ONCEk ikusmenaren inguruko errealitate desberdinak ezagutzeko ekintza egingo du barixakuan

Simulazio-betaurrekoen bidez, garraio publikoa erabiltzean sor daitezkeen zailtasunak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, 12:30ean, Untzaga plazan.
ONCEk ikusmenaren inguruko errealitate desberdinak ezagutzeko ekintza egingo du barixakuan
2026/09/15 15:58
Irati Alvarez Malaxetxebarria

ONCEk sentsibilizazio-ekintza egingo du barixakuan Eibarren, ikusmenaren inguruko errealitate desberdinak eta garraio publikoa erabiltzean sor daitezkeen zailtasunak ezagutarazteko. Jarduera 12:30ean egingo dute Untzaga plazan, Europako Mugikortasunaren Astearen barruan.

Parte-hartzaileek hainbat ikusmen-egoera simulatzen dituzten betaurrekoak erabiliko dituzte, besteak beste, erretinosia, glaukoma eta miopia magna. Ondoren, garraio publikoan moldatu beharko dute, ONCEko langileen jarraibide eta azalpenekin. Horrela, eguneroko joan-etorrietan ikusmenaren arabera sor daitezkeen zailtasunak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute.

Jardueran ONCEko errehabilitazioko teknikariek ere parte hartuko dute. Profesional horiek pertsona itsuei eta ikusmenarekin lotutako zailtasunak dituzten pertsonei ingurune desberdinetan modu autonomoan mugitzeko teknikak irakasten dizkiete.

Ekintza ONCEk Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin eta Eibarko Udalarekin elkarlanean antolatu du. Helburua da garraio publikoan egon daitezkeen oztopoak ezagutaraztea eta irisgarritasunaren garrantzia nabarmentzea.

Garraio publiko irisgarriagoa

Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak garraio publikoak pertsonen autonomia bermatzeko duen garrantzia nabarmendu du. Haren esanetan, garraio publikoa funtsezkoa da osasuna, hezkuntza, lana eta aisialdia bezalako arloetara iristeko, eta pertsona guztiek erabiltzeko modukoa izan behar du.

Jon Iraola Eibarko alkateak, berriz, hiri irisgarriago eta inklusiboago baten alde aurrera egiten jarraitzeko beharra azpimarratu du. Haren arabera, ostiraleko ekintzak egunerokoan sor daitezkeen zailtasunak hobeto ulertzeko eta oztopoak ezabatzeko beharra ikusarazteko balioko du.

Nico Verdejo ONCE Eibarko zuzendariak herritarrak barixakuko jardueran parte hartzera gonbidatu ditu. Haren esanetan, irisgarritasunerako beharrezkoak diren neurri eta laguntzek pertsona guztiei garraio publikoa eta eguneroko jarduerak modu autonomoan egiteko aukera ematea dute helburu.