A8 autobidearen ertzeko panel akustikoen proiektua urte amaierarako prest izatea espero du Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak urte amaierarako prest izan nahi du Mendaroko A8 autobidearen ertzean panel akustikoak jartzeko exekuzio-proiektua, obrak lizitatu ahal izateko. Eider Mendoza diputatu nagusiak eman du aurrerapena gaur Mendaron egindako Diputatuen Kontseilu ibiltariaren ostean, eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eman ditu xehetasunak. Barrenak jaso duenez, proiektuaren idazketa-lanak amaitzear dituzte.
Aurreikusitakoaren arabera, 300 metro inguruko panel akustikoak jarriko dituzte A8aren ertzean, bi zatitan: Plaza auzoaren parean batetik, eta Azpilgoetaren parean bestetik. Mendaron aspaldidanik eskatzen ari diren jarduketetako bat da, autobideko trafikoak eragiten duen zarata arintzeko.
Altzola-Mendaro bidegorria
Mendaroko gaurko bileraren barruan, eskualdeko beste azpiegitura batzuk ere izan dituzte hizpide. Altzola eta Mendaro lotuko dituen bidegorriaren proiektua idazten ari direla azaldu du Mendozak, eta Aldundiak gauzatzeko konpromisoa duela adierazi du.
Diputatu nagusiaren esanetan, herritarren eskaera garrantzitsua da eta bidegorriak ekarpen handia egingo du mugikortasunaren, jasangarritasunaren eta aisialdiaren alorretan, baita bi herrien arteko loturan ere.
Garagartzako uholde-arazoari dagokionez, Aldundiak eta Udalak elkarlanean jarraitzen dute irtenbide bat bilatzeko. Mendozak azaldu du esku-hartzeak milioi bat euro inguruko inbertsioa eskatuko lukeela, eta Aldundia laguntzeko prest dagoela. Udalak bi ekaitz-tanke eraikitzea aurreikusten duen proiektua idatzita du, eta obrak zatika egitea aurreikusten du. Enetz Ezenarro alkateak, bere aldetik, erakundeekin gaia lantzen jarraitzen dutela eta espero duela “desataskatzea” adierazi du.
Sarbide berria, aurrerago
Mendarorako sarbide berriaren proiektua ere idatzita dago, baina ez da epe laburrean gauzatuko. Mendozak azaldu duenez, hamar milioi eurotik gorako inbertsioa eskatzen du, eta Aldundiak beste jarduketa batzuk lehenetsi ditu une honetan. Hori dela eta, aurrerago ekingo diote proiektuari.
Bien bitartean, legealdi honetan bi obra nagusi gauzatu dituzte Mendaron: herrigunea N-634 errepidearekin lotzen duen zubia berritu dute eta Azpilgoetako autobus geltokia egokitu dute. Zubiaren birgaikuntzan 2,5 milioi euro inguruko inbertsioa egin du Aldundiak; autobus geltokiaren obrek, berriz, 153.632,42 euroko kostua izan dute, eta Udalak beste 5.878 euro jarri ditu markesina egiteko.
Diputatuen Kontseilu ibiltaria
Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Mendaron egin du gaur 25. bilera ibiltaria. Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, ekimenaren helburua da Aldundiaren jarduna lurralde osora gerturatzea eta udalerrien beharrak bertatik bertara ezagutzea.
Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak ere elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, bereziki baliabide mugatuagoak dituzten herri txikien kasuan. Debabarrenaren garapen ekonomikoa eta zerbitzuak indartzeko beharra nabarmendu du, herritarrek eskualdean bertan bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten.
Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean, diputatu guztiek Chocolates de Mendaroren lantegia bisitatu dute. 1850etik martxan dagoen enpresa “herriko altxorra” dela nabarmendu du Mendozak.