Argiak piztearekin batera ekin diote Gabonetako kanpainari herriko dendariek

Argiak piztearekin batera ekin diote Gabonetako kanpainari herriko dendariek
2018/11/28 11:12
eta kitto!
Atzo arratsaldean Gabonetako argiak pizteko Eibarko Bizikleta Plazan egin zen ekitaldiarekin ekin zioten Gabonetako kanpainari herriko dendari eta ostalariek. Eibar Merkataritza Gune Irekiak sustatuta, eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, datozen asteotarako hainbat jarduera berezi antolatu dituzte. Umeen artean oso harrera ona izaten duen txiki parka aurten ere Astelena frontoian zabalduko dute abenduaren 22an eta, 26tik aurrera, Gabonak igaro arte egunero zabalduko ditu ateak, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Txiki parkera doan sartzeko txartelak kanpainarekin bat egin duten dendetan banatuko dituzte, gutxienez 20 euroko erosketa egiten dutenen artean. Horrekin batera, Txaltxa Zelaian, Urkizun eta anbulategiko parkean barrakak ipiniko dituzte eta, horietan doan ibiltzeko bonoak ere erosketak egiterakoan eskuratzeko aukera izango da. Udalak sustatuta martxan dagoen “Errebal Bizirik” kanpainaren barruan, bestalde, kale animazioa egingo da abenduaren 15ean eta 22an.

Erosketa-bonoak, astelehenetik aurrera salgai

Azken urteotan egindakoaren bidetik, aurten ere 40 euro ordainduta 50 euro gastatzeko aukera ematen duten bonoak ipiniko dituzte salgai. Interesa duenak astelehenetik aurrera EMGIren bulegora joan beharko da (Untzaga, 7) bonoa erostera. Eskaintza honek bakarrik Eibarren erroldatuta daudenentzat balio du eta NAN edo errolda-agiri bakoitzeko bono bakarra eros daiteke.

Eta Gabonen inguruko promozioekin amaitzeko, Eibarko Dendarien Elkarteak 40 lote oparituko ditu, zerbait erosi eta elkarteko txartelarekin ordaintzen duten bezeroen artean. Gabonetako kanpainaren hasiera ekitaldiko BIDEOA:

https://youtu.be/ptcBRC6Hs_c