Gaztainerre: elkartzeko, abesteko eta gozatzeko eguna

Arimen egun osteko bigarren astelehenean ospatzen da Gaztainerre, jatorriz hildakoen omenezko otordu sinbolikoa izan zena; gaur, familia eta lagun artean, barraskiloak, gaztaina erreak eta bertsoak dira protagonista. Ermua, Soraluze, eta noski, Eibarko tradizioa da.
Gaztainerre: elkartzeko, abesteko eta gozatzeko eguna
2025/11/07 10:36
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gaztaina erreen eguna da Gaztainerre. Gure herrian Arimen Egun osteko bigarren astelehenean ospatzen da, lagunartean zein familian. Neguaren atarian, etxeak eta elkarte gastronomikoak usain goxoz betetzen dira: saltsa goxodun barraskiloak eta, nola ez, gaztaina erreak dira protagonista.

Aspaldi, neguko oinarrizko elikagaia zen gaztaina. Europan patata eta artoa iritsi aurretik, gaztaina izan zen neguko elikagai nagusietako bat, eta Euskal Herrian ere hala izan zen. Gaur gure artean gaztainondo gutxi geratzen bada ere, garai batean ugaria zen arbola hori, eta sasoi honetan gaztaina merkea, ugarikoa eta erraz partekatzekoa izanik, ohikoa zen familiek eta lagun taldeek ospakizun berean partekatzea. Hortik dator gaztainak izatea jaialdiko ikur nagusi.

Jatorria: “Ondra-jana”

Tradizio honek mendeak ditu, eta jatorria “ondra-jana” delakoan topa dezakegu: urtean zehar hil diren senide eta gertukoak omentzeko egiten zen otordu sinbolikoan. Juan San Martin “Otsalar” eibartar idazleak 1976an Donostiako Hoja del Lunes egunkarian azaldu zuenez, Eibarren, Ermuan eta Soraluzen iraun du ohitura horrek, azken mendean nekazaritzako bizimodua bigarren planoan geratu arren.

“Industriagintzak gora egin ahala, nekazaritzako ohiturak galduz joan dira –idatzi zuen–, baina Gaztainerre egunak hiriguneetan ere bizirik dirau.”

Egunaren inguruko eztabaidak 

Gaztainerre eguna ez da azaroko egun finko batean ospatzen, eta horrek zalantzak sortu izan ditu urteetan. Hala ere, Eibarren badago adostasuna: ospakizuna Arimen Egun osteko bigarren astelehenean izaten da.

Horrela jaso zuten Toribio Etxebarria eta Juan San Martin idazleek. Etxebarriak bere hiztegian argi utzi zuen:“Segundo lunes (después del día de Ánimas) del mes de noviembre.” San Martinek ere baieztatu zuen: “Jan-edan zaleentzat hain da egun ona, baziren astelen bietan behar zela esaten zutenetarik ere (…). Iritziak iritzi, Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da”.

Ospakizuna lehen eta orain

Aintzinean, Gaztainerre batez ere gizonen ospakizuna zen. Familiako gizonak —aita, seme nagusiak edo kuadrillako lagunak— elkartzen ziren arratsalde-gaua luzatuko zuen solasaldian. Ostatuetan edo su inguruan, ipuin, kanta eta zirikaden artean, marraskiloak eta gaztainak jaten zituzten. Urte batzuetan Astelena frontoian ere dantza antolatu zuten, baina erori egin zen.

Azken hamarkadetan, ohitura ireki eta partekatu egin da. Familia osoak eta lagun taldeak elkartzen dira gaur egun, eta kuadrilla askok elkarte gastronomikoetan egiten dute afari-merienda luzea, batzuetan arratsaldeko lehen orduetatik hasita. Menua ia beti bera izaten da: barraskiloak saltsan, txistorra edo bestelako jaki goxoak, eta postrerik bereziena: gaztaina erreak.

Azken urteetan, ospakizuna eskoletara ere zabaldu da. Ikastetxeetan gaztainak banatzen dituzte, eta ikasleek bertsoak kantatzen dituzte, ohitura belaunaldiz belaunaldi transmititzeko.

Gaztainerre AEK euskaltegian 

Baina haurrak ez dira kantuan aritzen diren bakarrak. AEK euskaltegiak ere urtero antolatzen du kantujira herrian zehar, ikasleekin eta herritarrekin batera. Aurten ere, arratsaldeko 19:00etan dute zita Paloma tabernan, eta handik abiatuta, Euskal kantak abestuko dituzte Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleen laguntzaz, Eibarko erdigunean zehar (urtero auzo desberdin batera eransten dira). Kalejiran giroa berotutakoan, merienda antolatu du euskaltegiak Depor elkartean. Herritar guztiak daude gonbidatuta.