte, adibidez, 125.000 euro jaso genituen. Zer egin dezakegu diru horrekin? Makinak mugitzeak bakarrik aurrekontuaren zati handi bat kentzen dizu”, azaldu digu. Beraz, diru “eskas” horrekin zer egin erabakitzeko, herriko bost bailaren artean azterketa egin eta premia gehien zuen lana egin izan ohi dute, besteak zain geratuz.

Andiraoko lagunek argi lagatzen dute, hala ere, eurek ez dutela dirua jasotzen eta horrekin nahi dutena egiten. “Udalean proiektuak aurkezten ditugu eta eurek dirua bideratzen dute horretarako”, presidenteak azaldu digunez.

 

Ia hiru aldiz gehiago

Orain dela bi urte, ostera, Andiraok bost bailaretan zeuden beharren azterketa sakona egin zuen eta Udalari txostena aurkeztu zion. Euren kalkuluen arabera, 1.750.000 euro behar zituzten behar horiek konpontzeko eta Udalarekin negoziaketak hasi zituzten. Orduan bai, lortu zuten eskatutakoa jasotzea. “Bost urterako partida ziurtatu dugu eta, gainera, urte bakoitzean jasoko duguna ikusita, lehen urtero jasotzen genuenaren hirukoitza jasoko dugu gutxi gorabehera”, diosku Atxak. “Hori bai, kopuru hori orain dela bi urte egindako txosten horri dagokio eta harrezkero behar gehiago sortu dira, materialen prezioa igo da, eta abar”, zehazten du. “Dena dela, txostenean agertzen denaren zati garrantzitsu bat egiteko aukera izango dugu eta ez gara urtero eskean ibili beharko”, Urzuriagaren berbetan.

Bost urteko akordioa izanik, nolabaiteko lasaitasunez jokatzeko aukera ematen die baserritarrei. Ez bakarrik aipatutako lanak egiteko (bideak konpondu eta bideen segur- tasuna bermatu), baizik eta elkarteak dituen beste behar batzuk asetzeko. “Batzuk uste dute hormigoiaz bakarrik arduratzen garela, baina ez da hori bakarrik. Denok egongo gara ados norberaren etxera sarbidea edukitzea ezinbestekoa dela, ezta? Baina bestetik, beste zenbait asmo ditugu. Adibidez, baserrietako emakume nagusiei bideratutako ikastaroak emango ditu asteburu hauetan Andretxeak”, diosku presidenteak.

 

Erabakiak demokratikoki

Andirao elkartea presidenteak, presidenteordeak, idazkariak eta diruzainak osatzen dute, eta gero, bailara bakoitzeko bi ordezkari daude. Elkarteak oso modu demokratikoan funtzionatzen du eta, hain zuzen ere, datorren martitzenean egingo dute batzarra Udalaren partidarekin egingo diren lehen ekintzak zehazteko. “Guk baditugu lehentasun batzuk, baina batzarrean erabakiko da zer egin bertan aurkezten diren proposamenen arabera”, azaldu digute. Bide berria hasi da baserritarrentzat.