AP-8an trafikoa desbideratuko dute asteburuan Mendaro eta Elgoibar artean

Zoladura berritzeko lanak direla eta, Bilboko noranzkoan doazen ibilgailuak Behobiako noranzkoko plataformara bideratuko dituzte larunbateko 16:00etatik igandeko 22:00etara.
AP-8an trafikoa desbideratuko dute asteburuan Mendaro eta Elgoibar artean
2026/09/16 13:10
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Bidegik AP-8ko Mendaro eta Elgoibar arteko zatian zoladura fresatzeko lanak egingo ditu asteburu honetan, eta horrek hainbat trafiko-afekzio eragingo ditu. Eragin nagusia larunbatean eta igandean izango da: Bilborako noranzkoan doazen ibilgailuak Behobiako noranzkoan doan plataformara desbideratuko dituzte larunbateko 16:00etatik igandeko 22:00etara, Mendaro eta Elgoibar artean.

Desbideratze hori prestatzeko, hainbat errei-mozketa egingo dituzte aurretik. Gaur, asteazkena, Mendaron itxiko dute ezkerreko erreia Behobiako noranzkoan, 20:00etatik 04:00etara. Bilborako noranzkoan ere ezkerreko erreia itxiko dute, 23:00etatik 03:00etara, Mendaro eta Elgoibar artean.

Bihar, osteguna, berriz, Elgoibarren egingo dute errei-mozketa, 21:00etatik 03:00etara. Bi noranzkoetako ezkerreko erreiak itxiko dituzte, erdibidean pasabide bat prestatzeko.

Ostiralean hasiko dira asteburuko lanak

Ostiraleko 20:00etatik larunbateko 16:00etara ere ezkerreko erreia itxita egongo da Mendaron, Bilborako noranzkoan. Lanetarako beharrezko materiala pilatuko dute bertan.

Ondoren, larunbatean 16:00etan, hasiko dute bypass-a. Igandean 22:00ak arte, Bilborako noranzkoko trafiko guztia Behobiako noranzkoaren plataformatik joango da Mendaro eta Elgoibar artean.

Zoladura berritzeko kanpaina

Lan hauek Bidegik AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako zoladura berritzeko egiten ari den 2026-2027ko kanpainaren barruan daude. Guztira, 14,9 milioi euro inbertituko ditu 46 kilometro errepidetako zorua berritzeko.

Bidegik ohartarazi du ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla eta eguraldiak aldaketak eragin ditzakeela. Errepideko erabiltzaileei zuhurtziaz gidatzeko eta behin-behineko seinaleztapena errespetatzeko eskatu die.