ANE PIKAZA, aktorea: “Antzezlan hau taularatzeak Altsasukoaz hitz egin ahal izateko aukera ematen digu”

ANE PIKAZA, aktorea: “Antzezlan hau taularatzeak Altsasukoaz hitz egin ahal izateko aukera ematen digu”
2022/01/14 eta kitto!
La dramática errante konpainiak ‘Altsasu’ antzezlana eskainiko du hilaren 20an eta 21ean Coliseo antzokian (20:00etan egun bietan). 2016ko urriaren 15ean Altsasun gertatutakoa du oinarri ikuskizunak eta iragan garaikideari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatzea du helburu, oroimenaren erabilera publikoaren bidez.

 

Altsasuko kasuaren orbanak oraindik itxi gabe daudelarik, nolako lana egin behar izan duzue gertakizuna taula gainera eramateko?

Kontu handiz landu dugu gaia. Badakigu hurbileko jendeak eta gertakizunaren protagonistek ikuskizuna ikusiko dutela, jendea oraindik oso ukitua dagoela eta gaur eguneko zerbait dela. Aldi berean, urte hauetan jende askok ahaztu egin du gertatutakoa eta, zentzu horretan, gaiaren inguruan berba egitea beharrezkoa dela ikusten dugu. Horrelako gaiek boom bat dute eta gero berehala ahazten dira, eta uste dugu ez garela ahanztura horretan erori behar. Gaur egun gauzek denbora laburrean irauten dute eta gai honek denon partetik hausnarketa merezi zuela uste genuen.

 

Antzezlanak nolako ekarpena egiten dio Altsasuko kasuari?

Antzerkiak distantzia ematen du eta errazagoa da gai jakin batzuen inguruan berba egitea. Obra berari buruz berba egiteak jarrera batean edo bestean jartzen gaitu eta hori dagoeneko bada hausnarketa bat. Berba egiteko maila asko daude eta lokaletik globalera jo dezakegu.

 

2016ko gau hartan gertatutakoa kontatzen duzue antzezlanean?

Gau hartan gertatutakoa da abiapuntua eta hortik aurrera epaiketan zehar bidaiatzen dugu. Dena espazio txuri batean gertatzen da, ez da taberna ikusten, ezta etxea edo epaitegia ere. Argiztapenarekin eta aktoreen lanarekin jolasten dugu.

Diseño-sin-título-2021-10-26T135245.220-800x445

 

Nola mugitzen zarete errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan?

Maria Goiricelaya egile eta zuzendariak ikerketa-lan sakona egin zuen, baina taularatzeko prozesuan gauza batzuk fikzionatu egin zituen, obrak berak hausnarketari espazio handiagoa lagatzeko. Mariak, lortutako sumarioari fidela izanda ere, bere ikuspuntua taularatu du.

 

Ikerketa-lana egiteko orduan, kasuko protagonistekin egoteko aukera izan zuen egileak?

Gurasoekin kontaktua izan zuen eta eurek sumarioa eman zioten, baina kasuaren inguruan sortu zen guztiaren inguruan egin zuen ikerketa: hedabideen jarduna, sare sozialetan esaten zena... Beraz, ez da sumarioak esandakoari lotu, kasuaren inguruan sortu zen mundu horretara jo du. 24 ordutan Altsasu telebistako platoa bihurtu zen eta horren inguruan hausnartzen dugu, eta baita justiziaren eta gizartearen inguruan ere. Gauza konkretu batek gauza askotaz berba egiteko abiapuntua ematen digu. Ez gara kasua kontatzera mugatu eta publikoak igarri du. Izan ere, saioa amaitu eta ordu batzuetara idatzi izan digute, lagun artean horren inguruan berba egiten jarraitzen zutela esateko.

 

Orokorrean nolako harrera izan du antzezlanak?

Gure aldetik oso harrera ona jaso dugu. Jendea oso eskertua dago egin dugun lanarekin eta pozik gaude. Erantzukizun batekin, noski. Antzezlan hau taularatzeak Altsasukoaz hitz egin ahal izateko aukera ematen digu eta horregatik bakarrik bada ere merezi du, ados gauden edo ez esateko besterik ez bada ere. Bestetik, aktore moduan, guretzat oso lan potentea da. Pertsonaia guztiak lau aktoreren artean egiten ditugu eta horrek demaseko kontzentrazioa eta joko eszeniko handia eskatzen digu.

 

Gaiak polemika piztu du azken urteotan. Arazorik izan duzue taularatzeko edo tokiren batean eskaintzeko orduan?

Gasteizera heldu ginenean obra ez egitea eskatu zuten zenbaitek, baina kultura zinegotziak eta programatzaileak aurrera egitea erabaki zuten. Horrela izan ez balitz, zalaparta egongo litzateke, zentsurari buruz egongo ginelako berbetan, baina ez zen horrela izan. Guk ez genion buelta gehiegirik eta biderik eman polemikari eta ez dugu horretan pentsatu beharrik ere, aurrera egiten jarraitu behar dugu.