Uztailaren 22ra arte eman daiteke izena Heldu! ekintzailetza programan
Uztailaren 22ra arte zabalik egongo da Heldu! Eibarko ekintzailetza programaren laugarren edizioan izena emateko epea. Ideia berritzaile bat izan eta bere enpresa-proiektua Eibarren garatu nahi duen edonork parte har dezake HELDU! Programan. Ekimena Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatzen du, Debegesa garapen-agentziarekin lankidetzan, eta enpresa-asmo bat duten pertsonei lagundu eta gidatzeko dago pentsatuta.
Proiektu parte-hartzaileen hautaketan hauek dira lehenesten diren lerroak: doitasun ingeniaritza, industriari lotutako zerbitzuak, 4,0 industria, klima aldaketa eta energia jasangarria, eta kirolari aplikatutako teknologiak, bai eta berritzailetzat jo eta Eibarren gara daitekeen beste edozein ideia ere.
Programa honen bidez, parte-hartzaileek 100 ordu baino gehiagoko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute profesional adituen eskutik. Azpimarratu behar da programa oso praktikoa dela eta emaitzak lortzera bideratua dagoela. Parte-hartzaileek beren ideiak aztertu eta garatzeko lan egingo dute, lanpostu berriak sortu eta Eibarko ehun ekonomikoa indartuko duten proiektu bideragarriak abian jartzeko.
Informazio gehiago Debegesako atariko atal honetan aurkituko duzue.