Andres de Egiguren orkestrak urriaren 26an emango duen kontzertua aurkeztu dute

Andres de Egiguren orkestrak urriaren 26an emango duen kontzertua aurkeztu dute
ETA KITTO 2018, Urr 17

Datorren barixakuan, 20:00etan Coliseo antzokian Andres de Egiguren orkestrak emango duen kontzertua aurkeztu dute gaur goizean Portalean Pedro Palacin orkestrako zuzendariak eta Patxi Lejardi Kultura eta Euskera zinegotziak. Aurkezpenean azaldu dutenez, Eibarko emanaldian Francisco Madina konpositore oñatiarraren “Gitarra eta soka orkestrarako erlijio-musikako kontzertua” izenburuko obra eskainiko dute musikariek, “mundu mailako estreinaldian”.

Madinaren obraren inguruko ikerketa-lan sakona egiten urteak daramatzan Palacinen berbetan, “Aita Madinak sortutako musika oso-oso ugaria da, baina bere obra batzuk estreinatu barik geratu ziren, horretarako denbora izan aurretik hil egin zelako. Coliseoan eskeiniko duguna horietako bat da. Vaticanoan estreinatu nahi zuen berak, abade zela 50 urte betetzen zirenean, baina obra hau eskutan zuela hil egin zenez estreinatu barik geratu zen. Pentsatzen dut Madinarentzat obra berezia eta oso garrantzitsua izango zela, horregatik aukeratu dugu estreinatzen lehena izateko”. Kontzertuaren lehen zatian 15 hari-instrumentuk jardungo dute eta bigarrenean haizezko beste lau gehituko zaizkio orkestrari. Horrez gain, Eduardo  Baranzano nazioarteko kontzertistak lagunduko die gitarrarekin, bakarlari gisa. Kontzerturako sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin) .

see

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »