Arraguetako etxeak eraitsi arte kaleak itxita jarraituko du eta trafikoan aldaketak egongo dira

Arraguetako etxeak eraitsi arte kaleak itxita jarraituko du eta trafikoan aldaketak egongo dira
ETA KITTO 2019, Aza 14

Arragueta kalean, 15. zenbakia duen etxearen zati bat bertan behera erori zen atzo eguerdian eta, horrek eraginda, kalea trafikoarentzat ez ezik oinezkuentzat ere moztu zuten, kalera jausitakoa garbitu eta segurtasuna bermatu bitartean. Udaletik jakinarazi dutenez, aldameneko bi etxeak (11. eta 13. zenbakiak) eraisteko beharrak hasita egon arren, istripua gertatu arte ez zegoen aurreikusita 15. zenbakia eraistea, baina etxea egoera txarrean zegoela bazekiten lehenagotik ere. Hain zuzen ere, bertan bizi zirenak urriaren hasieran jakinarazi zioten Udalari hormetan arrakalak agertu zirela eta, harrezkero, pitzadura gehiago azaltzen ote ziren kontrolatzen ziharduen teknikariek. Hain zuzen ere, martitzenean egoerak okerrera egin zuela ikusita, badaezpada etxetik etara zituzten bertako bizilagunak eta, horri eskerrak, atzo teilatua hondoratu eta horma zati bat erortzerakoan etxea hutsik zegoen eta ez zen inor zauritu. Hala ere, eraikina oso kaltetuta dagoela baieztatu eta gero, hori ere eraustea erabaki du Udalak. Bien bitartean, 17. zenbakian bizi direnak Eibar eta Ermuko hoteletara eraman dituzte, aldameneko etxea bota eta eurenera bueltatzeko arriskurik ez dagoela ziurtatzeko moduan egon arte.

Hiru etxeak lehenbailehen eraitsiko dituzte, baina lanak amaitu arte kaleak itxita jarraituko duenez, trafikoan hainbat aldaketa egongo dira eta, Azitainetik sartu beharrean, saihesbidetik sartu beharko dira automobilak, gero EstaziƱo kalera irteteko. Horrekin batera, autobusak ez du geldialdirik egingo Azitain eta Urkizuko geltokietan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »